Renon ginen joan den abenduan. Urte erdirako Bilbora zentozela esan zenidan, aspaldi abiatu zenuen lanari segitzeko asmotan: hiriaren gaineko ikerketa antropologikoa, alegia. Hondakinak eta beste. Hemen zinela, su-etena. Beste hondakin batzuk aztertu dizkiguzu azken hilabeteotan: ETArenak.Egia esanda, batere uste ez nuela idatzi dut liburua. Aurreko udan zerbait idazten hasi nintzen gai beraren inguruan baina ez zitzaidan gustatu. «Ez zidak irten! Ez dik garaia izango, nonbait!». Eta baztertu egin nuen. Orain, aldiz, liburua egin dut. Askotan gertatzen da horrela. Niretzat ere asko espero gabea izan da. Alberdania argitaletxekoei zor diet hori. Deitu ez balidate, gogorarazi ez balidate lehen ere agindua niela lan bat biolentziaren inguruan, ez nuen liburu hau idatziko.
Liburuaren hasieran eta amaieran, ideia bat: pizkundea.Bilbo aztertzen daramat hainbat urte eta gaur egun Bilbo hiri berpiztua da. Guggenheimen eta besteren inguruan berpiztua. Pizkundearen kontzeptuari dagokionez, berriz, jakina da kristautasunaren ardatzetako bat izan dela. Kristautasuna galdu genuenok ere horixe galdu genuen: berpizkundea. Horren inguruan egin ditudan irakurketa gogokoenak baliatu ditut liburu honetan: Norman O. Brown-ena, adibidez, edo Alain Badiouk San Pabloren inguruan idatzitakoa. Esate baterako, Badiouk pizkundearen inguruan egiten duen fikzioa, interpretazioa, harrigarria da. Fikzio horren indarrak harrapatu egiten nau. Alegia, federik ez dugunok ere berpizkundearen ideia eta errealitatea bizi ditzakegula azaltzea, iraultza bat izan da niretzat.
ETA dela eta ez dela, zuen gaztetan ETAk legitimazio osoa zuela diozu, Burgosek emandako legitimazioa... Nerabe ginenean ETArekin erabat identifikaturik bizi ginen, Burgosko epaiketaren garaian, berriz, erabat idealizatu genuen. Epaiketa hark legitimazioa eman zion, hemen ez ezik baita nazioartean ere. Francoren kontrako borroka zen ordukoa. Garai hartan Londresen nengoen ni eta hango manifestazioak ikustekoak ziren. Europa modernoak onartu egin zuen ETAren borroka. Sasoi hartan ez zegoen ETAren kontrako aitzakiarik. ETAk egiten zuenik ez zen desegoki. ETA libertatearen eta demokraziaren aldeko borroka zen. Txabi Etxebarrietaren ETA zen, sakrifikazioarena. Bizitza eman beharra zegoen, eta hil beharra. Indar handiko eredua zen.
ETAn sartu ez zirenei buruz ere badiozu zer edo zer. Sartu ez ginenok zikiratuak ginen. Badakit gaur egun jende asko ez dagoela horrekin ados. Bilbon bertan egona naiz txoko batean, esan nuen hori, ETAn sartu ez ginenok zikiratu bezala bizi ginela, eta berehala jaso nuen erantzuna: «Hori Itziarren izango zuan! Hemen Bilbon ez zuan horrelakorik!».
Gero, ETAk egindako hainbat hilketaren ondoren, fedea galdu zenioten. Bai. Horixe gertatu zitzaigun. Eman dezagun ezagutzen duzula pertsona bat, ona eta zintzoa, edo ez duzula ezagutzen baina badakizula zer balio duen. Eman dezagun Yoyes bat, edo Ernest Lluch bat. Edo eman dezagun beste edozein, kasuak bereizi gabe. Halako batean, garaia heltzen da eta esaten diozu zeure buruari: «Honek ez zaukak justifikaziorik! Hau aberrazio hutsa duk!». Hori esaten diozu zeure buruari baina, bestalde, badakizu hiltzen dabiltzan horiek ez direla ari besterik gabe krimenak egiten, ez direla besterik gabe kriminalak, fededunak direla, edo eroak. Abrahan zen bezala. Horregatik jotzen dut hainbestetan Abrahanen parabolara liburuan. Kierkegaardek testu zirraragarria dauka horri buruz. Parabolaren lau bertsio ematen ditu. Azken finean, zeure semea hiltzea agintzen dizun jainkoak ez du federik merezi, jainko krudela da, ez duzu zeuretzat nahi, arbuiatzera iristen zara.
Fedea galdu jainkoarengan, fedea galdu ETArengan. Galtzeko modukoa da. Nik uste horrelako zer edo zer gertatu zaigula guri ETArekin. Nire saiakera honetan gure belaunaldiak bizi izan duen sakrifiziozko kultura horri legitimazioa kendu nahi izan diot, esanez: kitto!
Idatzi duzunez, Espainiako Estatuaren aurka eman zuen bizitza Etxebarrietak eta beste hainbatek. Estatuak uste baino indar txikiago duela ageri da zure tesian. Ez dela bizitza zuzentzen digun anaia nagusia; «Beste» nagusia, Jacques Lacan pentsalariaren hitzetan. Nik zera diot liburuan, gaur egun, ez duela zentzurik pentsatzeak Espainiako Estatua dela euskaldunon bizitzak eta heriotzak kontrolatzen dituen «Beste» nagusi hori.
Soldaduskara joatea nahitaezko zenean, ikasketa guztiak gaztelaniaz egin behar zirenean, komunikabideak kontrolatuta zeudenean, pasaportea lortzea arazo zenean... orduan baietz, bazela «Beste» nagusi hori. Lehen bai. Baina gaur egun? Euskaraz ez ikastea edo ez hitz egitea ez da «Beste» nagusi baten kulpa, gure erantzukizuna baizik. Hala ere, badakit zenbaitek kontu hauek nire lañotasun edo sineskortasunaren naif horren seinaletzat hartuko dituela. Ulertu ere egingo nuke esango balidate ez naizela errealitatean bizi. Kontrako iritzi hori ere oso gogoan izan dut joan deneko aspaldian, baina hala ere, azaldu dudan uste horretakoa naiz. Estatuaren mamu hori gure baitakoa da. Horretarako, Jacques Lacan-en teoriatik abiatu naiz, boladan dagoen teoriatik. Berak gizarte gaiak eta erlijio gaiak aztertzeko asmotan formulatu zuen teoria. Politikari eta estatuari dagokionez, erakundeak daude, legeria, bete beharrekoak, arauak... bai, jakina. Baina absoluturik? Gure izaera justifikatzen duena, gure azken ona eta txarra adieraziko dizkiguna, gaitz guztietatik babestuko gaituena, gure barruko espektro, beldur eta desiren azken iturria... hori ez da estatua. Eta, egia, hori esateak exorzismo indar handia dauka; oso askatzailea da gu euskaldunontzat. Estatu horrek duen indar handiena zera da, gure barruan sartuta egotea mamu handi bat balitz bezala. Estatuak egundoko boterea duela sinestea da gaitzik handiena. Ez dago zertan sinestu.
Michael Keating-i hartu eta liburuan ezarri duzun baieztapen osasungarria: «Nazioek ez dute Estatu bihurtu behar autogobernua lortzeko». Horretan, Estatuaren alderdi espektral eta psikoanalitikoa aztertzen dut nik. Alegia, haren dekonstrukzioa egiten dut, Manuel Castellsek edo Michael Keatingek bezala. Azken batean, zera esan nahi dut: estatu-naziotik harantzago ere badagoela estatu bat. Askok bestela pentsatuko du, eta zilegi du. Baina hori da nire jarrera eta nik egiten dudan formulazioa, hainbat autorerekin batera.
Estatua ez da hebaintzen duzun kontzeptu bakarra. «Estatua», «independentzia», «subiranotasuna»... erasopean daudela diozu. Beren edukiak uste baino irristagarriago direla. Nahikoa da egunkariak irakurtzea horretaz jabetzeko, zer nolako «subiranotasuna» dagokion gaur egun edozein Estaturi. Barre egiten dut Estatu batek subirano dela esaten duenean. Subirano, ekonomian? Politikan? Estatuak horixe nahiko luke, nik hori sinestea, bera subirano dela, alegia. Baina ez da. Barregarria da hori uste izatea ere. Bai, badago subiranotasuna... baina sinbolikoa da. Michael Keating nazionalismoen argudioak begirune handiz lantzen dituen pentsalaria da. Oso barrutik, oso sakon aztertuak ditu nazionalismoen eta estatuen inguruko gaiak eta bere ondorioa da mundu post-subiranistan bizi garela.
Bide batez, dena da «post-« zure liburuan. Formulazioak dira, formulazio sofistikatuak, baina hortik jotzen dut nik ere. Hala ere, nik ez dut esan nahi subiranotasunaren alde borrokatu behar ez denik. Jakina borrokatu behar dena!, baina subiranotasun nozio hori bera erlatibizatu, gaurkotu, egokitu, post- egin behar dugu. Nozioa aparte utzi ez, gaurkotu baizik.
Euskaldunentzako gauza handia litzateke hori. Bestelako lanetan jar genezake indarra. Baietz uste dut nik! Alegia, jakitea gure autogobernuaren jabe garela, ez al da ederra? Hara, Estatuari armadak ematen dio gorputza. Guk zer egin behar dugu, armada osatu Europan sartzeko? Horrek ez du bururik. Aldiz, geure buruari esango bagenio autogobernu osoa daukagula, gure baliabide denak kontrolatzen ditugu -funtsean, horrela da!-, eta, hortaz, zertan ez esan geure buruari: «Autogobernua daukagu!». Gure herri barrura begira balio du. Kanpora begira, ordea, hortxe gure ahulezia: Estatu ez izateak ez digu uzten NBEko kide izaten, edo geure selekzioak izaten, esate baterako. Baina hor ere gauzak ez dira hain zuri eta beltz. Informazioaren gizartean beste mila modu daude euskaldun azaltzeko: geure izatea dugu, geure hizkuntza, geure hezkuntza sistema... Baina, dudarik gabe, hori munduari erakustekotan, Estatu izateak erraztu egiten du dena.
Liburuan baduzu atal bat hona ekarri nahi dudana: «Zarraren golik onena: su-etenaren etika». Atearen aurrean gola sartu besterik ez, kontrarioa min hartuta ikusi eta baloia kanpora bota zuenekoa. Zarrak arau guztien gainetik jokatu zuela goraipatu duzu. Uko golari. Edo su-etena. Behartuta aginduko zuen su-etena ETAk. Salbuespen egoeran bizi izan da beti eta, nonbait, ondoriora etorri da: «Salbuespen egoera horrek ez du gaur egunean merezi. Alderdien esku uzten dut egoera hori, euskal gizartearen esku». Horixe egin zuen Zarrak ere, gola sartzeari uko, joko arauak hautsi, beste joko bat jokatu behar delako. Zeuri dagokizun libertate eremua besteri emanez, askatasuna irabazten duzu. Logika hori da. Horrela ari da Slavoj Zizek pentsalaria. Aldatu egin da egoera etikoa: lehen dena eman behar zen kausaren alde; orain, aldiz, kausa bera ere entregatu egin behar da. Fedearen arloan ere, kristautasunaren altxorra geure artean gordetzeko, betiko formulazioa baztertu beste erremediorik ez dago, formulazio zaharra gainditu. Barkamenari buruzkoa bezala. Ikuspegi berri bat da, askori abstraktuegia irudituko zaiona, pseudoerlijiosoa, baina horiexek dira Lacanengandik, Hegelengandik eta beste zenbaitengandik datozen ideiak. Zizek, Butler, Badiou, Laclau... horrela ari dira pentsatzen.
Barkamena aipatu duzu. Hara hor beste gai bat, korapilatsua. «Subiranotasunik gabe ere barkamena eman oker egin digutenei, eta, subirano bagina bezala barkamena eskatu geuk oker egin diegunei, hara hor ez-ohiko euskal politika». Ez dakit behar bezain egoki formulatu dudan barkamenari dagokion atala. Ezin da barkamenaren politikarik egin. Barkamena politikatik harantzago dago. Instante bateko gehiegikeria bat da, graziazko momentuan egiten den zerbait, pertsonok daukagun ahalmena, «iragana gertatu ez balitz bezala» egiteko zera hori.
«Ezin da barkamenaren politikarik egin». Barkamena ardatz harturik politika egiterik ez dagoela esan nahi dut. Barkamena legetik eta justiziatik harantzago dago. Instante bat da, misterio bat, exijitu ezin dena. Hemen, kristau ohitura handiagatik badugu barkatzeko tradizio hori eta beharbada ez dago lehengo elkarbizitzara itzultzeko beste modurik. Baina barrutik irten behar dio norberari, ezin da kanpotik agindu. Barkamen eskea kanpotik inposatzea umilazioa da, botere ekintza, eta barkamenak ezin du botere ekintza izan.
«Ahotsak» mugimendua goraipatu duzu liburuan, haren jarrera: «Irabazi behar duena ez da nire alderdia, gizartea baizik». Alderdi barruko militantzia baino inportanteago zaie militantzia kolektiboa. «Bakoitzak amore eman behar du, denok irabazteko», hori da inportantea. Alderdiak irabaziko duena baino inportanteago da denok irabaztea. Hori jaso diot nik «Ahotsak» mugimenduari, asmo horri forma emateko konpromisoa. Hori dute helburu. Kontuan hartu alderdikideen kritikak ere jaso dituztela zenbait kasutan baina beraien jarrerari eutsi diotela. Kritikatu egin dituzte. Ezin dute onartu alderdia baino inportanteagorik, edo alderditik kanpo dagoen politika berririk.
ETAren hautsa dugu liburuaren izenburua eta «zer egin ETAren hondakinekin?», zure galdera. Azkuek kontatzen zuen baserrietako ohitura ekartzen diguzu gogora zure lanean: Gabon gauean, haustegiko errautsa hartu eta soroan zabaltzen zen. San Joan suaren hautsa ere sendagarri zen. Xabier Leteren Izarren hautsa ere liburura aldatu duzu, Mikel Laboaren doinuan. Hondakinen hautsa, bizigai. Errautsen berpizkundea esaten dut nik. Lete eta Laboaren izarren hautsa. Jende askori ez dago hori proposatzerik ere. Ez litzaioke gustatuko. ETA beneno huts bezala ikusten dute. Nire ustez, azken boladan bai, pozoia izan da, baina ETAren hasierako hura askatasun promesa zen. Gure umiliazioaren, gure hondamendiaren kontraesanak formulatzen asmatu zuen ETA hura, nazionalismoa formulatu zuena, ETA haren hautsak bizigai izan litezke gaur egunean; hasierako kontzeptu haietara joanda, alegia. Horrekin batera, hainbeste jenderen sakrifizioak, aberriaren alde bizitza eman duten horiek ez dira alferrik galdu. Gure erronka da sufrimendu hori egoera berri honetan bideratzea. Errauts horiek bizigai egin behar ditugu, gaurko egoeran, eta giza sakrifizioaren uste eta mentalitatetik harantzago. Lehengo mitologia berreskuratu eta gaurkotu behar dugu. Gure antagonismo zaharrak gainditu.