argia.eus
INPRIMATU
Deszifratu eta interpretatu
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2007ko otsailaren 21a

Soberanien garaia al da? Susmoa dut ez gaudela prestatuta horretarako. Abiapuntu interesgarrienak ez ditugula ezagutzen, edo ezagutu arren ez ditugula gauzatzen iruditzen zait. Soberania pertsonalaz ari naiz, eta berau izaera ezberdineko taldeekin elkarrizketan jartzeko daukagun moduaz. Zoritxarrez, nork bere bedeinkazioa bilatzen du dagokion inguruan eta, sentitzen duena baino gehiago, paisaia bakoitzean tokatzen dena esaten du. Guztiok ere, politicamente correcto-aren agindupean gabiltza dantzari. Estiloen diskurtsoarekin bizi gara, esloganez jositako elkarrizketetan. Gure herriaren libertatea pertsona libreen libertateen batuketa izatea nahiko nuke eta hori ez da parlamentuetan egiten, ezta alderdi politiko aspergarrietan ere. Produktu naturalak kontsumitzeko deia gero eta onartuagoa den garai honetan pertsona, talde, mugimendu eta herri autentikoagoak eraiki beharko ditugu, eta jarrera horiekin disfrutatu, eurok mutilatu barik. Errepresio eta zigorren dinamika geuk ere ikasi dugu eta okerrena zera da, praktikan jartzen dugula. Ondo bizitzeko baldintzak barruan dauzkagu kanpoetan baino gehiago. Deszifratzea eta interpretatzea dagokigu. Atrofia eta miopia gainditu eta gure barruak umeen betaurrekoetatik begiratzea nahikoa da. Gure kartilago emozional guztiak hezur gogorturik ez badaude behintzat.