Jose Manuel Lujanbio 1860an Latxe baserrian jaio zen, gaurko ibilbidea hasi eta bukatuko dugun inguruan. 13 urte geroago, berriz, Errenteriako Txirrita baserrira joan zen familia osoa eta hortik hartu zuen ezizena.
Hargin oso ona omen zen, aritzen zenean. Bere lan filosofia esaldi honetan laburbiltzen zuen: «lan asko ez dek ona. Eta gutxi ere ez dek, ba, ederra. Onena batez!».
Pello Errota, Hernaniko Olegario eta bere garaiko gainerako bertsolariekin herriz herri ibili zen bertsotan. Paulo Ttikia izan zen Hernaniko bertsolarietan, maisu zaharrarekin kantatu zuen azkena. 1936ko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta idazten eta irakurtzen ez bazekien ere, utzi duen bertso jarrien altxorra aberatsa da kopuruz, eta parekorik gabea mailaz -denak eskura dituzue www.armiarma.com helbidean-. Harrigarria da, gainera, bertso jarri hauetako askok duten pisu historikoa eta gaurkotasuna, aldi berean. Zorrotz eta sakon, jolasti eta kritiko... hirurogeita hamar urte eta gero bizirik dagoen oroimena da Txirritarena. Bi bertso hauetan lehen plaza du gogoan, Ereñotzukoa:
Milla zortzireun irurogei ta
amalau urte urrian,
lenengo plazan kantatu nuen
nik Ernani'ko lurrian,
San Antonio deitzen diyogun
ermita baten aurrian,
lagunak alkar ixtimatuaz
lengo oitura zarrian.
Gazte-gazterik asi nitzan da
orañdaño bitartian
zenbait umore eder jarri det
Kantabria'ko partian;
pixka batian ez naiz aztuko
sartuagatik lur-pian,
nere aitamenak izango dira
beste larogei urtian.