argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a

Espetxe zigorra Asier Basaberentzat

Bilboko zigor arloko auzitegiko epaileak erabaki du Asier Basabek sei hilabeteko espetxealdi zigorra bete beharko duela, kondenak irauten duen bitartean hautetsia izateko desgaikuntza berezia izango duela eta prozesuak eragindako kostuak berak ordaindu beharko dituela. Basabe gernikarra istripu bateko lekuko izan zen eta epaiketan euskaraz deklaratzea eskatu zuen. Aukerarik ez zitzaion eman eta gaztelaniaz deklaratzeari uko egin zion. Agintaritzari desobeditzea leporatu diote. Orain arte hizkuntza eskubideak aldarrikatzea falta moduan hartu izan dute epaitegietan eta orain zigor penal bilakatu dute.



Epaileek, Pegenaute eta Villanueva auzipetzeko frogarik ez dagoela erabaki dute

Nafarroako lurralde Auzitegiko epaileek erabaki dute Hizkuntza Politikako zuzendari nagusi Pedro Pegenaute eta Hezkuntza zuzendari nagusi Fermin Villanueva auzipetzeko nahikoa frogarik ez dagoela. Euskara Kultur Elkarteak prebarikazioa leporatu zien, 2001ean euskararen erabilera komunikabideetan sustatzeko diru-laguntzen banaketan.



Leblanc EEPrekin

Tourreko 12. etapa Kanbon izango da. Bada denbora Euskal Herrian Euskaraz-ek Jean-Marie Leblanc Tourreko zuzendariari euskara erabiltzeko eskaera egin ziola. Leblanc-ek ez zuen erantzun. Orain, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Max Brissonekin eta Kanboko alkate Vincent Brurekin bildu da. Protokolo bat prestatuko omen dute euskarak tokia izan dezan Kanbon.



Bizkaia /Vizcaya eta Gipuzkoa / Guipuzcoa

EAJk eskaera egin zuen Madrilgo Legebiltzarrean, Gipuzkoa eta Bizkaia bi lurraldeotarako izendapen ofizial bakarrak izan zitezen. Eskaera erretiratu egin du ordea, PSOEk eta PPk ekimen hori ez dutela babestuko esan ondoren. EAJk atzera egitea erabaki du PSOE eta PPren ezezkoarekin gehiengorik lortzerik ez duelako, nahiz eta gainerako alderdi guztiek aldeko jarrera erakutsi. Alavaren ordez Araba erabiltzea ez da proposatu Alava/Araba izendapen ofiziala onartua baitago. EAJk proposatutako antzeko ekimenen bidez onartuta daude Girona (Gerona lehen), Lleida (Lerida), A Coruña (La Coruña) eta Ourense (Orense).