argia.eus
INPRIMATU
Delitu ekonomikoak
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 20a

Azken asteotan, euskal zein erdal herritarrek delitu ekonomiko, finantzario eta urbanistikoekin zerikusia duten lanen berri izan dute. Mila milioika euro jokoan, iruzur eta espekulazioen artean. Eraginak, milaka herritarrengan, bai aurreztaile eta inbertitzaile xumeengan bai euren zergak ordaintzen dituztenengan, betiko «azkar» batzuen onuran xahutuak ikusten dituztenak. Kasu berrienak Marbellakoa eta Forum Filatélico eta Afinsa bezalako inbertsio-elkarteenak dira. Azken eskandalu honetako eragindunen artean 15.000 euskaldun daude. Iruzurreko galerak eta enpresa batzuen ordainketa-etendurak ere delitu ekonomiko multzo honen parte dira. Gescartera, Eurobank, AVA, Brokers, Fidecaya, Banfisa eta abar dira azken 25 urteotan izan diren iskanbiletako batzuk. Zenbat arduradun daude espetxean? Baten batek hilabeteren bat pasa zuen... edonola ere, inork ez zituen kartzelan urteak eman delitu ekonomiko horiengatik. Ezin konpara daitezke gure euskal gazte erreboltariei ezarritako zigor gogorrekin. Arazoa Kode penalean datza, kapitalaren interesei makurtua, beste alde batera begiratzen duten epaileek ezartzen dutena. Premiazkoa da Kode penala aldatzea eta gogor zigortzea lepo-zuridun gaizkileak.