John Holloway: «Bestelako klase borroka sortzen ari da: lanaren kontra doana»

Zure iritziz iraultza egitea premiazkoa da.
Denok dakigu, egunero bizi dugulako, telebistan ikusten dugulako, kapitalismoa hondamendi hutsa dena; kapitalismoak bidegabekeriaren mundura, gizateria desagerraraziko duen mundura zuzentzen gaitu. Ez badugu gizartea era erradikalean aldatzen, etorkizunik ez dago. Berdin pentsatzen dugunok asko gara, gauza nahikotxo partekatzen dugu: gizarte honi ematen diogun ezetza kasu; ezetza gizarte honen aurkako amorru oihua da, eta amorru oihuak beste gizarte bat sortzeko nahia dakar. Elkarbanatzen duguna, beraz, nahi iraultzailea da. Batzuek ideia zaharkitua dela pentsatzen badute ere (hori dela eta onartzen ez badugu ere), denok gara iraultzaile, mundua aldatu nahi dugulako erabat: erronka iraultza zelan egin jakitea da.

Zertaz ari gara iraultzaz mintzo garenean?
Iraultzaz mintzo garenean, nire ustez, gizartearen aldaketa erradikalaz ari gara, hau da, kapitalismoaren deuseztatzeaz ari gara. Ez gara posmodernismoan bizi, ezta neoliberalismoan ere, neoliberalismoa kapitalismoaren fase bat baino ez da, gizarte kapitalista batean bizi gara. Gizakiok egiten duguna diruaren menpe dago. Hori da egungo munduak daukan arazoa. Kapitalismoa zelan deuseztatu da, gaur egun, iraultzaren zeregina.

Zelan ulertu behar dugu iraultza?
Abiapuntua ezetza, ukatzea, amorru oihua dugu; teoria ezeztatzailea izan behar da, derrigorrez, «zerbaiten aurkako» teoria izan behar da. Ez da paradigma batez, mundua deskribatuz hasten den teoria; gauden tokitik hasi behar duen teoria dugu, «zerbaiten aurka» gaudela: hemen gaude ezetz esaten ari garelako. Iraultza pentsatzean, arrailak ditut gogoan: arrailak aurkitu, ezagutu, sortu eta zabaldu, eta arraila guztiek bat egin dezatela menderatze kapitalistaren ehunean. Kapitalismoa menderatze sistema da: guk egiten duguna beste inoren mesedetara dago, diruaren menpe dago. Baina inoiz ezetz esaten dugu: hemen ez dugu agintzen digutena egingo, gauzak beste modu batean egingo ditugu; guk beharrezkotzat jotzen duguna, nahi duguna egingo dugu. Iraultza asmatzeko modu bakarra, beraz, hauxe da, toki ezberdinetan, kapitalismoaren hutsuneetan sortzen den iraultza.


Zeintzuk dira teoria iraultzaile klasikoarekin defendatzen dituzun aldeak?
Teoria klasikoak dio kapitalismotik komunismorako igarotzeak prozesu orokorra izan behar duela, baina zentzugabekeria da, oso zaila baita mundu osoan eta aldi berean gertatuko den aldaketa erradikala imajinatzea. Iraultza orokorra estatu bakoitzak bere gizartea egiten dueneko ideietatik dator, honela, estatua bereganatzeak iraultza zekarren, estatua gizarte global bateko aginte puntua baino ez dela ikusi beharrean. Estatua bereganatzeak ez dakar kapitalismoaren deuseztatzea, kapitalismoaren eremu zehatz batean mundua aldatzeko saiakera baino ez da. Hau da krisian dagoen kontzeptua, estatuaren bidez mundua aldatze horrek kale egin du. Eskarmentuak kontzeptu horretan zerbait faltsu ote dagoen pentsarazten digu, XX. mendeko mugimendu iraultzaileen porrota ezin da arrazoi partikularren bidez azaldu; horrenbeste porrot jasan eta gero, estatuek botere hartze horretan zerbait oker ote dagoen pentsatu behar dugu. Estatua ez da edozelako sistema, mendeetan zehar garatutako sistema da, gizartetik bereiztuta egotea ikur duen sistema. Estatua, antolakuntza sistema gisa, eta autodeterminazioa ez dira bateragarriak. Gizartea askatzaile izan dadin nahi badugu, aukera hori baztertzeko egina den erakundearen bidez ez dugula ezer lortuko argi izan behar dugu. Zapatistek egin duten ekarpen nagusia honako hau da: mundua aldatu boterea hartu gabe. Sekulako erronka teorikoa eta praktikoa dugu hau. Espazio zein une antikapitalistak sortu behar ditugu, kapitalismotik at doazen harremanak sortu behar ditugu. Mundua arakatuz gero, lehen aipatu ditudan arrailez beterik dagoela ikusiko dugu. Jendeak kapitalaren agintea onartzen ez duen espazio eta denborak dira arraila horiek. Batzuetan, erraldoiak dira: Txiapaseko Lakandona oihana, Boliviako herri mugimenduak, Frantziako istiluak. Beste batzuetan, hain txikiak dira ezen jendeak berak egiten duena ezin baitu iraultzailetzat jo. Arrailak ikustezin bilakatzea kapitalismoaren eragina da; ezetzak, ukatzeak ikustezin egiten dira. Zapatistek diote buru-berokia janzten dutela geuk haiek ikusteko, ikustezin egiten dira ikusgai izateko, beraiena aurpegirik gabekoen iraultza delako.


Iraultza arrailak garatuz egiten da?
Lehenengo eta behin, kapitalaren ahultasunak, hauskortasuna, ikusteko gai izan behar dugu. Kapitala bere krisialditik ikusteko beharra daukagu, aldatu behar dugu ikuspuntua: kapitalismoa hondamendia dena badakigu, eta arrailak ezagutuz mundua aldatzerik badagoela ikusiko dugu. Gure indarra zelan ulertu da gakoa, ez kapitalismoaren hausturaz edo inperioaz mintzatzea.
Kapitalismoa ez da bihotzean emandako labankadari esker hilko, milioi bat erle ziztadak akabatuko du. Ukatzeak, ezetzak dira ziztada horiek. Ziztadak duintasunak bailiran ulertu behar ditugu eta niretzat duintasuna ezetzak eta sormenak osatua da. Ezetza abiapuntua da, baina ezetza sortzailea da: soldatapeko lanaren zapalketari sormenaz egiten diogu aurre. Azaltzen saiatuko naiz: soldatapeko lana, lan abstraktua ukatuz egungo gure bizitza materialaren oinarriak desagerraraziko genituzke; horrexegatik, bizitzeko, lan abstraktuari lan harreman berriak sortuz egingo diogu aurre. Zapatistentzat eta piketeroentzat garrantzi handiko gaia da hau. Arrailak sortzea eta hedatzea bestelako soziabilitatea sortzea da.
Arrailak baina ez dira espazio autonomoak, arrailak abian egon behar dira, etengabe, estatuak bete ez ditzan; hau da, instituzionalizazioa saihestu behar dugu, estatua baino arinago ibili behar dugu. Zapatisten «Beste kanpaina» honen eredua da: hainbat azpiegitura finkatutakoan, arrailak sortzen ari dira; ez hiltzeko, sortu.
Denboraren kontua ere garrantzitsua da oso. Iraultza bihotzean emandako labankadatzat hartzekotan, etortzear egongo da beti, gaurko lana iraultza egiteko alderdia antolatzea izanik; eta ez, erle ziztadak dira iraultza, eta iraultza gaur eta hemen egin behar da, hau da, kapitalismoak eragin dituen gizarte harremanak gaur txikitzea da erronka.


Zertan datza egun klase borroka?
Marx irakurtzen badugu -eta errealitatea aldatzeko aukerak aztertzeko Marx ezinbestekoa da- klase borrokaz hitz egiten duela argi dago, baina bi mailatan egiten du. Alde batetik, soldatapeko lanaren eta gizakien egiteak daukan indarraren arteko antagonismoa azaltzen du eta, bestaldetik, kapitalismoaren erdian gizarte kapitalistak ezarritako soldatapeko lanaren eta egitearen arteko antagonismoa dago.
Egite askea, egite erabilgarri hori menperatzen duen lan abstraktua soldatapeko lan bezala garatzen da. Honela, soldatapeko lanaren eta kapitalaren artean ere bada kontraesanik. Klase borroka kontzeptu bi daude: soldatapeko lanaren aurkako borroka eta soldatapekoarena kapitalaren aurka. Literatura marxistak bigarrengoa hobetsi du, soldatapeko lanak bereiztuta, alderdi iraultzaile klasikoek eta sindikatuek menperatutako garaiei dagokiena. Hauxe da azken urteotan krisian dagoen borroka kontzeptua. Sortzen ari dena bestelako klase borroka da: lanaren beraren kontrako borroka, sormena lanaren kontra. Borroka honek hamaika sormen askatzen ditu, askotarikoak, baita gertatzen ari denaren inguruko ezagupena zabaldu ere. Bide honetan arazorik bada ere, ez dut aurrera jotzeko beste aukerarik ikusten. Galdetuz, aurrera goaz.

John Holloway
John Holloway, pentsalari marxista irlandarra, Edinburgoko Unibertsitatean irakasle izana, 1993az geroztik Soziologiako Graduondoko irakaslea da Gizarte eta Giza Zientzien Institutuan, Pueblan, Mexikon. Marxismoaren inguruko hainbat lan kaleratu ditu, baita mugimendu zapatistaren eta honen ondorioen ingurukoak ere. Dituen liburuen artean, honakoak nabarmendu daitezke: Sol Piccioto-rekin, The State and Capital: A Marxist Debate (1978), In and Against the State (1979); Werner Bonefeld-ekin, Un nuevo Estado (1991) eta Global capital, National State and Politics of Money (1995); Eloína Peláez-ekin, ¡Zapatista! Reinventing Revolution in Mexico (1998). Cambiar el Mundo sin Tomar el poder (El Viejo Topo, Bartzelona, 2002), azken liburua da ziurrenik ezagunena eta eztabaidatuena. Hego Amerikan milaka ale saldu ditu. Holloway marxista heterodoxoa da eta marxismo klasikoaren hainbat kontzeptu ukatu ditu, alderdi iraultzailearen rola eta estatu boterea hartuz iraultza egiteko aukera, besteak beste. Bere hausnarketetan gizakion egite askearen eta kapitalak agindutakoaren -soldatapeko lana edo lan abstraktua- arteko gatazka funtsezkoa da.


Azkenak
Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


Napalmaren erredura sakonak

Vietnam, 1965eko otsailaren 7a. AEBetako aire-armadak lehenengoz napalma erabili zuen biztanleria zibilaren kontra. Ez zen gasolina gelatinatsua erabiltzen zen lehen aldia. Bigarren Mundu Gerran hasi ziren bonbekin batera jaurtitzen eta,  Vietnamen bertan, Indotxinako... [+]


Teknologia
Kanpokoa mehatxu

Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


Eguneraketa berriak daude