argia.eus
INPRIMATU
Kristauak ala... XIX. mendeko estatubatuar harrobi oparoa?
Unai Brea @unaibrea2 2021eko uztailaren 28a
Talde horiek indar handia hartu zuten denboraz, eta gaur egun jarraitzaile asko daukate mundu osoan. Euskal Herrian behinik behin, mormoiek eta Jehovaren lekukoek kide ugari daukate: milaka batzuk euretako bakoitzak, gehixeago Jehovazaleek.

Jehovaren lekukoak elkartea Charles Taze Russellek sortu zuen 1872an, hainbat taldetan -adbentistak barne- ibili eta gero. Hale ere, taldeak ez zuen gaur egungo izena XX. mendeko 30eko hamarkada arte hartu. Jose Antonio Tudea taldeko harreman publikoen arduradunaren esanetan, Biblia amorruz aztertzeari ekin zion Russellek; Jehovaren lekukoek, oraindik, Biblia irakurtzen dute arreta handiz, baina eurentzat propio egindako itzulpena darabilte. Etxez etxe ibiltzen dira aldizkariak banatzen, eta kide berri bila.

Mormoiak ere aritzen dira kide berri bila, baina hauek badute horretaz arduratzen denik: misiolariak. Inoiz ikusiko zenituzten, eta ohartuko zineten atzerritarrak direla gehienak. Mormoien arauak dio misioilariek urte bi eman behar dituztela etxetik kanpo, gaztetan, eta familiarekin lotura guztiak hautsita. Euskal Herriko misiolaririk bada -eta bada-, ez dabil hemen.

Jesus Hidalgo mormoiak eman digu bere elizaren zenbait ezaugarriren berri: "Jose Smith profetak sortu zuen, XIX. mendean. Hainbat elizatan bila ibili eta gero, Jaungoikoa agertu zitzaion, eta ez bilatzeko gehiago esan zion, eliza guztiak oker zebiltzala". Smithi eman zitzaion, orduan, benetako eliza sortzeko agindua: Jesukristoren Azken Egunetako Santuen Eliza, mormoiak lagun artean. "Izan ere, Bibliaz gain, Mormoien liburuari jarraitzen diogu". Bibliari baino dezente jaramon handiagoa eginez, kristau gehienek leporatzen dietenez. Batzuren ustez, AEBen neurrirako egindako erlijioa da mormoiena. Besteak beste, Jesusen itzulera AEBetan gertatuko dela iragarrita daukate. Jehovaren lekukoek bezala, bizimodu purua egiten saiatzen dira, erre gabe, alkoholik edan gabe (Jehovaren lekukoek har dezakete, neurri txikian)… Mormoiek, gainera, debekatuta daukate kafea eta tea hartzea, eta jaunartzea -Jesusek hala agindu omen zion Jose Smithi, agertu zitzaionetako batean- urez egiten dute, ardoaren kaltetan.

Talde biek gorputza guztiz urperatuz egiten dute bataioa, eta sekula ez jaio berriei, ume koxkorrei baizik. Jehovaren lekukoek debekatuta daukate ezkondu gabe egotea eta, ezagun denez, odol transfusiorik onartzea.

Zazpigarren Eguneko Adbentistek, berriz, hainbatetan iragarri dute munduaren amaiera, huts eginez bistan denez. Hauek ere euren profeta daukate noski: Ellen Harmon, XIX. mendeko AEBetako noraezak emandako beste produktu peto bat. Aipatzekoa da -hortik datorkie izenaren zati bat- adbentistek larunbata dutela jai eguna, eta ez igandea.