argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Txernobilen ondorioak Europan

1986ko apirilaren 26an Txernobilgo 4. erreaktorea lehertu zenean Ukrainiako, Errusiako eta Bielorusia bete-betean harrapatu zituen askatutako erradioaktibitateak. Hurrengo egunetan erradioaktibitatea Europako leku askotara barreiatu zen. Datu hauek ezagunak izan dira ia hasieratik, baina inoiz ez da argitara eman leku bakoitzera zenbateko erradioaktibitatea barreiatu zen. Joan den astean Frantziako erradio-babeserako eta segurtasun nuklearrerako Institutuak (IRNS) datu gehiago eman ditu Txernobilek eragindakoari buruz.

Laino erradioaktiboa hauts eta hondakin nuklearren partikulez osaturik zegoen eta Europan zehar barreiatu zen 1986ko maiatzaren erdira arte. Partikula nuklearren dentsitatea galtzen joan zen egunek aurrera egin ahala eta istripu-lekutik distantzia handitu ahala.

Frantzian maiatzaren lehenean neurtu zen partikula-kopururik handiena, hamarka becquerel batzuetakoa hain zuzen ere. Une horietan Txernobilgo inguruetan kutsadura 10 milioi becquerel-ekoa zen.

Horietako laino batean dauden hiru elementu erradioaktibo nagusiak iodo 131, zesio 134 eta zesio 137 dira. IRSNak mapa animatu bat prestatu du zesio 137 elementua jarraituz. Mapa horren arabera, estatu baltiarrak eta Eskandinavia izan ziren eragina jaso zuten lehen europarrak eta ondoren Europako mendebaldera barreiatu zen lainoa, Espainia eta Portugalera hain zuzen ere. Azkenik, Balkanetara eta Europa Erdira jo zuen.

Frantzian ez da tiroideen minbizien hazkunderik nabaritu Frantziako osasun zaintzarako institutuak dioenez; ez da horrela izan Ukrainia, Bielorusia eta Errusian, horietan minbizien kopurua asko handitu baita, batez ere haurren kasuan. Datu zehatzak ez dira eman eta ezkutatuta mantentzen direla uste da, zeren eta sekretismoa ikerketara ere ailegatu baita. Hauxe da Bielorusiako Iouri Bandajevski ikerlariaren kasua, beren ikerketen txostenak zentsuratu egin baititu Bielorusiako Gobernuak eta ondorioz, Frantziako Estatuan, Clermont-Ferrand-en hain zuzen ere, finkatu du bere ikerketak aurrera eramateko lekua.

Ikusten den bezala datuak tantaka ateratzen dira eta datu horien gaineko presio politikoa izugarria da.