argia.eus
INPRIMATU
Bedaurraren atsekabea
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a

Hortxata edaria egiteko erabiltzen den txufa omen da bedaurra, Cyperus esculentus var. sativus landarearen tuberkulua. Cyperus generoko landare jende gehienari papiroa deitzen zaio, tartean baitute paperaren eta papera hitza beraren aurrekari garbia den papiro landarea, Cyperus papyrus. Esculentus-ek eta sativus-ek, biek ala biek, jateko modukoa dela adierazten dute.

Urzale amorratua izaki uretan bertan edo ur-ertzean, urasetutako lurretan edo toki hezeetan bapo bizi ohi da papiroa. Besteak beste Indian, Txinan, Amerikan, Nigerian, Ghanan, Togon eta Espainian ekoizten da, aziendaren eta geure bazka. AEBetan indioilar basatiak eta oreinak ehizatzeko eta urdaldeak gizentzeko erabiltzen da. Indian arrozadietan belar txartzat dute eta arroza landatu aurretik urdeak botatzen dituzte uxarrean harrapatzen dituzten tuberkulu guztiak jan ditzaten. XX. mendeko 70eko hamarkadan, AEBetatik etorritako gladiolo erreboila sorta batzuetan nahastuta etorri zen Herbehereetara eta bertako padura ugari kolonizatu zituen, 1984an bedaurra den sailetan lurpeko ekoizkinik lantzea galarazi zuten legez. Onerako bezala txarrerako ugaria da: Massachusettsen burututako ikerketa batean konfirmatu zuten: hektareako 605 milioi hazi eta tuberkulu soil batek 1.900 landare eta 7.000 tuberkulu eman ditzake urteko.

Papiroak lantzen direla milaka urte badira. Jatorria India aldean dutela dirudi eta duela lau bat mila urte, bai papirogai bai jaki, garia eta garagarrarekin batera usu erabiltzen zutenaren aztarna garbiak badira Egipton, faraoien hilobietan topatutako tuberkulu potinkadak adibidez. Itsasontzientzako belak, oihalak, esterak edo zirriak, lokarriak, sandaliak… gai ugari egin izan da bere zortenaren zuntzaz. Lurpean duen tuberkulua izan da eta da, aldiz, jan »gordinik, erregosia, ehotuta…» eta edateko »beratuta hortxatan, karameloa garagardo ilunetan, kafe eta txokolatetan…», oihalak tentetzeko almidoitarako, papera egiteko, biodiesela sortzeko, sistema inmunologikoa indartuz gorputza babesteko… Hau dena jakinda zer dela eta aukeratuko ote zuten esperantoz bedaur hitza bera atsekabea adierazteko?