argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko otsailaren 21a

Marikita Tambourinek bigarren eleberria plazaratu du Maiatz elkartearen eskutik. Abu Ala Ali nobela Egipton girotu du Tambourinek, esfingeen garaietan.

Fermin Muguruzak maiatzaren 4an kaleratuko du azken diskoa: Euskal Herria Jamaika Clash. Jamaikan grabatutako diskoa, horretarako propio sortu duen Ralka Records zigilupean argitaratu du. Jamaikako esperientziaren gainean dokumentala grabatu dute eta aurki emango dute Euskal Telebistan.

Agosti Xahok bizi artean argitaratu ahal izan ez zuen kantutegia eta Xahok Ariel aldizkarian eta bere liburuetan aipatu eta jasotakoak bildu ditu Patri Urkizuk. Agosti Chahoren kantutegia Susak kaleratu du.

Hiru Punttuk Escualdunak antzezlana estreinatu berri du. Herri antzerkiari eta toberari buruzko hausnarketaren bidean egindako hirugarren antzezlana. Antton Lukuk idatzitako lanak euskal etniaz eta etxebizitzaz dihardu. Aktoreak eta bertsolariak izango dira taula gainean.

Alberto Schommer argazkilariak Metropoliak izeneko erakusketa paratu du Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Hiri handietan ateratako erretratuak ekainaren 10a arte ikusi ahal izango dira.