argia.eus
INPRIMATU
PP bere bakardade jendetsuan, Zapatero aurrera (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuenetik jakina zen PPren orduko jarrera zuhurraren amaiera denbora kontua besterik ez zela. PP bere ohiko Brunete jantziz atera da bake prozesua oztopatzera, baina oraindik ez dago guztiz argi oztopatze hori nola jantziko den. Euskal eta espainiar lurretara egin berri duen bisitan, Gerry Adamsek esan zuen UUP alderdi unionista nagusiak parte hartu izan ez balu, gaitza zatekeela Irlandako bake prozesua aurrera ateratzea. Horrek irakurketa oso gaiztoa du Euskal Herriarekiko, baina oraingoz bederen, duela bi urteko Zapatero ahul hura, indar irudia ematen ari da, eta PPrik gabe ere aurrera egingo duela irudikatzen du. Madrilgo AVTren eta PPren manifestazio esanguratsu eta erraldoia hor dago, baina su-etenaren iragarpenaren ostean nazioarte mailatik eta bereziki Europako Batasunetik eta NBEtik Zapaterok jasotako sostenguak ere bai. Datozen bi asteetan Zapaterok Kongresuan ofizialduko ditu ETArekiko elkarrizketak. Oraingoz, beraz, gidoia betetzen ari da.