argia.eus
INPRIMATU
Hitz Bitan
2021eko uztailaren 19a
Mariasun Landak Noticias de Gipuzkoari esanak: «Nik unibertsitatean egiten dut lan, ez daukat egun osoa idazten emateko aukerarik eta ez zait axola. Distantzia hori, lansaria, modus vivendi hau literaturaren aldekoa da: ez daukat idazten dudan horretatik zertan bizi. Eta edozer gauza ere ez daukat idatzi beharrik. Edo bizitza osoa hitzaldia non eskainiko dudan bilatzen igaro beharrik. Ofizioa kendu baina askatasun gehiago ematen dit».

Joxe Portela Ibaiako lehendakariak Garari: «Oso garrantzitsua da industria sendo bat edukitzea, kulturan ekoizpen propioa izatea. Azken finean, ikus-entzunezkoen bitartez istorioak kontatzen ditugu eta industria propioa baldin baduzu, zure istorioak kontatuko dituzu, bestela, badakigu zer daukagun, beste herrialdeetatik datozkigun istorioak eta berekin barruan dakarten guztia».

Fermin Muguruza Entzun!en: «Diskoak ez direla saltzen diote, baina norbaitek azaldu behar dit zergatik zabaldu berri duten musika denda handi bat Donostian, beste bat zabalduko duten Bilbon, zergatik Virgin iritsi den Baionara. Ez badira diskoak saltzen zergatik horrelako mugimenduak? (...) Azterketa zehatz bat egiteko garaia da, eta musikaren munduan autokritika egiteko garaia».

Joxemari Carrerek honakoa idatzi zuen antzerkiaz Hikan: «Beharrezkoa da ikuskari profesionalak antolatzea, gozatzeko parada emateaz gain (ez beti), ikasteko bidea ematen digutelako ere; baina hori bezain beharrezkoa da edozein herritar bere zaletasunen subjektu aktiboa izatea. Gaur egungo antzerki politikek ez dute halakorik bideratzen, ikastaro formal batzuen bitartez ez bada».