Estatutuaren erreforma proposamenaren bost giltzak, autogobernuan aurrera egiteko
Kataluniako Parlamentuak joan den irailaren 30ean onartu zuen Autonomia Estatutuaren erreformak autogobernuan aurrerapausoa zekarren. Batzuk nahi baino txikiagoa eta beste batzuk nahi baino handiagoa, baina aurrepausoa finean. Erabakitzeko gaitasunaren zabaltze hori ondoren azalduko ditugun puntuetan nabarmen islatzen da. Baina kontuan hartu behar da Estatut berria indarrean izan aurretik burutu behar duen prozesuan jatorrizko proposamenaren hainbat atal ezabatuak edo murriztuak izan direla. Zein neurritan? Alderdiak ez dira ados jartzen estatutu honekin lortutakoa baloratzeko orduan. Gainera, prozesua ez dago itxita eta oraindik aukera dago Madrildik maleta beteago eramateko.
Nazioa
Proposamenaren puntu polemikoenetakoa izan da, mediatikoki bederen. 1979ko Kataluniako Estatutuak «nacionalitat» terminoa jasotzen zuen, Espainiako Konstituzioaren 2. artikuluak jasotzen duen berbera. Irailaren 30eko proposamenak aldiz «nazio» hitza erabiltzen du Katalunia definitzeko.
Baina Madrileko negoziazioek hitz hau Estatututik ia erabat ezabatu dute. Nazio hitza Espainiako Kongresuak onartutako testuan hala moduz sartu dute: testuak ez dio Katalunia nazio bat denik, baizik eta, bertako herritarren gehiengoaren nahiari erantzunez, Kataluniako Parlamentuak naziotzat jotzen duela. Gainera formula honek, ez beste edozeinek, ez dute balio juridikorik testuaren artikulatutik kanpo badaude, eta esaldi hori sarreran soilik jasotzen da. Nazionalista katalanek modu ezberdinetan interpretatzen dute aldaketa hau: CiUren buru Artur Mas-ek «nazioa» eta «nazionalitatea» parekatzen dituen bitartean, ERCk aldaketak nazio hitza erabat ukatzea dakarrela dio.
Hizkuntza
1979ko testuak bezalaxe, proposamen berriak katalana erabiltzeko eskubidea jasotzen du. Baina berrikuntza esanguratsuena hizkuntza ezagutzea «betebeharren» artean jasotzea da. Kongresutik pasatzean honek ez du aldaketarik jaso, baina 32. artikuluak (hizkuntzak eragindako diskriminazioa debekatzen du) neurri handian baldintzatzen du.
Oro har, irailaren 30eko testuak hizkuntzaren inguruko artikulatu zabal eta zehatza jasotzen du, arlo honetan Generalitaten eskumenak handituz. Diputatuen Kongresuak hainbat aldaketa ezarri ditu; sarritan hitz soil bat aldatuz, baina horrekin edukia asko mugatuz. Esaterako, etiketajearen arloan, irailaren 30eko testuak zioen etiketak «gutxienez» katalanez egon behar dutela; bada, Kongresutik irtetean, katalanez «ere» egon behar dutela dio testuak.
Estatuarekiko harremana
Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko harremanak bilateralitate printzipioaren arabera artikulatu beharko lirateke Kataluniako Parlamentuaren arabera. Orain arteko eszenatokian, harremanak multilateralak izan dira Estatua eta osatzen duen autonomia erkidego guztien artean. Kataluniak marko horretatik alde egin eta harreman zuzena bideratu nahi du aginte zentralarekin Komisio Bilateral baten bidez. Gainera, Generalitatek Estatuko hainbat arlotan parte hartze zuzena izatea aurreikusten da: Auzitegi Konstituzionaleko eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko kideen aukeraketan, ekonomiaren antolamendu orokorrean eta organismo ekonomiko eta sozialen ordezkarien izendapenean.
Arlo honetan Kongresuak ederki erabili ditu guraizeak eta une honetan esan daiteke aurreko harreman markoak ez duela aldaketa esanguratsurik izango.
Eskumenen indartze eta zabaltzea
Atal honetan, batetik, 1979ko Estatutuak dagoeneko jasotzen zituen eskumenen blindatzea bultzatzen da. Izan ere, urte hauetan Estatuak interbentzio bideak aprobetxatu ditu eskumen horiek mugatzeko. Bestetik, eskumen berriak jasotzen dira. Hauen artean azpimarratzekoak dira inmigrazioa, erregimen juridikoa, portu eta aireportuen planifikazioa eta kudeaketa edo herri kontsultak deitzeko ahalmena (subiranotasun prozesuan berebiziko garrantzia izango lukeena).
Puntu hauetako asko itxi gabe daude oraindik eta Estatutua Senatutik pasatzean konpontzeko aukera dago oraindik. Gainera arlo hauetan hemendik aurrera lor daitekeena funtsezkoa izan daiteke batez ere ERCk Estatutuarekiko jarrera zehazteko orduan.
Finantziazio sistema
Egun Kataluniak BPGan %9ko defizit fiskala du eta finantzazio sistema berriarekin portzentaje hori %4ra jaistea aurreikusten da. Horretarako irailaren 30eko erreformak aurreikusten zuen Katalunian ordaintzen diren estatu mailako zerga guztien gainean Generalitateak izango zuela ahalmen normatiboa eta erantzukizun fiskala. Kongresutik pasata, katalanen eskumen maila igo egin da (PFEZan %33tik %50era, BEZn %35etik %50era eta zerga berezietan %40tik %50era). Baina funtsean, sistema ez da aldatuko: proposamenak zerga guztiak kudeatuko lituzkeen Agentzia Tributario Katalanaren sorrera aurreikusten zuen eta, horren ordez, Kongresuak Estatuko eta Kataluniako agentziak bilduko dituen kontsortzioa proposatu du.