argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak desfibriladoreak jarri ditu leku publikoetan
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak iaz amaitu zuen jende asko biltzen den lekuetan desfibriladoreak ezartzeko bere asmoa, eta egitasmo horren ondorioz, 2006. urtean arreta jarraituko gune guztietan, lehen mailako arretako zentroetan, eta anbulantzia guztietan »bai Osakidetzarenak berarenak direnetan, eta baita beste erakundeekin hitzartutako bizi-euskarri aurreratuko anbulantzietan» desfibriladoreak eskura izango dituzte, bihotz-biriketako geldialdi bat jasaten duten pertsonak berpizteko.

Desfibrilazio bizkorra "bizi-iraupenaren katea" esaten zaionaren lau mailatatik bat da: teknika horren bidez bihotza eta birikak suspertzea lortzen da, heriotza-arriskuan gertatzen diren pertsona ugariren bizitza salbatzeko aukera izanik. Baina aparatuak leku horietan guztietan ezarri ondoren, beste pauso bat eman beharra dago. Zeren eta, zertarako balio du horrelako tresna batek, premia dagoenean nork erabiliko duen ez badago inguru horretan?

EAEko hiru lurralde autonomikoetan egindako ikerketaren arabera, 100.000 biztanleko miokardioko infartu akutuak 100,6 hildako eragin zituen gizonezkoetan eta 36,7 emakumeetan, 24 urtetik gorakoen artean. Eta larrialdi horretan esku-hartze bizkorra ezinbestekoa da gaixoaren bizitza salbatzeko, edota bihotz-arnaseko geldialdiak ekar ditzakeen ondorio larriak gutxiagotzeko. "Fibrilazioan irauten duen minutu bakoitzeko, pertsona batek bizirik ateratzeko dituen aukerak %10 gutxitzen dira. Eta aitzitik, bentrikuluko fibrilazio baten ondotik, desfibriladore batek eragindako deskarga aurreneko minutuan egiten bada, pertsona horrek bizirik irauteko portzentajea %90era igotzen da", diosku Karlos Ibarguren doktoreak, Osakidetza-Emergentziak saileko prestakuntza arduradunak.

Horregatik, orain bigarren pausoa eman beharra dago: bihotzeko geldialdi baten aurrean modu egokian nola jokatu behar den jakitea ez baita batere gauza xamurra, ezta profesionalentzat ere. Eta hori jakinaren gainean diotsuet.