argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2007ko otsailaren 21a


Fito Rodriguez aukeratu dute Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari

EIEko batzar orokorrean, joan den larunbatean, aukeratu zuten Fito Rodriguez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, EIEko lehendakari. Orain arte ez bezala, batzar orokorrean aukeratu zituzten zuzendaritza eta lehendakaria. Zuzendaritzako kide berriak izango dira Joxe Miel Bidador, Juan Ramon Makuso eta Arantxa Urretabizkaia. Hauek Jon Urruxulegi, Eneko Bidegain eta Aritz Gorrotxategiren tokiak beteko dituzte. Fito Rodriguezek berriz, Tere Irastortzaren tokia beteko du datozen lau urteotan.


Baleike aldizkari guztiak Interneten

Azkena argitaratu duten zenbakitik hasi eta 1994ko ekainean argitaratu zuten lehenengo zenbakira arte Baleike guztiak zintzilikatu ditu sarean Zumaiako Baleike Kultur Elkarteak. PDF formatuan jaso dituzte eta bilaketak egin daitezke zenbakika, urteka, urte garaika eta hitz gakoen arabera. Aurten bi helburu gehiago ditu Baleike Kultur Elkarteak: batetik, urte horietan guztietan argitaratutako gehigarri eta argitalpen bereziak sarean jartzea eta bestetik, bilatzaile aurreratua ezartzea.


Elhuyar aldizkariaren zenbaki zaharrak sarean

1974an sortu zuen Elhuyar Elkarteak zientzia eta teknologiari buruzko Elhuyar aldizkaria. Urte hartatik 1979ra arte liburuxka txiki formatua zuen aldizkaria argitaratu zuen. Aldizkari horiek guztiak jarri dituzte orain sarean. Hasierako zenbaki horiez gain, 2005eko apiriletik hona argitaratutako zenbaki guztiak ere sarean daude. Asmoa bi-hiru urtean zenbaki guztiak sarean zintzilikatzea da.


Familia bidezko transmisioa bultzatzeko programa Buruntzaldean

Gurasoak, batik bat euskaldunak, haurrei euskara transmititzearen garrantziaz ohartarazteko programa pilotua jarri dute abian Gipuzkoako Buruntzaldean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil). Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek lehenagotik heldu zioten gai honi eta orain plana osatu dute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin eta HABErekin. 2 eta 3 urteko haurrak dituzten gurasoengana bideratu dute kanpaina Etxean zer ikasi, hura ikasi, zeuk duzu giltza lelopean.