Udalgintzaz jardun dugu abiapuntuan: EAJ-EA koalizioak -Patxi Basauri alkate izaki- gobernatzen du Elgetan, lau zinegotzi dituela. Aralarrek hiru zinegotzi ditu -bost botora geratu zen koaliziotik-. Elgeta Auzolanian plataformak zinegotzi bat lortu zuen, baina legez kanpo utzi zuten. Alkatetzak ez zuen plataforma onartu eta aulkia bereganatu zuen: «Guk plataformarekin harreman onak ditugu, hasieratik babestu genuen euren eskaera. Orain alkateak batzordeetan parte hartzera deitu ditu Auzolanian-ekoak, sinesgarritasuna irabazi aldera edo, baina boto eskubiderik gabe».
Zein da Elgetako herri gobernuaz egiten duzun balorazioa?
EAJ-EA koalizioak Batasunaren ilegalizazioa baliatu du nahi duen guztia inposatzeko. Harreman txarrak dauzkagu, ez gaituzte errespetuz tratatzen. Gu prest gaude herriaren aldeko proiektuetan elkar lanean jarduteko, herritarren iritziak kontuan hartuko dituen politika egiteko, baina udal honek ez ditu herritarren iritziak aintzat hartzen, alkateak ez daki talde lanean jarduten. Finean, gure proiektuak ez dira kontuan hartzen batzordeetan, legealdia gogorra da eta frustrazio moduko egoera sorrarazi digu, hala ere, gogotsu gabiltza, hurrengo legealdirako alternatiba prestatzen ari gara.
Udalgintzan ari zinela Batzar Nagusietara pausoa eman zenuen. Zer moduz?
Niretzat aldaketa handia izan da. Batzarkide bakarra naiz Aralarren izenean eta gogorra da, baina polita ere bai. Asko ikasten ari naiz. Lan sektoriala interesgarria eta erakargarria egiten zait, politikak eguneroko arazoak konpondu eta betebeharrak asetzeko izan behar baitu. Zoritxarrez, arreta makro-politikara bideratzen da eta azpiegituren eta hondakinen kudeaketarekiko hala nola gai sozialekiko interesa galdu. Herritarrek uste baino askoz gehiago erabakitzen da Diputazioan.
EAJ-EAren Gobernua Diputazioan burutzen ari den legealdiaz zer iritzi duzu?
Legealdi berezia da koalizioak gehiengo osoa duelako. Kea saltzeko moduko legealdia da nolabait. Esaterako, prentsa bidez proiektuak "zabaltzen eta saltzen" ederto dakite: hala nola Hondarribiko aireportuaren eta Pasaiako kanpo-portuaren proiektuak. Baina egiaz, ez dago proiekturik, ez ezer. Gobernu batek proposamenak eta ideiak zabaltzea ondo da, baina ez da serioa etengabeko propaganda zabaltzea ezer konkretatu gabe. Horrek herritarrengan mesfidantza eta segurtasun eza sorrarazten ditu. Irun eta Hondarribia arteko Mendeluko auzotarren kasua adibide bat da. Egun batean aireportua Mendelu auzo aldera handitu behar dela diote, hurrengoan itsas aldera. Baina zer da benetan? Guk dakigula, benetan ezer ez. Gauza bera da Pasaiako kanpo-portuarena.
Hondarribiko aireportuaren inguruan zein da Aralarren alternatiba?
Gure ustez, azpiegiturak ez dira probintziaren ikuspegitik landu behar, ikuspegi global batetik baizik, gurean Euskal Herriko ikuspegitik. Loiu, Gasteiz, Miarritze edota Iruñeko aireportuak ditugu. Gipuzkoako orografiarengatik ezin dugu aireportu handi bat izan. Hondarribiko aireportua natur gune babestuen eta nazioarteko uren artean dago. Azpiegiturak ez dira behar berriak sortzeko, azpiegiturak beharrak asetzeko eraiki behar dira. Gipuzkoan egiten den politika ordea, behar berriak sortzera zuzenduta dago eta hainbat kasutan ez dauden beharrei erantzuteko.
Pasaiako portuaren kasua al da?
Bai. Proiektu hau itsas garraio, trenbide eta errepideen arteko azpiegitura bateratu bat egiteko pentsatuta dago, plataforma logistiko handia eratzen ari da, AHT bertatik pasako delarik. Oarso eskualdean garraio-bideen arteko plana gauzatu nahi dute. Guk, ordea, bailara horrek dituen ezaugarri orografikoak kontuan hartuta, ez dugu zentzuzkoa ikusten kanpoko portua eraikitzea. Adibidez, Bilboko portua dago eta oraindik ez da bere ahalmen osoa erabiltzera iritsi. Aitzitik, Bilboko portuaren edukiera ustiatu gabe Pasaian portu berria eraiki nahi dute.
Nuria Lopez de Gereñu EAEko Garraio sailburuaren iritziz, Pasaiakoa bestelako merkantzia batzuentzat erabiliko da.
Bestelako merkantzientzat? Zertan oinarritzen dute hori? Ez dakite zein merkantzia mota pasako den, hori ez da inon zehaztua, ez dute aztertu ere. Errepideetako merkantzia AHTra bideratuko omen dute, baina merkantzia kopurua hori oso txikia izango da: 1.000 kamioi inguru, egunero 15.000 kamioi pasatzen direlarik. Itsasontziz joango den merkantzia kopuruaren berririk ez dugu, ez dute zehazten. Hasteko, eskaera frogatzen duen txostena landu eta aurkeztu beharko lukete, baina ez dago. AHTra garraioa bideratuko badute, zertarako da orduan Pasaiako kanpoko portua?
Zein argudio duzue AHTri ezetz esateko?
Hasteko, udalei ez zaie behar beste informazio eman. Kalte zuzenak jasango dituztenek ez dute behar bezalako informaziorik jaso, ez da nondik pasako den zehazki ezagutzen. Gipuzkoako ibilbidearen bi herenak tuneletan joango dira. Horrek ingurumenean ez duela kalterik egingo ematen du, baina tunelak egiteko aterako dutena ez da lurra izango, harria baizik. Non sartuko dute? Tunelak egiteko zementua behar da eta harrobiak horretarako ustiatuko dituzte. 2003an 13 milioi tona harri ustiatu zen Gipuzkoan. AHT eraikitzeko bost milioi tona erabili beharko dira. Akuiferoak daude bestalde: zer gertatuko da urarekin? AHT Udalaitz mendiaren azpitik joango da eta sistema karstikoa ukituko dute...
...beste argudiorik?
AHT hiriburuak lotzeko izango da bereziki, eta guk eskualdeen arteko mugikortasuna azkartu eta egokitu beharra ikusten dugu. Gure eskualdeen arteko mugikortasuna %97 da, hiriburuen artekoa %3 delarik. AHT hipoteka bat da, gastu sozialentzako beharrezkoa den diru mordoa eramango duena.
Errauskailua da gipuzkoarren beste kezketako bat. Luis Mari Oiarbide diputatuaren dimisioa eskatu izan du Aralarrek.
Bai. Hondakinen kudeaketan berandu zebiltzalako eta oker gainera. Neurri egokiak hartu beharrean Diputazioa atzetik dabil, ez du erabateko eskumenik, baina aitzindaritza hartu zuen. Bere alternatiba bakarra errauskailua jartzea da. Bidean bide herritarren jarrerarekin talka egin du ordea. Hiri hondakinen kudeaketa ezin da azpiegitura erraldoien bidez bideratu, benetako kudeaketa oinarritik hasi behar da, eta horretan Diputazioak betebehar handia dauka: hiri hondakinen jatorriaren murrizketan, enpresekin hitzarmenak eginez eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean legeak sortuz. Beira eta paperaren bilketa selektiboaren jardueran aitzindariak direla diote, baina konpostaje sistema ez dute batere garatu. Badira bi proiektu pilotu baina ez dugu benetako emaitzarik ikusi. Hala ere, herri presioak behartuta, jarrera apur bat aldatu behar izan du Diputazioak. Arartekoak aurkeztu zuen txostena ere ez zuten begi onez ikusi. Guk arazoa bideratzeko erreferenduma eskatu dugu.
Zein da, oro har, Aralarrek egiten duen oposizio lana?
Demokraziaren esanahia eta jarduera galdu da. Gu herritarren proposamenak batzarretara ekartzen saiatzen gara, herritarrak dira tokian tokiko beharrak hobekien ezagutzen dituztenak, euren proposamenak ekarri eta eztabaidatu behar dira. Arloz arloko alternatiba errealistak bilatzen eta lantzen ari gara, ezkerraren ikuspegitik betiere. Gobernuak daraman politika berriz guztiz neoliberala da, goitik datorren politikari segitzen dio.
Azkenik, lanaren prekarietatea eta lan kontratazioa arautzeko legezko gaitasunik ez dagoela salatu duzue.
Lan prekarietateari buruzko ez-arauzko proposamen bat aurkeztu genuen, EAJ-EAk eta PPk zuzenketak jarri zizkioten eta ados jarri ziren, PSE-EEk ere honen alde bozkatu zuen. Proposamen bozkatuena beraiena izan zen, gurea ez zen aurrera atera. Guk erabakitzeko eskumen osoa izatea eskatzen dugu. Eskumen hori izanez gero prekarietateari aurre egiteko baliabideak izango ditugu. Gobernuak kudeaketarako eskumena baino ez du nahi, gutxieneko soldata edo kontratu motak erabakitzea ez zaio interesatzen nonbait. Hemengo errealitatea eta Estatuko beste leku batzuetakoak ez dira berdinak, orduan ez da egokia gutxieneko soldata Madrilen zehaztea. Hemen erabakitzea askoz ere eraginkorragoa litzateke. Independentzia helburu badugu, horra hor landu beharreko bide bat.