argia.eus
INPRIMATU
Autodeterminazioa eta burujabetzaren foroa (Bero-beroan)
2021eko uztailaren 16a
Azken asteetan eskubide historikoen gaia ateratzen ari da artikulu eta elkarrizketa desberdinetan, eta Espainiaren egungo marko juridikoan arautua dagoen ate horrek bake prozesurako zirrikiturik ere baduela iradokitzen da. Azken horietakoak dira, adibidez, hilaren 28an Josu Jon Imazek El Diario Vascon eta EAko Javier Cañok Berrian egindako iruzkinak. 1997an gaiak garrantzi berezia hartu zuen Elkarrik eskubide historikoetan oinarritutako Izan proposamena luzatu zuenean. Eta oraingo bake prozesuan PSEtik giltzarri den Jesus Egigurenek ere beti jarri izan du arreta berezia eskubide historikoetan. Bakoitzak, dena den, bere ikuspegitik ulertzen ditu. Alderdi abertzaleen artean, halaber, eta gezurra badirudi ere, ez da samurra asmatzea bakoitzak zer ulertzen duen burujabetza, erabaki eskubidea, autodeterminazioa edota halako kontzeptu klabeei buruz. Bada ordua jadanik alderdi abertzaleek elkarren artean hitz egin eta kontzeptuok nola ulertzen dituzten zehaztu eta ahal bada hauek ulertzeko gutxieneko gakoak adostu ditzaten. Ez da horiek nola indarrean jarri edo ez, hori bake prozesuarekin lotutakoa da, baina bada ordua etorkizuna jantzi horiekin egin nahi dutenek jantzien kolore eta neurriez argi hitz egin dezaten. Nahi izanez gero, bada horretarako nahiko foro edo hausnarketa gune: Unibertsitatea, Nazio Eztabaidagunea, Udalbiltza... Martxoaren 22aren aurretik bazen halakorik ez egiteko arrazoi edo aitzakiarik, gaur egun ez.