Botere judizialaren kontrola helburu, Espainiako judikaturan borroka latza gertatzen ari da aste eta egun hauetan. Prentsara ateratzen diren mugimenduen artean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) berritzearen inguruan gertatzen ari direnak daude. Izquierda Unidak Kongresuan aurkeztu berri duen eskaera aurrera aterako balitz, BJKNko lehendakariak kargua utzi beharko luke karrera judizialean jubilatu ondoren (70 urterekin). IUren proposamena onartuko balitz, beraz, egun BJKNko lehendakaria den Francisco Hernandok -PPren garaian hautatua- kargua utzi beharko luke ekainaren 4an 70 urte betetzen dituelako. Edozein eratan, 2001ean hautatu zuten eta BJKN bost urtez hautatzen denez, aurten berritu beharko litzateke Espainiako judikatura bideratzen duen organu gorena. El Mundoren arabera, beste hiru pertsona dira lehian postu honetarako: egungo BJKNko lehendakari orde Fernando Ledesma-»PSOEren justizia ministro ohia-, Ramón Trillo eta egungo fiskal nagusi Cándido Conde Pumpido. IUk aurkeztutako eskaera onartuko balitz, Ledesmak eta Trillok karguak hurrengo agintaldiaren erdian utzi beharko lituzkete, 2009an eta 2010ean hurrenez hurren, beraz, hautatuak izateko aukera gutxitzen zaie. Hipotesi honen arabera, beraz, Conde Pumpidok aukera handiak izango lituzke; gainera, Espainiako eskuinaren ustez, IUren oraingo proposamen honen atzean PSOEren esku luzea dago. Jakina, kontuan hartu behar da hipotesia eta bere inguruko informazio guztia El Mundorena dela.