argia.eus
INPRIMATU
Justizia ezartzea ez da Jainkoaren betebeharra
Josemari Velez De Mendizabal 2007ko otsailaren 21a
Ostegun Santuko elizkizunetatik etxeratu berri jarri naiz ordenadorearen aurrean, nire baitan piztu -berpiztu- den sentsazio desorekatzailea oraindik uxatu gabe. Judutarrak Egiptotik ateratzeko aingeru batek egipziarren sendietako maiorazko guztiak zein abere taldeetako adinduenak hiltzea ez dut sekula ulertu ahal izan. Bazkoko arkumearen odolez judutarrek zipriztindutako euren ateen aurrean geratu gabe pasatu bide zen aingeru akabatzailea, exodoari hastapena emanez. Historia Sakratuaren liburuetan gazte ginela ikasi genuen hura guztia errepasatzeari ekinez gero zalantza ugari sortzen zaizkit.

Istorio haietatik auskalo zenbat mila urte geroago munduko bazter guztiak dantza makabroan ari dira, eta oporraldi laburreko lehen egun honetan ere albistegiak lutuz jantzi dira, gehienetan teokraziaren garro azpiratzaileen eskutik. Jesus jaio zeneko Palestina hartan agintea Erromak zuen moduan, gaur estatubatuarren aliatuek itoarazten dute lurraldea, itxaropenerako bide eskasarekin. Eta teokrazia aipatu dut kontzientzia osoz, izan ere Bush eta enparauek erlijioaren izenean haizatzen baitituzte banderak. Iparamerikar protestante eta katoliko eskuindarren %40aren botoekin atera zen garaile Bush eta, garbi dago, erlijioak zerikusi handia du estatubatuar politikagintzan.

Mendebal zibilizazioa teokraziak -kristokrazia- zuzentzen duelakoan nago. Kristoren izenean mintzatzen zaizkigu agintari ugari, Bushen eskutik jainkoaren grazia iritsi ahal izan balitzaie bezala. Eta Mesias berria da Bush askorentzat, on eta gaizkiaren mugak ezartzeko gai bide baita. Amerikako Estatu Batuetan sortutako kristau faxismoa gero eta nabariagoa da plangintza ekonomiko, militar, kultural eta politikoetan.

Nik ez dut inoren erlijioaren izenean harritzarrik gosaldu nahi. Eta, are gutxiago, erlijioa eta morala bereizi ezinak direla sinestarazi nahi diguten horiekin. Eta zaku berean jartzen ditut, kasu honetan, bushkideak eta binladenkideak. Bi muturrak zeharo kaltegarriak dira eta ezingo dugu burua jaso, etika erlijioaren barruan bakarrik lortzen dela defendatzen duten horiek desenmaskaratu arte.

Baina erlijioa eta politika eskutik joan daitezkeelakoan nago. Areago, elkarren ondoan joan beharko dute, gizadia onbidetik garatuko bada. Erlijio guztiak justiziaren moralean eraiki ziren. Jesusek berak, Jerusalemera sartu zenean, bere herria pairatzen ari zen esplotazio eta kolonizazioa salatu zuen. Zoritxarrez, fede oneko pertsona askok erlijioaren kontra jo dute politika zuzena burutzearren. Baina horiei gogorarazi beharko litzaieke erlijio tiranoa den moduan erlijio iraultzailea ere badela, herrien eta gizakien askapenerako bultzatzen duena.

Kristau kulturan hazita eta hezita, ez zait interesatzen Bushen askatasuna. Ez dut maite agintari klasearen interesei jarraitzen diena, kapitalismo korporatiboaren politika neoliberalistaren gainean eraikia. Amerikako Estatu Batuen aurrekontuetako ia erdia armagintzan inbertitzen da... eta populazioaren %12,7 -ia 40 milioi biztanle- txirotasunean bizi dira. Hori bai: munduko biztanleriaren %6 diren arren, planetako aberastasunaren %48 kontsumitzen dute. Kontuak ez zaizkit koadratzen. Eta zer esan, euretariko %2k estatuko ondarearen %40 duela dakigunean? Bushen fanatismo politikoarentzat, bere menpeko hiritarren arteko diferentzia soziala pekatuan datza, batzuek -ahaltsuek- Jainkoaren ukitua duten bitartean besteen porrota -gero eta gehiago- erlijio desbideraketaren ondorioarengatik dela baieztatzen delarik. Hortik, hain zuzen, damu pertsonalerako dei publiko etengabeak! Eta hori guztia bere menpekoentzat badauka, zer ez du esango "amerikarren Jainkoa", "gure Jainkoaren borondatea", "estatubatuar demokrazia" eta halakoetan sinesten ez dutenentzat? Galdetu Afganistanen, Iraken edota Palestinan.

Interesatzen zait, ordea, bakea egiten dutenentzako justiziaren hazia bakean ereitea. Izan ere, gatazka globalek eragina dute toki mailan eta munduko edozein kantoitako miseriari nola erantzun dakiokeen asmatzean datza eguneko iraultza. Bakea ez baita, soilik, gerrarik eza, justiziaren presentzia eta garaipena baizik, dimentsio guztietan. Eta, otoi, bakerik eza ez da inongo Jainkoaren erruagatik! Jainkoak ez du irtenbiderik ekarri behar. Bakea, justizia, askatasuna geuri, gizon emakumeoi, dagozkigu eta.