argia.eus
INPRIMATU
Dunak duna
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a

Hondartzak itsusitzen hasi dira. Laster ez da hondar alerik ikusi ere egingo; eta kresalaren gesalaren usainaren gainetik pototan datozen eguzkitarako omen diren ukenduen kiratsak nagusituko dira. Hondartza gehienetan… Badira, ordea, berezko usain gaziari eusten dioten hondar txokoak ere…

Urolaren inguruan Zumaiamin bueltaxka bat aurrekoan. Bertako traineruan gizon gorrien arraunkada hegalariak… errioan baina, hondarretatik urrun. Labarrak eta mendixkak gorabehera, izena ere gorri duen senaiatxoa aurrean, paradisua, baratzuri makatzez eta orkideaz jositako belaze zabal baten onilaren muturrean … Hondartzen inguruetan, itsasoaren termostatoaren luxuari esker, landaretza bereziak.

Baratzuriok beste baterako laga eta etxera bidean topatutako belar bati helduko diot. Zarautz txoroko Inurritza harrigarriko dunetan Festuca vasconcensis bizi da. Belar hau Europa hego-atlantiarreko itsas bazterreko dunatan bizi da eta euskaldunok baina erdaraz eman diogu izena, Fétuque basque diote Frantzian. Inurritzan gain Urdaibain ere, espekulatzaileen artean, bizi ote den entzun izan dut. Euri uraren eta itsasoko haize hezearen eraginez karea erabat galdua duten duna azidoak gustatzen zaizkio, mugitzen ez diren duna geldiak. EAEko espezie babestuen katalogoan zaurgarri edo kaltebera bezala jasoa dago eta Inurritzan behintzat Natura 2000 sarean sartu ondoren, golf pilotatxo egoskorren baten kolpea gorabehera, pakean lagako dutela dirudi.