Aita bedeinka nazazu, zeren egin baitut bekatu.
-Gurutzearen seinalea egin du- Has zintezke zure bekatuen aitortzen.
Elizako ate zilotik egon naiz beha, eta apez bat ikusi dut eliza kritikatzen, haserre: «Vatikanoko harresien gibelean, ikusmolde bakarreko munduan dago oraino eliza bat... bulegokrazia hor dago sekulan baino indartsuago, egiaren jabe dela sekulan baino segurrago.» Bizar zuri gisako bat bazuen.
Eta bai, nik hala ikusten dut. Apez horiek bizi dira beren bulegoetan, mundua ez dute ezagutzen, eta ari dira zernahitaz legeak ateratzen. Adibide bat emateko, erabaki dute monagilo izateko behar zela mutikoa izan, neskek ez dute eskubiderik monagilo izateko, eta hain zuzen zenbait hilabete lehenago aita saindua Parisen zen gazteekin, milioi bat edo baitziren han. Han aita sainduaren inguruko monagiloetan erdiak baino gehiago neskak ziren, orduan bada hor zerbait joan ez dena. Ez diot nik eliza ez denik aldatu, hartzen baduzu eliza orain eta Jondoni Petriren denboran ez da gauza bera, duela berrogeita hamar urte izan zen gaitzeko aldaketa, baina gero arrastak tinkatu dira, mundua joan da gu baino fiteago, eta orain atzeratuak gara. Mundua aldatzen da eta elizak behar du munduari jarraiki. Beste adibide bat apez eskasiarena da, apezik ez da. Iparraldean egonen gara gutienez hamar urte apez berri bihirik gabe, eta duela berrogeita hamar urte hamar urtez ehun eta piko apez berri baziren hemen. Ikusten duzu zer beherakada den? Elizak iraun nahi badu, ez da apezekin aski, baina apezak ere behar dira. Eta ene ikusmoldea da, eta beste askorena ere, beharko direla aita familiakoak apeztu.
Alta nik amets egin dut ama familiakoa nintzela, eta han nengoela Vatikanoan, konklabean, kardinalen artean. Ama, emazte, eta kardinal hala ere.
Ene ustez behar litezke emazteak ere! Gaurko elizan ez du lege bihi batek ere debekatzen emazte bat kardinal izatea, ez baita apez izan behar kardinal izateko. Frantziako historian baduzu Mazarin: Mazarin kardinala izan zen, ez zen apeza. Beraz ez da apez izan beharrik, eta zergatik ez emazte bat kardinal. Eta beste gauza bat erranen dizut, Vatikanoan behar lituzkete gutienez hamar urtetarik aldatu han diren guziak. Itzuli mundura, apez lanak egin, eta ikusi mundua nola bizi den, beren bulegoetarik atera. Jende berriak sartuz gauzak alda litezke.
Eta lehengo apez hura ikusi dut gero, galdetuz bere buruari ea sinesten zuen, ea bere sinesmenak ez ote zuen zalantzarik.
Nik ez dut sinesten Vatikanoko apez horiengatik. Nik sinesten dut Ebanjelioagatik, Jesusek erraten duenaren balioagatik, eta niri iruditzen baitzait hori beharrezkoa duela gizonak mundu hau ongi ibil dadin. Eta gaizki badoa hori baztertua delakoz da. Horretan dut nik sinestea, ez Erromako apezetan. Nik fedea ez dut galduko, baina dudak? Izaten ditut bai dudak. Dudarik ez duena enetzat fundamentalista da.
Badut manamendu bat ongi betea, ez dut ene lagunaren emazterik desio, ez baitut emazterik desio ere. Gizonezkoa naiz, eta gizonezkoak desio ditut.
Vatikanoko horiek erranen dizute bekatuan zarela. Baina nik pentsatzen dut hori errateko horiek ez dutela behin ere guk txikitan ikasi dugun dotrina edo katixima hura ikasi. Han ikasiko baitzuten bekatu egiteko behar zela zerbait gaizki egin eta nahitara. Norbait homosexuala baldin bada nik ez dut ikusten zer egin duen gaizki, eta gainera bigarrenekorik ez da bere nahietara, horrela da eta kito, batzuk homosexualak dira eta besteak ez. Beraz, horretan ez da bekaturik izaten ahal eta ez dut ulertzen zenbaitek nola erran dezakeen bekatu dela hori. Hori urte laburrik barne desagertuko da. Nik ez dut uste hemen urte gutiren buruan norbait izanen den erranen duenik homosexual izatea bekatu dela, horrek ez du ez bururik eta ez buztanik.
Azken afariko pasadizoa aldatu dut mundua hobeki ulertzeko. 4.000 arrainekin eta 2.000 ogirekin Jesusek bost laguni eman die jaten, eta beste milaka ari dira gosez hiltzen, bost horiek okituak direlarik.
Sistema da aldatu behar dena, baina gure zuzendariek ez dute aldatu nahi. Badira sobera interes jokoan. Eta nik ez dut konprenitzen ahal zer egiten ahal duten hainbeste dirurekin. Izan dezazun soldata eder bat, eta doblea ere nahi baduzu, baina gero hein batetarik goiti zer deabru! Ez dute xahutzen ahal ere diru hori! Denak bizitzekotan banatu behar da lurrak ematen duena. Baina gaur egun bagara miliar bat bizi garenak gure ahalak baino gehiago xahutuz. Miliar bat jende baliatzen da beste lau miliarrez edo bostez. Ehuneko hogeik baliatzen dugu lur honetako aberastasunaren %90, goxoan, eta beti gehiago nahi. Gure ekonomia martxatzeko beti goiti egin behar du. Nora arte joaten ahal gara goiti? Jadanik sobera kontsumitzen dugu. Eta ikusten duzularik Txina zer abiaduretan ari den goiti, eta India, ikusten nora ari garen? Ez da posible. Baina ez dut ikusten nork eta nola alda dezakeen hori. Eta ondorioz ene gogoeta da lur honek leher eginen duela denbora laburrik barne. Nik ez dut ikusten besterik. Eta oraino hori gauza bat da. Baina ez dakit gizonak ez duenez leher eginen lehenago. Gizonetan ere gauza bat jadanik ikusten da. Kirolean, nor dira hoberenak? Beltzak. Gure gorputza ari da ahalak galtzen eta eritzen. Dena kimikaz beteak gara. Hirurogeita hamar urtez gizonaren hazian diren espermatozoideak erdiratuak dira. Ikusten duzu zertaraino hunkituak garen?! Gure etxean, pentze zola batean, bada erreka bat, eta ene haur denboran beti bazen ura han, txipak eta horrelako arrain txiki batzuk. Eta ene anaiak erraten dit: «Orain udan agortzen da, arrainik ez da gehiago». Eta mundua ere horrela bilakatuko da. Nik diot oraingo haurrek ez dutela erretiro arazorik izanen, hilen baitira lehenago.
Jesus uraren gainean ibili zenekoa irakurri dut. Eta ni ere uraren gainean etorri naiz Afrikatik, Gibraltarren ibili naiz oinez ur gainean, eta hesia saltatu dut eta sartu naiz Europan. Eta paperik gabe bizi naiz.
Hor bada bekatua! Jende askori kalte egiten baitiogu guk, Mendebaldeko jendeek. Badakigu horrela dela, eta ez dugu ezer aldatzen. Ez da normal Afrikan bizi daitezen egunean euro bat baino gutxiagorekin, ez dezaten urik izan edateko eta duten hura hain txarra non Europako araudiak debeka baitezake gure nekazariei ur hori behiei edo zerriei ematea, eta gu hemen garen bezala bizitzea. Ikaragarrizko diferentzia hori ezin onartua da. Hemen balitz horrelako esplotazio bat gerla piztuko litzateke. Baina urrun baitira, eta ez baitute ahalik, horrela segitzen du. Ni beldur naiz egun batez gertatuko dela Pariseko auzo horietan gertatu dena duela zenbait hilabete, oldartuko dira. Eta zer inporta zaie haiei jitea, eta bonba bat ezartzea metroan, Madrilen edo Parisen. Horretaratuko gara. Aljerian nintzelarik norbaitek erran balu arabiar batek bere burua hilen zuela nahitara bonba batekin, hain zen ezin asmatua, non ez baitzizuten kasu ere eginen. Orain horretaratuak dira, horretara ekarririk beren egoerak. Eta haiek ere aski sufritzearen bortxaz horretaratuko dira egun batez. Pagatuko dugu egun batez, guk ez bada gure haurrek.
Amesgaizto bat ere egin dut, eta mundu osoa Abel eta Kainez betea ikusi, eta jendea elkar hiltzen, baina ez inbidiaz, ez harrokeriaz, ez beste deusengatik. Jendea erlijioagatik ikusi dut elkar hiltzen.
Ez da erlijio bihirik galdetzen duenik norbait hiltzea. Aldiz, denek debekatzen dute. Baina gizonak baliatzen dira erlijioaz jendeen hilarazteko. Bi gauza nahasten dira hor. Har ezazu Irlandako afera: erraten dute protestanteen eta katolikoen arteko gerla dela. Ez da behin ere hala izan. Horrekin gorde nahi dute beste arazo bat, gustatzen ez zaiena oraingo politika jende batzuei. Gertatzen da irlandarrak katolikoak direla eta ingelesak protestanteak, baina arrazoia ez da horretan. Da, ingelesek hartu dutela boterea eta ez dutela utzi nahi irlandarrei beren lurren jabe izatera. Hori da egiazkoa. Har ezazu Palestina. Erraten dute mahomatar eta juduen arteko arazo bat dela. Ez, Palestina juduek hartu dute, edo ukan dute beren zokoa duela berrogeita hamar urte, eta hori doblatu dute, eta doblaturik ere nahi dute gehiago hartu oraino gelditzen den poxi hartarik. Jendeak oldartzen dira juduen kontra ez erlijioagatik baina beren lurraren jabe nahi baitute izan. Gertatzen da gehienak musulmanak direla. Egia da, ikusiz eta palestinarrak zer egoeratan diren, eta haien gehiengoa mahometarrak izanez, badela elkartasun bat mahometarren artean. Baina ez da erlijioaren afera, uzten balituzte bakean palestinarrak... Nik uste orain ditugun arazo guziak mahometarrekin horretarik heldu direla. Eta fundamentalismoa eta joanen dira goiti Palestinako arazoarengatik. Hori ez balitz hor izan nik ez dut uste arazorik izanen zenez. Zeren eta Frantzian badira mahometarrak, eta ni haurra nintzelarik baziren jadanik. Eta ez zen orduan arazorik mahometarrekin, gero dira gertatu horiek denak.
Ni naiz hain justu kamikaze horietarik bat, diote bizia jainkoak eman eta kentzen duela, baina niri eman ere ez baitit egin, banoa nire biziaren kentzera beste batzuei ere kenduz. Eta heldu naiz zuregana jakin nahian gero izanen den zeruan leku bat niretzat.
Ez da etorriko hori niregana konfesatzera. Eta gainera etortzen balitz ere, gizona horretaratua delarik zer erranen diozu? Horretaratua delarik desesperatua da, ez du beste aterabiderik ikusten. Ez diozu hari morala egiten ahal, ez da posible. Hark sobera min du bere tripan zerbait arrazonamendu entzuteko.
Palestinatik Euskal Herrira etorriz, mandamenduen artean irakurri dut: «Ez duzu hilen». Baina ni sasian ibili naiz, kaputxa jantzita, eta hil dut. Orain armak pausatuak ditut eta zuregana heldu naiz bekatuen balantza nola dudan jakitera.
Palestinarrek hiltzen dute, bon, ez naiz akort haiekin, baina arras ontsa konprenitzen dut zertaratuak diren. Hemen ere badira hautu hori egin dutenak. Ez dut konparatzen ahal hori sos irabazteko hiltzen ari den batekin, oso gauza diferentea da. Eta behar du diferentzia hori egin hala ere. Gero zerbait ekartzen duen hiltzeak? Aitortu behar da ez dela aise gauza horien arrapostua ematea. Hamalauko gerlan, hil zuten, erranen diezu hamalauko gerla egin dutenei ez zutela hil behar? Berrogeiko gerlan, alemanen kontra joan baitira, haiek ere hil dute, eta nork erranen die ez zutela hil behar? Eta Aljeriako gerlan, aljeriarrek ere hil dute, ez zuten egin behar? Frantsesek ere hil zuten. Norbaitek erran du moralaren kontra ari izan direla? Nehork ere ez! Hor ere bada hipokrisia bat, gauza batzuk ikusten dira eta beste batzuk ez.
Hain justu, ikusi zintudan nik Aljerian duela urte anitz, gerlan. Ez duzu zuhaurrek bekaturik egina?
Nik ez dut egin. Bistan dena bekatuan zirenak laguntzen nituen, hori hala da, ontsa so egin eta. Baina nik banuen formakuntza bat, apezgai nintzen. Bestalde ez nuen armarekin ari beharrik izan, ari nintzen irratiarekin eta horrela. Ez da gauza bera ere eh! Bertze anitz ez zen formatua, behin ere ez ziren beren herritik ateraiak. Eta han pausatu ditu munduak. Ene liburu batean aipatzen dut, Hoztako (Nafarroa Beherea) mutiko baten istorioa. Pentsa, Hozta han da, zoko batean. Lehen aldia zen herritik ateratzen zela soldadu joan zelarik. Hozta, mendiz inguratua, eta delako mutikoa ateratzen da Larzabaleko «ordoki»ra. Harritua, so eskuin, so ezker, zer munduaren zabala! Ikusten duzu hura Hoztatik ateratzen eta gero Aljeriako gerlako giro hartan? Ez zuen ihardokitzen ahal, ez zen posible. Eta horrelakoekin, Aljerian ikusi nuen nik nornahik zernahi egiten ahal duela gisa hartako egoeran baldin bada. Den gizonik hoberenak ere gisa hartako egoeran sarturik zernahi egiten ahal du. Erahiltze, eta torturatze, eta zernahi. Giroak hartzen du. Ez da jakiten ahal nork zer egiten ahal duen eta nork zer ez.
Nik ikusi dudana da Kalbarioko mendian Jesusek izan zuen gurutze bidea, eta iruditu zait euskara ikusten nuela Iparralde honetan, sufritzen, hiltzera bidean, bere gurutzea berak bizkarrean zeramala.
Bai, bai, Iparraldean pesimista naiz euskararentzat. Egia da ez dela behin ere orain bezain bat kontzientzia izan. Duela hogei urte ez zen sekula, orain Max Brisson mintzo den moldean mintzatuko RPRko norbait euskaraz eta Euskal Herriaz. Hor izan da aldaketa bat bai jendeen aldetik eta bai politikoen aldetik. Baina ezkorra naiz hala ere. Eta euskaldunak gu gara lehenik hobendunak. Izan naiz ostegun arratsean Izpurako antzerkian, euskaraz, eta gero entzuten nuen anitz jende frantsesez mintzo. Hor bada zerbait ongi ez doana. Abertzaleak ari dira frantsesez elkarren artean eta nola nahi duzu besteak ari daitezen euskaraz gu frantsesez ari baldin bagara? Erraten dute herriko aldizkarian eta behar litekeela euskara gehiago sartu, biziki ontsa, har ezazu Enbata. Enbata sortua da duela berrogei urte, eta duela berrogei urteko toki bertsua du orain euskarak Enbatan. Ez da aitzinatu, eta berdin abertzale aldizkari guziak, hemen hala han. Hegoaldean har Gara ere, espainolez da, eta hemen frantsesez, orduan nola galda besteei euskaraz mintzatzea guk ez baldin badugu egiten? Ez da posible. Eta horregatik diot nik, fundamentalista hor izan behar dela, euskararendako fundamentalista naiz ni.
Ikusi zintudan bai kalizatik esperantza edan nahian, eta ezinean, xortarik ez ukaten. Biraoka bezala ari zinen Iparraldeko politikaz, etsia...
Ah, hori horrela da, nik esperantza guti dut Iparraldea aldatuko dela. Ez ditut ikusten gure politika gizonak departamendua onartzen. Alta ez da gauza handia. Baina Frantzia hain da ezin hunkia! Orain behar dira bildu 46.000 izenpedura. Heldu da lauetarik batek behar duela izenpetu. Barnealdean eginen da, baina Baionan eta Miarritzen bilduko al dira? Alta jende gehiena han da eh! Han dugu geroa. Baina gero eta jende gehiago kanpotik heldu da. Urtean sartzen da hemen kanpotik lau milako bat jende. Hori da problema, hemen hiltzen da sortzen den baino 450 jende gehiago, herri bat desagertzen da urte oroz. Baina hori estaltzen dugu kanpotik jende etorraraziz. Hegoaldean ere berdin da; behar litezkeen haurren erdirik ez da. Eta han ere estaltzen da jendea kanpotik etorraraziz. Baina hori artifiziala da, hori arazoa ez ikusteko begiak gordetzea da. Eta arazoa da gure herria ari dela hiltzen.
Gero, Jondoni Petriri irakurri diot pasarte batean: «Zuek esklaboak, zaudete errespetu osoz zuen nagusien menpeko, ez bakarrik on eta bihozbera direnen menpeko, gogorrak direnen menpeko ere bai». Eta ni kalera atera naiz manifestatzera, pankarta batekin, eta pankarta horretan Jondoni Petriren hitzak De Villepinen aurpegiaren ondoan emanak nituen.
Jadanik Jondoni Petrik Biblia ez zuen ontsa ezagutzen. Biblian manatzen die juduei esklaboak behar dituztela sei urtetarik libratu, norbait esklabo egin sei urte eta gero libre. Petrik ahantzia zuen jadanik hori, eta ez da xuxen, ez bere judu erlijio ikuspegitik, eta are gutiago Jesukristoren ondotik. Ikusten duzu gauza bat erratetik eta gauzatzera behar dela denbora. Baina hori emeki-emeki aldatu da, bigarren mende hastapenean, esklabo baten semea izan zen aita saindu, elizako buru, eta giristino batzuk ez zuten onartu. Orain hori desagertua da. Nahiz zein heinetaraino erraten ahal den ez dela esklaborik? Ikusten duzu nola tratatuak diren etorkin batzuk, edo putetxeetan diren emazteak? Saltzen eta erosten dira, esklaboak dira bai horiek oraino. Esklaboak izatea debekatua da azken ehun eta berrogeita hamar urte honetan. Legea bada, baina praktika ez. Eta lege horri doakionez, De Villepin ere ez da xuxen ari izan. Hauteskundeei begira egon da, eta egin du kurutx ala pil. Zerbait egin nahi zuen bere denbora markatzeko eta huts egin du. Ez dut erranen ez zuela bestetaz axolarik, baina gutxienez behar zuen lege bat ateratzeko mintzatu, bereziki sindikatuekin. Berehala ikusiko zuen ez zela pasatuko afera hori. Baina hura ere bere egiaz segur joan da aitzina eta buruz murrua jo du.
Ni naiz gazte esklabo horien buruetarik bat, baditut ehunka ene zerbitzuko ari lanean, baina orain ez baita CPE pasarazi, entrepresaren martxatzeko, behar dut Europa Ekialdera joan.
Arazoa da hemen lana badela baina haurrik ez. Eta lanaren egiteko behar da jendea, eta langileak behar dira zaharren erretiroa pagatzeko. Guk ez badugu haurrik egiten nork pagatuko ditu zaharren erretiro errentak? Norbaitek egin beharko du. Larunbatean Iruñean nintzen, erosi dut Diario de Navarra ikusteko, eta erraten zuten egun oroz autobus bat beterik heldu dela Hungariatik Iruñeara. Zazpi mila hungariar badira gaur egun Nafarroan, eta lana badute. Ene buruan erraten dut, zergatik ez da lantegi bat eginen Hungarian han berean izan dezaten lana? Ni gazte nintzelarik protestatzen genuen hemengo gazteak bortxatuak zirelako joatera edo Amerikara edo Parisera. Ez genuen normal atzematen. Eta ez da normal ere beltzak, edo hungariarrak, edo errumaniarrak, bortxatuak izan daitezen bizitzeko hona etortzera. Lanik ez bada han eta hemen langileak falta, lantegiak du hara joan behar, eta ez gizonek hona etorri. Enetako deslokalizazioa beharrezkoa da. Ez naiz jartzen kapitalisten ikusmoldetik, erranez deslokalizazioa behar dela haiek diru gehiago irabazteko, baina deslokalizazioa beharrezkoa da gizonek lana ukateko bizi diren herrian. Michelin, Volkswagen, Daewoo... deslokalizazioak egin du Hegoaldearen aberastasuna. Zergatik eskubide badugu guk beste nonbaitetik etorri lantegien izateko eta besteek ez? Gizon guziek eskubide berak dituzte.
Azken amesgaizto itsusi bat egin dut, lehen aldiz, mezara jiten nintzela, eta mezara sartu eta, nehor ez. Bakarrik ginen buruz buru, apeza eta ni. Eta ezin jasanez hango bakardade hura atera naiz kanpora, eta apeza bakarrik gelditu da.
Eta Jesukristo ere bakarrik zen hastean. Eta gero, izan ditu hamabi. Eta hamabi horietarik batek saldu du, beraz pentsa bere hamabiak nolakoak ziren. Eta beste batek ukatu, Jondoni Petrik. Eta emeki-emeki zabalduz joan da, eta orain bagara mota guzietarik, miliar batez goiti, eta horietan badira De Villepin bezalakoak, eta beste batzuk hobeak. Baina horrek erakusten du munduan bakarrik dena ere beti ez dela bera oker ari.
Bekatu andana bat badut errana, baina ez zen hala, denak asmatuak nituen, denak ameskeriak, ez naiz bekatoros. Edo agian bai, baina bekatua hori dut izatekoz, gezurra erran dizut.
Gezurra errateko behar duzu, astian erran dudana, gaizki egiteko nahikeria. Ez duzu gaizki egiteko nahikeriarik ukan, beraz bekaturik ez duzu egin. Erranen dizut konfesatzera heldu direnek bezala, zoazi Kristoren bakean.