argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Yantze ibaiak poluzio kezkagarria du

Txinako ibairik luzeena da Yantze eta Xinhua informazio-agentzia ofizialaren arabera, bertako urak potentzialki oso kantzerigenoak omen dira. Ibaia mendebaldean, Qinghai probintzian, Tibeten ondoan jaiotzen da eta 6.300 kilometro egiten ditu Shangain itsasoratu aurretik. Bere ibilbidean 180 hiri zeharkatzen ditu eta Txinako ur erabilien %40 jasotzen du, hauetatik %80 tratatu gabeak.

Ibaiaren ekosistema kinka larrian dagoela iragarri berri dute adituek eta garai bateko espezieen erdia jada desagertu dela adierazi dute. Shangaiko uren horniketa bide bakarra dira Yantzeko urak eta dudarik ez dago oso arriskutsuak izan daitezkeela Shangaiko biztanleentzat.

Yantze mundu mailako hirugarren ibairik luzeena da eta zoritxarrez ez da Txinan poluzio arazoa duen ibai bakarra. Joan den urteko azaroan Txinako iparmendebaldean dagoen Harbin hiriko lantegi batean gertatutako leherketaren eraginez bentzenoa isuri zen Songhua ibaiko 80 kilometrotan eta ondorioz, hiria hainbat egunetan ur edangarririk gabe geratu zen. Orain bi aste autoritate txinatarrek Guangdong probintzian uraren poluzioaren aurka hartutako neurriek huts egin zutela adierazi zuten.

Une honetan Txinako 300 milioi biztanle baino gehiago ur edangarririk gabe dago eta basamortuak urtez urte lur gehiago hartzen du; une honetan lurren %27tik gora hartu du jada eta arazo horri aurre egiteko hegoaldetik iparralde lehorrera ura ponpatzeko proiektuak aztertzen ari da gobernu txinatarra, baina ponpatu beharreko ura kantzerigenoa denez...


Sateliteetako irudiak giza eskubideen irudi

Sateliteek oso eginkizun desberdinak izaten dituzte. Gehienetan zientzia helburuak dira lortu nahi izaten direnak, baina kasu gutxi batzuetan ustekabeko helburuak ere lortzen dira. Lerro hauetan azalduko dugun kasuak giza eskubideekin zerikusia du. Hain zuzen ere, Zimbawen joan den urteko ekainean gertatutako giza desplazamendu ilegal bat baieztatzeko balio izan dute. Nola jakin da desplazamendu ilegalen berri? Bada bi argazki alderatuz. Satelite batek 2002. urtean Zimbawen dagoen Porta Farm-en argazki bat atera zuen eta bertan etxe pilo bat ikusi zitezkeen. Aldiz, 2006ko martxoan satelite berak leku berari atera zion argazkian ikus daiteke etxeak suntsituta daudela eta landaredia lekuaren jaun eta jabe egin dela.

Hau adibide bat baino ez da eta hainbat erakunde zientifikok, sozialek eta GKEk elkarrekin proiektu bat abian jarri dute mundu mailan eskubideak urratzen diren hainbat leku satelite bidez kontrolatu ahal izateko.