Pablo Malo: «Nire bizitza profesionalak ez du nire bizitza pertsonala baldintzatuko»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bi hilabete eta gero amaitu dira filmazio lanak. Pozik al zaude emaitzarekin?
Bai, oso pozik. Filmatzen hasi aurretik filmaren gidoia idatzita neukan, baina ondoren gauzak aldatu egin dira. Filmazioak gidoia aberastu egin duela uste dut. Hori bai, oso hilabete gogorrak izan dira. Bi hilabete hauetan hamabi orduz aritu gara lanean egunero, eta arazo asko izan ditugu. Batetik arazo teknikoak, eta bestetik, lesioak. Pentsa, filmatzen ari ginela zaintiratu bat izan nuen hanka batean, eta gurpildun aulki batetik zuzendu dut filma bi astez! Dena den, arazo horiek guztiak gainditu ditugu, eta pozik gaude azken emaitzarekin.

Nola definituko zenuke filma. Zein generotan kokatuko zenuke?
Ni oso txarra naiz filmak generotan sailkatzen, baina tira... film hau suspensearen barruan kokatzen dela ezin da ukatu. Nolanahi ere, nire helburua ez da izan beldurrezko film bat egitea. Film errealista bat egin nahi izan dut, baina naturaz gaindiko elementu batzuk ere txertatu ditut. Horrekin batera, baserri edo landa giroak ere garrantzia handia du. Azken batean, landa giroan kokaturiko suspense film bat dela esan dezakegu.

Zergatik kokatzen da filma 1967. urtean?
Gaur egungo bizimodutik urruti dagoen giro batean kokatu nahi nuen, eta horretarako bi elementu erabili ditut: denbora eta kokalekua. Denborari dagokionez, 1967. urteko bizimoduak ez du zerikusirik gaur egungoarekin, eta pelikulako gertaerei errealismo handiagoa ematen die. Kokalekuari dagokionez, landa edo baserri giroa islatzen saiatu naiz. Izan ere, gaur egungo herritar gehietsuenentzat oso giro ezezaguna eta urrutikoa da.

Baserri edo landa giroa islatzeko Nafarroako Lekaroz herria aukeratu duzu. Hautaketa ona izan al da?
Zalantzarik gabe, Lekaroz sekulako aurkikuntza izan da niretzat! Lekarozko barnetegian plano asko filmatu ditugu. Eraikina oso zaharra da, erortzear dago, eta hori da guk behar genuen kokalekua. Bertako pasillo edo korridore luzeak, eskailera gastatuak... Uste dut barnetegiko txoko guztietan filmatu dugula sekuentziaren bat! Eta ez bakarrik barnetegiaren barruan, kanpoko aldean ere bai. Barnetegitik oso gertu filma abiatzeko leku ezinhobea aurkitu dugu. Hezegune bat da, eta filmaren hasierak behar duen giro misteriotsua ezinhobeto islatzen du.

Genero guztiak probatzeko gogoz

Suspensea, giro misteriotsua... filmak generotan sailkatzea ez dela zure gustukoa aipatu duzu, baina orain arte egin dituzun lanetan suspense giroa nagusitzen da. Horren lekuko El ángel de mármol eta Jardines deshabitados film laburrak. Genero honetan eroso sentitzen zara, ezta?
Bai, bai, eroso sentitzen naiz. Suspenseak irudi oso bereziak sortzeko aukera ematen du, planoekin eta irudimenarekin jolasteko aukera. Zinema entretenigarria egiteko aukera. Dena den, zinema genero honetatik haratago ere joan nahi nuke. Ez nuke genero batean sailkatu nahi. Genero guztiak probatu nahi ditut, baina komedia da beldur gehien ematen didana. Oso zaila da komedia on bat egitea, oso pertsona gutxik egiten baitugu barre gauza berdinekin.

Itzul gaitezen La sombra de nadie filmera. Zer esango zenuke aktoreek egindako lanari buruz?
Edozein rol egiteko gai diren aktoreak nahi nituen, aktore aldakorrak. Horregatik aukeratu nuen Jose Luis García Pérez. Sinesgarritasun handia duen aktorea da. Cachorro filman ikusi nuen lehen aldiz, eta asko gustatu zitzaidan. Gurekin ere lan bikaina egin du. Berarekin batera, Philippine Leroy-Beaulieu aktore frantsesaren lana goraipatuko nuke. Doinu frantsesarekin hitz egiten du gazteleraz, eta horrek beste ukitu bat eman dio filmari. Bere lan egiteko modua ere berezia da, eta asko gozatu dut berarekin.

Aktore profesionalez gain, haurrekin ere egin duzu lan film honetan. Zer nolako esperientzia izan da?
Beldur handia nion haurrekin lan egiteari. Izan ere, inoiz ez dakizu nola erantzungo duten filmaketa batean. Donostian casting bat egin genuen, eta neska gazte asko aurkeztu ziren. Ez zen erraza izan neska bat aukeratzea, baina azkenean Andrea Villanuevaren aldeko apustua egin genuen. Bete-betean asmatu dugu! Oso neska zintzoa da, isila, eta oso azkarra. Pentsa, filmaketak iraun duen bi hilabeteetan ez du ia akatsik egin. Behin bakarrik nahastu zen gidoia irakurtzeko garaian, muro hitza gaizki esan zuen egun batean. Gainontzean, akatsik ez, ikaragarria izan da! Kamera aurrean sinesgarritasun handia erakutsi du. Nik uste, mundu honetan jarraitzea erabakitzen badu, etorkizun handiko aktorea izan daitekeela.


Bi hilabeteko lan gogorraren ondoren filma muntatzeko garaia iritsi da orain. Gustuko al dituzu muntaketa lanak?
Filmatzea baino askoz lasaiagoa da muntatzea. Filmatzeko garaian korrika eta presaka ibiltzen gara uneoro, eta xehetasun guztiak zaindu behar dira. Muntatzeko garaian, berriz, lasaitasuna askoz handiagoa da. Filma egina dagoela esan daiteke, eta egindako horri zentzua eman behar zaiola. Horixe da muntaketa. Lan oso pertsonala da, eta asko gustatzen zait.

Noiz ikusi ahal izango dugu La sombra de nadie zineman?
Mundu honetan ez da erraza datekin asmatzea, faktore asko hartu behar baitira kontuan. Dena den, nik uste iraila amaieran edo asko jota urria hasieran zinema aretoetan izango dela ikusgai dagoeneko.


Euskal zinema etiketaz

Normalean zinemagintza egitera atzerrira joan behar da. Zuk, ordea, Euskal Herrian egiten duzu lan. Hemen gelditzeak zaildu egiten al du zure lana?

Hemen gelditzeak proiektua garestitu egiten du, horretan ez dago zalantzarik. Izan ere, logistikoki esfortzu handia egin behar da: baliabide guztiak hona ekarri behar dira, aktoreek ere hona etorri behar dute... Baina nik gauza bat argi daukat: nire bizitza profesionalak ez du nire bizitza pertsonala baldintzatuko. Horregatik, ez dut Donostiatik mugitzeko asmorik. Azken bi filmekin uste dut argi utzi dugula Euskal Herrian zinema egin daitekeela.

Beraz, euskal zinemaz hitz egin daiteke?
Hori konplikatuagoa da. Zer da euskal zinema? Euskal Herrian egindako zinema, euskaldunek egindako zinema ala euskaraz egindako zinema? Galdera oso zaila da niretzat, eta inoiz ez dakit zer erantzun. Nik uste zinemagileok nahikoa lan dugula zinema egitearekin eta etiketak jartzea ez dagokigu guri.

Aspaldiko partez, bi film estreinatu dira euskaraz: Aupa Etxebeste eta Zeru horiek. Etorkizunik ikusten al diozu euskaraz egindako zinemari?
Urte asko pasa dira euskarazko filmarik gabe, eta oso albiste pozgarria da euskaraz filmak egiten jarraitzea. Aupa Etxebesteren kasuan, gainera, filmak arrakasta handia izan du Euskal Herrian. Telmo Esnalek eta Asier Altunak apustu handia egin zuten eta ondo atera zaie. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu behar dela uste dut.

Goya sariak ekarritakoak
Espainiako Zinema Akademiak banatzen duen zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zenuen iaz Frío sol de invierno filmarekin. Nola bizi izan zenuen arrakasta hori?
Ilusio handia egin zidan, baina lasaitasun handiz hartu nuen. Izan ere, saria ez zitzaidan gazte-gaztetan iritsi. Dagoeneko urte batzuk daramatzat lanbide honetan, eta badakit mundu honek nola funtzionatzen duen. Gogoan dut saria irabazi ondoren produktore batek nirekin lan egin nahi zuela esan zidala, eta nik nire buruari zera galdetu nion: «Ez da posible, saria irabazi duen gidoiak bi urte daramatza zure mahai gainean eta ez diozu kasurik egin; eta orain saria irabazi dudalako etorri zara niregana!?». Gauza asko ikasi nituen egun horietan.

Ezin da ukatu, ordea, Goya saria irabazteak zure lana ezagutarazten ere lagundu dizula...
Zalantzarik gabe. Frío sol de invierno jaialdiz jaialdi ibili da azken urtebetean, eta oso film ezaguna egin da. Horrekin batera, hainbat hitzalditan parte hartzeko aukera ere izan dut, eta orain arte egindako ibilbidea ezagutarazteko aukera. Alde horretatik, ate asko zabaldu dizkit sariak.

Esan daiteke zure zinemagintzak harreman estua duela Goya abizenarekin. Goya sariez gain, Luis Goya produktorea ere ezin dugulako ahaztu. Gizon honek asko lagundu dizu, ezta?
Nire aldeko apustua egin zuen hasiera-hasieratik. Frío sol de invierno filmaren gidoia irakurri zuenean zera esan zidan: «Nik filma egin ahal izateko markoa jarriko dut, baina koadroa zuk pintatu beharko duzu». Geroztik, askatasun handia eman dit elkarrekin egin ditugun proiektu guztietan. La sombra de nadie filman ere oso gustura egin dut lan berarekin batera.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude