argia.eus
INPRIMATU
Fagor Arrasateko bazkideen laguntza Seaska eta saharar emakumeentzat (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Fagor Arrasate kooperatibako bazkideek aurtengo beren irabazien %3 Seaskari eta Saharako El Aiun errefuxiatu kanpamenduko emakumeentzat ematea erabaki dute urteko batzar nagusian. Horren arabera, proiektu bakoitzak aurten 55.000 euro jasoko ditu. Erabakia urrutirago doa, datozen bi urteetan ere diru laguntza portzentaia bera errepikatuko litzatekeelako, Fagor Arrasatek bere salmenten %3 irabaziko balu. 500 bazkidetik gora dira Fagor Arrasaten, eta batzar nagusietan gai desberdinak bozkatzen direnean, gai bakoitzak parte hartze maila desberdina izaten du. Kasu honetan, 300dik gora bozka jaso ziren eta horietatik %85ek baiezkoa eman zion erabakiari. Proiektua aitzindari da Arrasateko kooperatiba munduan, diru hori ohikoan bazkideek poltsikoratzen dutelako. Fagor Arrasate kooperatibako langileek bi norabidetan bideratu nahi dute beren elkartasuna: batetik, Euskal Herri mailan, eta bestetik Euskal Herritik kanpora. Komunitate espiritua indartuz, azpimarratu nahi dute, halaber, ez dela bakoitzaren dirua, bazkide guztien diruarekin landutako proiektuak baizik.