argia.eus
INPRIMATU
Malinche alua
Edu Zelaieta Anta 2021eko uztailaren 16a

Mallinali zuen jatorrizko izena, nahiz eta Historiak Malinche deitu duen. Espainolek Marina bataiatu zuten, eta Hernan Cortesek Doña Marina bihurtu zuen, Mallinalik egiten zuen itzulpen lana behar-beharrezkoa zelako, konkistatzaileak aztekak garaituko bazituen. Horrela, Mexikoko inkontziente kolektiboan Malinchek sorterria atzerritarrei saldu zienekoa txertaturik gelditu da. Geroztik, Malinche emakumearen madarikazioa dutela diote mexikarrek.
Faltsua da Historiak beti jartzen gaituela dagokigun tokian denboraren poderioz. Horregatik-edo, Mexikon hain gaitzetsia den Malincheren pertsonaia aztertu nahi izan du Laura Esquivelek Malinche nobelan. Liburuan ageri denez, Mallinalik uste inozoa zuen Cortesek azteken sakrifizio humanoak desagerraraziko zituela. Zaldi gainean iritsi berriek bakea eta zentzua ezarriko zituztela. Aitzitik, espainolek ere azteken antzeko basakeriak egiten zituztela ohartu zen. Beranduegi.
Nolanahi, niri adierazgarria egin zait madarikazio nagusiari izen femeninoa ematea. Bistan da (in)kontziente kolektiboak bere lana egin duela, gaitza feminizatuz. Izan ere, ia duela 500 urte, Malinche izenak "Mallinaliren jabea" adierazten zuen. Hernan Cortes, alegia.