Ez Sarkozy eta ez Villepin, Clearestream aferaren lehen biktima Denis Robert kazetaria da. Denok entzun dugu asteotan Frantziako estatuaren muinean buruzagiak labanak aterata ari direla borrokan. Letra ttikiak irakurri dituena ohartuko zen Clearstream izena daraman eskandalu baten inguruan dela kalapita. Izen hori eman zaio material militar garestien salerosketetan ordaindutako komisioek Frantziako epaitegietan piztuarazi duten ikerketari. Jujeek aurkitzen dutenaren arabera, ministro bat ala bestearen karrera politikoa joango da hankaz gora, nork daki Jacques Chirac presidentearena ere. Frantziako zerbitzu sekretuetako goi kargu bat baino gehiagori lepoa seguru moztuko diotela. Baina bitartean, isilpean, benetako Clearstream afera argitara atera zuen kazetaria bera dago espetxera joateko arriskuan.
Denis Robert da kazetari hori, eta bere kontrako auziak bertan behera utz ditzaten sinadura bilketa antolatu dute adierazpen askatasunaz okupatzen den Liberté d'Informer kanpainaren bultzatzaileek. Zeren eta Luxenburgoko auzitegiak auzipetu egin baitu Robert, lehenago Frantzian artxibatu zuten gai batengatik. Gauza bitxia: 1996an Denis Robertek bildu zituen ustelkeria aferetan zebiltzan sei epaile nagusi eta hauek sinatu zuten "Appel de Geneve" delakoa (Genebako aldarria), Europa osorako justizi gune bakarra eskatzeko, eta orain bera harrapatu dezakete finantz erakunde handiek espazio judizial berriaren mekanikaren sareetan.
Hain zuzen Suitzako Geneban epaile horiekin azalduz lortutako ospearen eraginez hurbildu zitzaion Roberti 1997an Ernest Backes. Gizon hau Clearstream finantz etxeko zuzendari izana zen, eta bere nagusiei abisatu zienean korporazioa diru zikinen garbiketarako makina bihur zitekeela, ugazabek kanporatu egin zuten. Minduta, Backesek dokumentazio zehatza eskuratu zion kazetariari, eta hala sortu zen Clearstream afera.
Robert eta bere lankide Pascal Lorent banku baten gezurrezko hondoratzea ari ziren ikertzen Backes hurbildu zitzaienean. Baina berez handia zen eskandalu hura baino askoz gauza garrantzizkoago batekin egin zuten topo. Backesek Clearstreamen bezero guztien -bankuak gehienbat- zerrendak ekarri zizkien, eta kazetariak finantza-lerro paralelo baten aurrean aurkitu ziren. Alegia, legearen aurrean Clearstream erakundeak bankuen arteko konpentsazio ganbera lanak egiten zituen -eta gaur ere egiten ditu-, baina horren itzalean bertako salerosketetan parte hartzen zuten bezeroen arrastoak desegiten zituen; beraz diru zikinak zuritzeko makina erraldoi bilakatua zen. Erakundearen informatika buruaren lekukotasuna ere lortu zuten kazetariek eta honek horretarako prestatuta zeukaten software edo logiciela zehatz-mehatz deskribatu zien.
Ikerketaren fruitua liburu bat izan zen, Revelation$ eta film dokumental bat, Dissimulateurs, Frantziako Canal+ek eskaini zuena, biak ere 2001ean. Pascal Lorentek honela deskribatu ditu ondorioak: «Leherketa atomikoa espero genuen. Eta lurpekoa izan zen leherketa: Clearstreameko zuzendaritza kanporatu egin zuten». Luxenburgoko auzitegiek eskua sartu behar izan zuten, baina urteen poderioz ezerezean geratu zen prozedura, inor ez zuten auzipetu. Aldiz, kazetariek eta editoreek ziento erdi bat kereila nozitu zuten, eta haiei aurre egiteko -gero denak irabazi zituzten arren- denbora eta diru pila bat gastatu behar izan zuten. Bitartean, Clearstreamek segitu zuen patxada ederrean bere merkatua zabaltzen: 16.000 bezero 2000.ean, 35.000 hurrengo urtean...
Denis Robertek 2002an La boite noire (Kutxa beltza) argitaratu zuen eta Canal+entzako L'Affaire Clearstream racontée à un ouvrier de Daewoo filma produzitu. Dokumental hau aurrekoa baino zehatzagoa zen, eta aitzakia hartuz horrelako finantz erakunde batek herrialde oso bateko ekonomiari -Korean hala gertatu zen- ekar diezazkiokeen kalamitateak, esplikatzen zuen nola lortzen duen horrelako korporazio batek diru kopuru erraldoiak batera eta bestera mugitzea, diru beltzak zuritu eta gobernuak hankaz gora jarri ditzaketen erabakiak hartzea, eta bere bidez lan egiten duten korporazioen arrastoak desagertaraztea.
Clear stream: erreka garbia?
Hori da benetako Clearstream afera. Baina horrelako erakunde bat erabiltzen baita estatuek egiten dituzten salerosketa handietan sortutako komisioak garbitzeko makina legez, dosier horren adar gisa sortu zen Clearstream 2 dei genezakeena. Frantziak estatuak eta bertako zenbait enpresa handik 1991n Taiwani saldutako gerraontzi batzuk direla eta, Parisko bi epaileri norbaitek -era anonimoan- paper batzuk bidali zizkien erakusten zutenak nola manejatu ziren orduko 5.000 milioi franko (800 milioi euro inguru) balio zuten komisioak. Jujeek berehala ikusi zuten paperok faltsuak zirela. Baina jakin behar da paper horiek benetako Clearstream aferako dokumentazioen itxura dutela. Hala ere, itxura hutsa izanagatik, Sarkozy eta Villepin-Chirac bikotea hil ala biziko borrokan sartu dituen saltsak hartu du geroztik Clearstream izena.
Pascal Lorent kazetariak honela idatzi du bere lagun Denis Roberten blogean: "Afera guztien afera dena komisio kontu batera mugatzea, maltzurra eta arriskugarria da. Honek urrutiratu egiten baikaitu sakoneko arazotik: badagoela finantza paralelo bat, mugarik gabea, inork kontrolatu ezin duena eta inork kontrolatzen ahalegindu nahi ez duena, Clearstream bezalako tresnez baliatzen dena. Tresnok beren legeen arabera dabiltza eta ozen salatuak izan arren oraindik etorkizun oparoa daukate. Horrek sutzen nau orain Clearstream afera deitzen duten horretako paper eta txibato kontuak entzuten ditudanean. Arazoa da bankuen bankua, Luxenburgon egoitza duena, askatasun osoan ari dela lanean. Okerrago oraindik, bere tripak erakutsi izana beste bekaturik ez dutenei erasotzeko bezain ahaltsua da".
Bere esperientziak bilduz liburua argitaratu du Denis Robertek,
La Domination du Monde. Honela aurkeztu ditu egilea eta liburua Bernard Langlois kazetari ezagunak -GAL zela eta erreportaia egin eta telebista frantsesetik kanporatu zuten hark-
Politis astekari ezkertiarrean: «Robert Eroa. Denis Robert erotuta dago.
Libérationeko kazetari ohi hau arrisku handiko abenturan murgildu da. Luxenburgoko banku handi bat ikertu du, Clearstream, bankuen arteko konpentsazioetan (kontutik konturako mugimendu informatizatuetan) berezitua, eta horrela aurkitu ditu ezkutuko kontuak, eskritura ezabatuak, diru zikina garbitzen duela dioten frogak». Langloisek berak aitortzen du liburuaren ondoren, deus ez dela pasatu... ikertzailearen kontrako erasoa izan ezik.
Roberten aldeko kanpainak egiten ari direnak kezkatuta daude kazetariaren etorkizunarekin, eta Europa mailako sinadura bilketan ari dira. Galdetzen baduzu nola gerta daitezkeen horrelakoak Luxenburgo bezalako herrialde batean, hona gakoetako bat: hemen gizon bera da Justizia, Ogasun eta Aurrekontu ministroa.
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.