argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko otsailaren 21a
Jose Luis Lekuona Lexoti zendu berri da, 79 urte zituela. Eskola zaharreko bertsolarietan azkenetakoa zen, sagardotegian bertsotan ikasitakoa eta lagunartean franko kantatutakoa. Auspoa bildumak bi liburu eskaini zizkion: Lexoti bertsolaria (1982) tartean.

Asun Balzola (Bilbo, 1942) ilustraziogile eta idazlea zendu zen joan den astean. 60ko hamarkadatik, makina bat euskal idazleren lanak ilustratu zituen: Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta... eta dozena bat liburu idatzi.

David Barberoren Misa de Boda antzezlana lehiaketatik kanporatu dute Mexikoko Semarat jaialdian, eliza katolikoareriko errespetugabea dela iruditu zaiolako epaimahaiari. Antzezlana taularatu duen taldeak jaialdiko bi sari nagusietako bat jaso zuen, Barberoren El peor enemigo de la mujer lanarekin.

Aukeran dantza taldeak Bideak mitoen gaineko ikuskizuna estreinatuko du uztailaren 13an, Donostiako Antzerki Ferian. Aurreko bi ikuskizunen bidetik, Edu Muruamendiarazek zuzendutako lanak dantza tradizionala du oinarri eta ukitu garaikidea du.