Iruñetik ekialderantz abiatu eta autoan kilometro batzuk egin ostean Pirinioetako paisaia zoragarrietan murgildu gara. Zortea izan dugu, udaberriko arratsalde eguzkitsua da, baina hala ere igaro ditugun herrietan inor gutxi ikusi dugu kalean. Aurkitutako taberna urriak erdi itxita daude, herrietako plazak hutsak, eta jolasean ari diren haurren argazkia lortzea ezinezkoa izan zaigu. Gehienez ere, bankuan eserita dauden adineko bizilagunak, nekazari eta artzain gutxi batzuk eta ikastetxearen alboan seme-alaben zain dauden lauzpabost emakume topatu ditugu. Herriei bizia falta zaie, edo bizilagunak behintzat bai, eta datuak horren lekuko dira -ikus azken orrialdeko koadroa-. Hain zuzen ere, despopulazioa eta biztanleriaren zahartzea arazo komunak dira Pirinioetako herrietan.
Mugak oso zehaztuta ez badaude ere, Nafarroa Garaiko Pirinioak hainbat herrik eta Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari eta Erro bailarek osatzen dute -ikus azken orrialdeko koadroa-. Bailara bakoitzak 7 eta 12 herri artean eta 1.000 biztanle inguru ditu. Duela urte batzuetatik, «seme, ikasi ezazu, ni baino hobe bizitzeko» mezuak gazte asko goi mailako ikasketak egitera Iruñera eraman ditu eta gehienak hirian geratu dira lanean. Exodo handiena gaur egun 30 eta 55 urte bitartean dituzten lagunena izan zen eta hutsune hori nabaria da herrietan. Jende gaztea falta da, haur gutxi jaiotzen dira eta zahar asko dago. Ondorioz, despopulazioaz gain heriotzek ere biztanleriaren gutxitzea dakarte. Tradizionalki Pirinioetan nagusitu diren nekazaritza, abeltzaintza edo egurraren ustiapenen gainbeherak, hiriek eskaintzen dituzten lan aukerek, bikotea bilatzeko nahiak eta zerbitzu faltak ere askori eragin die herritik alde egiteko erabakian. Gainera, ondorioak bi norabidetan doaz: bizilagunak joan egiten dira, zerbitzu gutxi dagoelako, eta Administrazioak gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzen ditu herrietan, biztanleria gutxituz doalako.
Esaterako, bailara guztietan medikua ia egunero gerturatzen bada ere, medikuz asko aldatzen dutela diote bizilagunek. Otsagabian, azken urte honetan hamar bat mediku igaro dira dagoeneko. Ginekologoarengana joateko berriz, Zangozaraino gerturatu behar dira -Zaraitzutik 45 kilometrora- eta haurdunaldietan ez da batere atsegina. Gainera, ez dago Zangozarako autobusik eta adineko emakume gehienek ez dute gida baimenik. Pirinioetan garraio publiko gutxi dago, maiztasun urria du eta ez da herri guztietara iristen. Irakaskuntzari dagokionez ere, irakasleak urtero aldatu ohi dituzte, inork ez duelako geratu nahi, eta adin eta maila desberdineko eskolak osatu behar dira. Ikasgela berean lau maila bateratu izan dira. Halaber, 16 urte betetzerakoan ikasten jarraitu nahi dutenek bailaretatik atera beharra daukate. Argindarraren kasuan, neguan hirian baino argi eten eta argi gabeko ordu gehiago jasan behar izaten dituzte. Horrez gain, taberna eta denda ugari itxi dira eta masa kritikorik ez dagoenez, produktuen salneurriak garestiagoak izan ohi dira.
Benetako apusturik ez
Arazo horiei guztiei aurre egiteko lanean dabiltzan pertsona eta taldeen artean, Cederna Garalur elkartea aipa daiteke. Nafarroako mendietako herrien garapena du helburu eta Foru Erkidegoan zehar dituen garapen agentzien bidez, bideragarritasun eta aholkularitza lanak egiten ditu. Amaia Mauleonek 20 urte daramatza Nabaskozen (Zaraitzu) bizitzen eta Cederna Garalurren egiten du lan; zehazki, Erronkari eta Zaraitzu bailaretako arduraduna da. Bere ustez, ez da Pirinioen berpiztea sustatzeko apustu politikorik egin, ez Europako Batasunaren aldetik, ezta Espainiako nahiz Nafarroako gobernuen aldetik ere. Europaren diskurtso ofizialak aurrekontuen zati garrantzitsu bat nekazal politiketara bideratzen dela dioen arren, politika horiek ez dute lortu jendea lehen sektorean finkatzea eta sektore horri eustea garrantzitsua da, Pirinioetan duen tradizioa mantentzeko eta ingurumena eta dibertsitatea kontserbatzeko. Baina Europako laguntzak ez dira eraginkorrak izan, familia ustiapenak babestu beharrean, ustiapen handiak hobetsi dituztelako. Espainiako Estatuan errenta gehien jasotzen dituen pertsona Albako dukesa izatea adierazgarria da. Pirinioetako ustiapen mota, ordea, oso desberdina da eta hala ere politika bera da denentzat. «Lehiakorrak izateko, ustiapen handiagoak izatea sustatzen da -azaldu digu Mauleonek-, instalazioetan diru gehiago gastatzea, baina hemen ez da bideragarria, zonaldeko ezaugarriek eta klimak eraginda errentagarritasuna beste lekuetan baino txikiagoa delako eta merkatuan, ostera, edozein zonaldetako produktuek berdin balio dutelako». Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz gain, basozaintza ere gainbeheran dago. Konponbidea? Mauleonen esanetan, lehenengo sektorea ekonomikoki eta sozialki aintzat hartzea. Bertako ekoizpena diruz laguntzea beharrezkoa da, baina langileak erakartzeko hori bezain garrantzitsua da ogibide horiek ez gutxiestea eta gizartean baloratuak izatea.
Bigarren sektoreak, industriak alegia, ez du tradizio handirik, eta bizilagunek berau indartzearen inguruan iritzi kontrajarriak dituzte. Gazte ugarik Pirinio aurreko Agoitz herriko fabriketan egiten du lan eta fabrikak bailaretan ipiniz gero, belaunaldi berriak herrian bertan geratuko liratekeela uste du hainbatek. Mauleonentzat, berriz, Pirinioak industri zona bilakatzea zentzugabekeria da. Zonaldeko baliabide naturalei lotutako industriak badu zentzua, egurrarekin zer ikusia duenak, adibidez, «baina bat-batean ezin dugu pentsatu bailara bakoitzean ez dakit zenbat pertsona behar ditugula industrian lan egiten; oreka aurkitu behar dugu». Ekimen pribatua bultzatzea ere beharrezkoa ikusten du Félix Jamar Aezkoako Batzar Nagusietako lehendakariak. Bere esanetan, jendea gogorik gabe dago eta ilusioa itzuli behar zaio, zonaldean negozioak jartzeko laguntzak bideratu behar dira.
Esperantza turismoan
Hirugarren sektoreari edo turismoari dagokionez, bertakoak ados daude: Pirinioak erakargarriak dira, baina kalitate oneko turismoa eskaintzeko oraindik gauza asko daude egiteko. Turistak ez du dirurik uzten zonaldean, ez dagoelako non gastatu. Halaber, eztabaida bizia dago Egurraren Museoa eta Mendiaren Museoa egiteko, saltoki berriak irekitzeko edo Iratiko basoa berpizteko proiektuen inguruan. Jamarren iritziz, turismoak Pirinioen garapenaren motorra izan behar du. Dena den, Mauleonek ohartarazi du turismoa ez dela bailarek bizirauteko duten panazea eta arriskutsua dela zonaldeko ekonomia jarduera bakarrean oinarritzea. «Bizilagunek eta politikoek erabaki beharko dugu nolako eta nora arteko turismoa nahi dugun: zein turismo kopuru jasateko prest gauden eta turismo jasangarria ala makina bat lagun ekarriko dituen kapital handiko turismoa nahi dugun».
Aipatutako lan aukerak handitzeaz, sustatzeaz eta diruz laguntzeaz gain, herriek biztanleak bereganatu nahi badituzte, zerbitzuen hobetzea ezinbestekoa izango da, eta arestian azaldu ditugu jada Pirinioetan dauden zerbitzu gabeziak. Noski, bertara bizitzera doanak argi izan behar du hirietan baino zerbitzu gutxiago izango dituela. Horietako asko ezin dira herri guztietan jarri, jende oso gutxi bizi delako, baina bai ondoko herriren batean, inguruko guztientzat. Bizi kalitate ona eskaintzea da gakoa, eta era berean, zerbitzuek ekonomikoki Iruñean baino kostu handiagoa ez izatea. Egun, herrian bizitzea garesti ateratzen baitzaie bizilagunei. Etxebizitzak erosteko diru laguntzak banatzea eta azpiegiturak hobetzea ere jendea erakartzeko bidea dela uste dute bizilagunek. Inguruko herriekin nahiz Iruñearekin komunikatzen duten errepideak, adibidez, ez dira onak eta bihurgunez beteta daude. Komunikabideak hobetuko balira, Iruñean lan egin arren jendea bailaretan bizi ahalko litzatekeela eta despopulazioari aurre egiteko alternatiba egokia izan daitekeela uste du Cederna Garalurreko lehendakari José Javier Esparzak.
Aldaketaren atarian?
Hain zuzen ere, errepideen hobekuntza ildo nagusietakoa izango da Nafarroako Gobernuak abiatu berri duen Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoan. Besteak beste, gobernu nafarrak zonaldea zeharkatuko duen hiru erraileko errepidea egitea adostu du Frantziarekin eta Isuko portua hobetu nahi du. Pirinioetako Plan Estrategikoa idatziko duen lan batzordea martxoan sortu zen eta Nafarroako Gobernuko sail guztietako, Cederna Garalurreko, lau bailaren batzar nagusietako eta Pirinio aurreko Agoitz eta Irunberri herrietako ordezkariek osatzen dute. Lehenengo bilera martxoan bertan izan zuten eta plana idazteko sei hilabeteko epea adostu zuten, ekainean jada lehenengo zirriborroa aurkezteko itxaropena duten arren. Orain arte, planean jaso daitezkeen helburuak eta proiektuak aztertu dituzte, maiatzean zehar Pirinioetako hainbat lekutan izan dira, proposamen gehiago jasotzeko asmoz, eta ondoren, proiektu estrategikoak aukeratu, horien kostuak baloratu eta gauzatzeko epeak finkatuko dituzte. José Andrés Burguete Nafarroako Gobernuko Ingurumen Saileko kontseilari eta planaren koordinatzaileak ziurtatu digunez, proiektu horietako batzuk 2007ko aurrekontuetan sartzea eta hartara datorren urtean bertan abiatzea da asmoa.
Batzordeko ordezkariek planerako 300 proposamen baino gehiago jaso dituzte, horietako asko nahiko zehatzak -zaharrentzako egoitza egitea, ibai ingurua garbitzea...- eta horregatik ez dira onartuak izango. Burguetek argi utzi du hasieran behintzat soilik proiektu estrategikoak sustatuko dituztela, zonalde guztiari eragingo diotenak. Ekimenak oraindik ez daude guztiz erabakita, baina lan mundua eta ekonomia; azpiegiturak eta errepideak; gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuak; ingurumena; lurralde antolamendua eta etxebizitza dira hobetu nahi dituzten ardatz nagusiak. Félix Jamar Aezkoako Batzar Nagusietako lehendakari eta, beraz, batzordeko kidearen esanetan, euskara ere lehentasunen artean dago. Funtsezko kultur ondarea izanik, gazte eta adindunentzako euskara eskolak antolatzea eta zonalde guztian euskarari tratamendu berezia ematea da helburua. «Gobernuak duen jarrera duela ere, zonaldekoek horren aldeko apustua egingo dugu», dio ziur.
Mesfidati
Larrialdi Plana izenarekin ere ezagutzen dena berandu iritsi dela uste du hainbatek. Baina Ingurumen kontseilariaren arabera, Pirinioek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatuz eta helburuak ondo zehaztuz gero zonaldeko egoera alda daiteke, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa handia dela baitio; azken finean, sail guztiek hartzen dute parte batzordean. Cederna Garalur elkartea eta batzarkideak ere itxaropentsu ageri dira, planean Gobernua bera dagoelako. Argi dute aprobetxatu beharreko aukera dela eta proiektu estrategiko egokiak aukeratzen badira, Pirinioen egoerak hobera egin dezakeela. Zonaldeko bizilagunen artean, ordea, denetarik dago. David Salbotx Bidankozen (Erronkari) bizi da eta ez da fio: «Hauteskundeetarako 12 hilabete falta direla nabari da. Aurreko hauteskundeetan berdina esan ziguten eta lau urtetan ez dute ezer egin. Gainera, plan partehartzailea izango dela saldu digute, baina aurrez idatzia dutela uste dut». Kontatu digunez, Pirinioetan eskuineko independenteek agintzen dute eta Nafarroako Gobernuarekin harreman ona mantentzen dute. Horregatik, are harrigarriagoa iruditzen zaio orain arte ezer egin ez izana. Maite Madoz Otsagabian (Zaraitzu) bizi da eta berak ere zalantzak ditu. Plana hasieratik gaizki abiatu dela uste du, Gobernuak berak esan duelako bileretan nork parte hartu behar duen «eta Gobernuak badaki nori deitu dion. Bailara bakoitzetik gutxienez bi lagunek joan beharko lukete, iritzi desberdinak jasotzeko». Foru Gobernuak euskararen inguruan duen politika ikusita, hizkuntza horrek lehentasuna izango duela sinestea ere zaila iruditu zaie biei. Horrez gain, Agoitz eta Irunberri Pirinio aurreko herriak planean sartzea arraroa dela dio Madozek, bertan ez dituztelako bailaretako arazo berdinak eta biztanle faltarik ez dutelako. Are gehiago, etxebizitzak eraikitzen ari dira Agoitz eta Irunberrin eta Pirinioetako hainbat bizilagun bertara joan dira bizitzera.
Hala ere, bizilagunek onartu dute herritarren aldetik ere inplikazioa falta dela. «Errua gurea ere bada, ez gaude elkartuta eta badirudi ez dakigula benetan zer nahi dugun», aitortu digu Madozek. Azken finean, biztanle kopuru urria dela-eta, bizilagun askok kargu politikoren bat izan du eta jendea nekatuta dago. Erabaki egokiak hartzea eta proiektuak benetan aurrera ateratzea beharrezkoa izango da herritarren konfiantza berreskuratzeko eta Pirinioei bultzada emateko. Horretarako, Kataluniako Pirinioak eta Asturiasko mendialdea eredutzat har daitezke. Mendi aldeko herrien despopulazioa mundu guztian ematen ari den fenomenoa da -Araban oso nabarmena da, esaterako- eta beste lekuetan jarraitzen dituzten politikak kontuan hartzea komeni da. Nazioartean, landa eremuak laguntza ekonomikoen bidez sustatzea izan da gobernu gehienek hautatu duten bidea. Dena den, aldaketa eta ahalegin handiagoak egin beharko dira Nafarroako Pirinioetara belaunaldi berriak erakartzeko. Elkarrizketatutako pertsona guztiek esan digute etorkizuna zaila ikusten dutela, baina Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoa itxaropenerako atea izan daiteke. Etorkizunean, arratsalde eguzkitsu batean bueltatzen garenean tabernak irekita aurkituko ditugu agian, herriko plazak beteta, nekazari eta artzain gazteak lanean eta haur talde ugari kalean jolasean.
Nafarroa Garaiko Pirinioak
Nafarroako Pirinioek 1.895 kilometro koadro dituzte (Nafarroako %18a).Nafarroako %25 natur gune babestuak dira eta horietako %45 Pirinioetan daude.
39 herri
Abaurregaina, Abaurrepea, Aezkoako , Hiriberri, Agoitz, Artzibar, Aria, Aribe, Auritz, Bidankoze, Burgi, Erro, Erromantzatua, Erronkari, Espartza, Ezkaroze, Galoze, Garaioa, Garde, Garralda, Gazteluberri, Gorza, Irunberri, Itzaltzu, Izaba, Jaurrieta, Longida, Luzaide, Nabaskoze, Orbaitzeta, Orbara, Orontze, Orotz-Betelu, Orreaga, Otsagabia, Sartze, Urraulbeiti, Urraulgoiti, Urzainki, Uztarroze.
Biztanleria:
2005. urtean: Nafarroako biztanleriaren %1,9a.
1.000 biztanletik gorako herriak: Agoitz eta Irunberri.
500 biztanlera iristen diren herriak: Erro (747)
eta Otsagabia (651).
30 herri inguru ez dira 300 biztanlera iristen.
Iruñearekiko distantziak:
Gertuen: Agoitz (17 km.)
Urrutien: Uztarroze (104 km.)
Herrietako batez besteko ALTITUDEA: 668 metro.
Baxuena: Luzaide (367 metro)
Altuena: Orreaga (952 metro)
Iturria: Nafarroako Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoaren araberako datuak. Planak Pirinio aurreko Agoitz eta Irunberri herriak barne hartzen ditu.