argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako etorkizuna ilusiorik sortzen ez duen tresna baten eskuetan (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21
Kataluniako estatutu berriak aurrera jarraituko du igandeko erreferendumaren ondoren. Ikusi beharko da zein legitimitate mailarekin (1979ko erreferendumean %59ko partehartzea izan zen), baina azken langa gaindituko du. Ikusi beharko da Euskal Herriko bake prozesuak zer ubide berri sortzen duen herrien eskubideen alorrean, baina gaur gaurkoz, datozen hogei urterako marko berria ezartzen ari da Katalunian. Eta deigarri egiten da horrek Katalunian sortzen duen ilusio maila apala. Azken hilabeteetan etsipena finkatu da Kataluniako herritar askoren artean, are gehiago abertzaleen artean. Baietzak nabarmen irabaziko badu ere, esparru abertzalean egoera berri bat sortuko dela irudikatzen ari da, eta honen gidari naturala ERC izango da, azken hilabeteetan izan duen noraeza itxura zuzentzea lortzen badu bederen.