argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Jose Mari Goenaga zinemagilearen hitzok jaso zituen Garak: «Argi dago hasteko laguntza behar duela ikus-entzunezko sektoreak, eta egia da ere bai Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak ematen dituela. Hala ere, sektorearen onurarako agian hobe litzateke film bakarretan inbertitzea baino azpiegituretan inbertitzea. Platoak, laborategiak... eta abar, azken finean bertan industria sortu ahal izateko, bestela beti bukatu beharra dago Bartzelonara edo Madrilera joaten».

Jose Angel Irigaray idazle eta editorea Deian: «Irakurtzeko kultura ohitura oraindik maila ez-nahikoan daukagu. Literatura maila eta idazle kopurua, nik uste, gure kultura ohituren gainetik daude, merkatuari dagozkionak barne. Zenbait belaunaldi jada euskaran hezi dira, baina kultura ohitura eta jarduerak ez dira proportzioan hazi. Adore eta atxikimendua bai, baina inkoherentzia gero eta nabarmenagoa ere bai; kultura eta hizkuntza politika horren isla baizik ez dateke.».

Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu berriak Berriari esanak: «Askoz hobeto ordaindua dago itzulpena sorkuntza baino, eta hori ez zait onargarria iruditzen. Euskaraz sortutako testua militantziaz egina dela pentsatu eta huskeria bat ordaintzeko joera dago, eta itzulpenak ordaintzeko, aldiz, dirutza utzi behar izaten da».