argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 19a

A ereduan ezin

Sopelako 20 urteko neska batek kalte-ordaina eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ikastetxe publiko batean A ereduan ikasi eta euskara maila txukunik lortu ez duelako. Orain Erizaintza ikasten ari da eta Eusko Jaurlaritzaren oposizioak gainditzeko euskara behar du. Euskaltegian ari da euskara hobetzen eta irakasleek esan diotenez, lau urte beharko ditu EGA gainditzeko maila lortzeko. 10.600 euroko kalte-ordaina eskatu du euskaltegiko gastuak eta euskara ikasteko behar duen denbora kontuan hartuta.

Ahozko epaiketa egin da jada eta Iñigo Santxo ikaslearen abokatuaren esanetan, sententziak arrazoia emanez gero, «A ereduaren amaieraren hasiera izango litzateke» eta salaketa gehiago eragingo lituzke ziurrenik.


Kontseilutik

Kontseiluak kaleratu berri du Kontseilutik izeneko aldizkariaren lehen zenbakia. Euskararen erabileraren inguruko azterketak plazaratuko ditu argitalpen horrek. Lehen zenbakirako produktuen etiketatzearen gaiari heldu dio eta produktu bakarra hautatu dute ikusteko ea euskarak nolako presentzia duen. Jogurtak ekoizten dituzten bederatzi enpresa euskaldunak zein atzerritarrak aztertu dituzte. Aldizkaria Kontseiluko laguntzaileek, konpromisoak hartu dituztenek eta bazkideek jasoko dute, baina Kontseiluaren web gunean ere irakur daiteke (www.kontseilua.org).


Batasunaren lege proposamena

Euskara egoera larrian da Batasunaren ustez eta horregatik Nafarroako Parlamentuan joan den astean hizkuntza berreskuratzeko lege proposamena erregistratu zuen. Aste honen hasieran Eusko Legebiltzarrean beste hainbeste egitekoa zen. Batasunaren helburua euskara toki guztietan ofizila bihurtzea da. Batasunak esan duenez, «Iraganeko errezetek ez dute balio eta aro politiko berrian hizkuntza politika berria behar da».


Lingu@net Europa

Web gune horretan euskara eta beste 20 hizkuntza ikasi eta irakatsi ahal izango dira doan. HABE, Lingu@net Europa martxan jartzeko elkarlanean aritu da. Katalogatutako 3.500 baliabideetara sartzeko aukera eskaintzen du Lingu@net Europak, gehienak hizkuntzak ikasten ari direnentzat zuzenduak. Guneak, batetik, hizkuntza modernoak ikasteko eta irakasteko on-line dagoen informazioaren berri ematen du eta bestetik, horretarako esteketarako loturak eskaintzen ditu.(www.linguanet-europa.org)