argia.eus
INPRIMATU
Esklaboak
Xipri Arbelbide 2007ko otsailaren 21a
Azken bolada honetan izan dute aipaldi esklaboek. Iduri luke XV. mendetik XIX.eraino baizik ez direla izan. Bizkitartean duela 6.000 urte baziren jadanik Mesopotamian.

Itxura guzien arabera, esklabotasuna, aurrerapen bat izan da gure historian: lehenagoko gerletan, hartu etsai guziak garbitzen ziren. Noizbait, norbait ohartu zen presoak balia zitezkeela langile bezala, asearen truk. Presoak ez zituzten hil. Horra esklaboen sortzea.

Historiako langile horiek gustatu zitzaizkiekeen garai haietako ekonomilariei ordukotzat baitzuten errentagarritasunaren ideia kaxka bat. Sistema hedatu zen: gure zibilizazioaren ama izana den Greziako nekazari bakotxak bazeukan bere esklaboa. Delos-en 10.000 saltzen zela egunean diote.

Hebrearrek zuten haien egoera eztitu. Lebitika liburuan eskatua zaie Juduak diren esklaboak libratzea jubilau urtean, beraz 7 urtetarik. Liburutik obratzerat, bada bide. Ebanjelioan ez dira aipu, baina Jondoni Paulo eta Jondoni Petrik esklaboei eskatzen diete nagusiei obeditzea. Hauei ez diete eskatzen esklaboen libratzerik, ez 7 urtetarik ere: hain ziren giro horretan murgilduak non Testamentu Zaharreko legea ahantzia baitzitzaien. Eta ez zuten oraino ulertua Jesusek gomendatu amodioa eta esklabogoa ez zitezkeela elgarrekin joan.

Geroxeago eginen da urrats hori. 212an Aita Saindutzat hautatu zuten Kalisto, esklaboen semea, Erromako giristinoek. Hautua ez zen denen gustukoa izan eta minoriak bigarren bat izendatu zuen! San Agustin handiak zioen norbait esklabo baldin bazen, Jainkoaren gaztiguz zela, bere bekatuengatik.

Atea zabaldua zen. Agustinen garaietako Gregorio, Nizako apezpikuak zioen: "Ba ote liteke diferentzia izpirik, edozein sailetan, esklaboa eta nagusiaren artean?" Emeki-emeki da ikusmole hau nagusituko. Esklabogoa debekatuko du Frantziako Iraultzak, euskaldunei gustatzen ez zaigun Gregoire apezak bultzaturik. Mende erdi bat borrokatu behar izan zen debeku hori onarrarazteko. Borrokalari handienetarik bat, Lavigerie Baionako kardinala. Baina XX. mende hastapenean oraino, esklaboz betetzen ziren itsasontzi zenbait Beningo kostaldeetan. Le Code Noir esklaboen komertzioko legea XVII. mendean idatzi duen Du Casse kaskoinak ere lotura handiak baditu Baionarekin.

Nihaurek ezagutu ditut hiru esklabo, Samorik preso hartuak eta salduak XIX. mende hondarrean Boli Kostan. Cyprien Kakuri doakionaz, herriko ehorzketa ederrenak egin zizkioten: karia horretara zuten tindatu aspaldi eraikia zuten eliza. Luze liteke esklabo batzuentzat zeukaten errespetua esplikatzea.

Ki Zerbo afrikar historialariaren arabera 100 milioi jende lituzke galdu Afrikak esklabogoagatik: Esklaboak biltzeko gerletan, bidean, Ameriketara heldu zirenak eta, kurioski, nehork aipatzen ez dituen mahometarrek eramanak VII. mendetik hona.

Baina horiek denak historiako gertakariak dira, lehenagoko garaietakoak. Geroztik zibilizatu baikara Jainkoari esker! Hain segur ote liteke ez dela gehiago esklaborik? Ala gu ere jarriak gara gaurko esklaboei? Hori bestaldi batez aipatuko dugu.