Hauteskunde autonomikoak urrian edo azaroan izango direla entzuten da Kataluniako zenbait gunetan. Areago, ERCko sektore batzuetan ez litzateke txarto ikusiko berriz ere ezkerreko hirukoaren aukera errepikatzea, nahiz eta kanpotik ikusita ez den samur ikusten ERC independentista sutsuaren eta PSCren arteko bigarren ezkontza bat. Erreferendumarekiko ezetza oso esanguratsua balitz, horrek adieraziko luke, Kataluniako mugimendu abertzalearen zati handi bat egun egituratzeke dagoen autodeterminazioaren borrokaren koordenadetan jarriko litzatekeela. ERCk dauka mugimendu horren guztiaren gidaritzarako aukera, baina horretarako azken bi urteetan erakutsi duena baino ideia eta zuzendaritza sendotasun handiagoa erakutsi beharko du.