argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a

Euskararen arrastoak Iruña-Veleian?

Egunkari batzuek hala adierazi zuten ekainaren 9an, Arabako Iruña-Veleia aztarnategian aurkitutako piezetan euskararen arrastoak zeudela. Hala balitz, orain arte aurkitutako euskarazko idatzirik zaharrenak lirateke eta euskararen jatorrizko oinarria Nafarroan kokatzen duen hipotesia bertan behera utziko luke. Ordea, aztarnategiko arduradunek eta baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek ere, euskararen arrastoei buruz zuhurtzia handiz hitz egin behar dela esan dute. Oraindik ikerketa asko dago egiteko.
Arabako Iruña-Veleian munduan parekorik ez duen erromatar garaiko multzo epigrafikoa aurkitu dute. Aurkikuntza pasa den udan egin zuten, baina ekainaren 8an aurkeztu zuten. III. mendean Veleia hirian bizi zen familiak zeramikazko eta hezurrezko hondakinetan egindako inskripzioak dira. 270 idazki eta irudi dira, erromatar kulturako orain arteko aztarnarik garrantzitsuenetakoak. Arkeologoek aztarnetan idazkera hieroglifiko klasikoa agertu izana nabarmendu dute. Duela aste gutxi bigarren multzo epigrafiko bat aurkitu zuten, baina horri buruzko xehetasunik ez dute eman ikerketa ez baitute amaitu.


Greziako Rainbow alderdi politiko mazedoniarrekoak legebiltzarrean

Rainbow alderdi politikoak Greziako gutxiengo mazedoniarrak ordezkatzen ditu. Duela gutxi EAEko legebiltzarren izan dira beraien egoera lau haizetara zabaltzeko asmoz. Rainbowko ordezkariek Greziako erakunde erlijioso, kultural eta politikoen diskriminazioa salatu dute. Pavle Filipox Rainbowko bozeramaleak Deiari azaldu dioenez, Greziako Estatuak mazedoniarren ez kulturarik, hizkuntzarik, ezta identitaterik ere ez du errespetatzen. Adibide batzuk eman ditu Filipoxek. Hasteko, Filipoxek berak adierazi du bere abizena ezin duela erabili Greziako dokumentu ofizialak sinatzeko, Voscopoulos abizen greziarra erabiltzera derrigortuta dago. Alderdiko egoitzan afixak bi hizkuntzatan jartzeagatik auzitegira deitu zituzten. Lehen, poliziak mazedoniarrak zigortzen zituen kalean beraien hizkuntzan hitz egiteagatik. Orain kalean hitz egin bai, baina eskolan ez daukate ikasterik. Filipoxek dioenez, beraien hizkuntza ez da existitzen Greziarentzat. Bestalde, Europar Batasunaren hipokresia salatu du, estatu berriei, sartzerakoan, gutxiengoak eta giza eskubideak errespetatzea eskatzen dielako, baina baldintza horiek betetzen ez dituzten estatu kideei kargu hartzen ez dielako. Grezia eta Frantzia aipatu ditu Filipoxek baldintzak betetzen ez dituzten estatuen artean.