argia.eus
INPRIMATU
Eredugarriak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a

Espainiako agintariak. Boliviarrek hautatu lehendakariak, bere programan zioena betetzeko eman du lehen pausoa, erregaien nazionalizatzea gauzatzera doala alegia. Nazio baten ondasunak bertakoen esku izatea oinarrizkoa dirudi, nahiz eta honek, berez ez bermatu ondorengo politikak justizia izango duenik zutabe. Argi dagoena da, hori gabe nekez egin zitekeela ezer txukunik, jendartearen bizimodu duinak eskatzen duen fundamentuzko kudeaketarik. Errazegi onartzen dugu zakurren ipurditik joandako talde finantzieroek, bereak ez diren lurraldeak xahutu eta harrapatzen duten guztia bi sosen truk eramatea, bertan miseria latzean daudenak miserableago utzita. Baina Evo Morales batek, agindu bezala, aski dela esan du. Eta Espainiako konpainia bat lazoan harrapatu du, bere orain arteko etekinak segidarik gabe utziz nonbait. Azkenaldion Espainiako agintean dagoen alderdiko erdi mailako morroi batekin otu zait egotea. Asaldatuta dago. Ez omen du honek boliviarren biziera hobetuko. Areago, fortuna berriak sortuko omen ditu agintari berrien artean. Beraz, Repsol ongile eta ezinbesteko dute, bestela ezer probetxuzko egiteko gauza ez diren boliviarrek. Eta hau dioenak sozialistatzat du bere burua. Eta ni Charles Chaplin.