Adimen emozionala eskolan: Sentimenduek puntuatzen dute


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iaztik antolatzen dituen ikastaroei esker, adimen emozionala gero eta kontzeptu ezagunagoa da ikastetxeetako pasilloetan. Gaiak bizitzaren arlo guztietan duen garrantziaz oharturik, Aldundiak haur hezkuntzatik Lanbide Heziketara arteko irakasleei zuzenduriko 86 ikastaro eskaini zituen 2005ean. Ikastaroen helburua jorratutakoa ondoren ikasleekin lantzea da eta horretarako beharrezkoa da lehenago irakasleak trebatzea. Iaz ikastaroek lortu zuten arrakasta ikusita -77 ikastetxetako 850 irakaslek hartu zuten parte-, aurten Gipuzkoako irakasleen %10ek eta ikastetxeen %30ek baino gehiagok parte hartzea izango da xedea. José Ramón Guridi Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko zuzendariak balorazio guztiz baikorra egin digu, bai parte hartu duten irakasle kopurua eta bai horien iritzia kontuan hartuta.

Ikastaroen harrera ona ez da harritzekoa. Izan ere, adimen emozionalak gure bizitza zeharo baldintzatzen duela konturatzen dira partaideak. Azken urteetako hainbat ikerketa zientifikoren arabera, arrakasta pertsonalaren eta profesionalaren %80 trebetasun emozionalei zor zaie. Profesional bikainena ez da nota onenak dituena, bere trebeziei ahalik eta probetxu gehien ateratzen asmatu duena baizik. «Pertsonok indar handia dugu barnean eta indar hori guztia ondo erabiltzen baldin badakigu, nahi duguna lor dezakegu», ziurtatu du Ibon De la Cruz psikologoak. Irakasleei adimen emozionalari buruzko ikastaroak eman dizkie De la Cruzek eta emozioek duten garrantziaz hitz egin die. Psikologoaren esanetan, gaur egungo gizartean emozioak aparte utzi ditugu eta «sentimendu bigunak emozioak direla uste dugu». Baina sentimenduak emozioen ondorioa dira eta bigarren mailan daude. Esaterako, zerbait lortu nahia emozioa da, eta lortzen ez badugu sortzen den etsipena, sentimendua. Oinarrian dauden emozio horiek, «gure animalia zatia», lantzea ezinbestekoa da bizitza behar bezala gidatzeko. Hain zuzen ere, adimen emozionala garatzeari esker, gure buruarekin eta ingurukoekin oreka eta harmonia lor dezakegu eta gure bizitza hobetzeko eta gusturago bizitzeko zer behar dugun ezagutu dezakegu. Gakoa zein den? Moraletik (gizartearena) etikara (pertsonala) igarotzea.

Kontzeptu horiek, ordea, ez dira batere berriak. Duela 4.000 urte aztertzen hasi ziren, mitologiaren eta irudien bidez, antzina psikologia lantzen zen moduan. Hala ere, adimen emozionala adierazpena Peter Salovey eta John Mayer psikologoek asmatu zuten, 1990ean, «norberaren eta gainontzekoen sentimenduak eta emozioak zuzentzeko, desberdintzeko eta horiek erabiliz pentsamendua eta ekintzak gidatzeko gaitasuna» adierazteko. Daniel Golemanek kontzeptua famatu egin zuen, 1995ean gaiari buruz kaleratu zuen liburuarekin. Ordutik, adimen emozionalean arreta handiagoa jarri da, batez ere enpresa munduan. Hain zuzen ere, Golemanen ikuspegia zientifikoegia dela uste du De la Cruzek, enpresariei zuzendua dagoela eta ikuspegi humanista galtzen duela. Psikologoaren hitzetan, aditu estatubatuarrak jendearekiko harremanek nolakoak izan behar duten azaltzen du, besteekin hobe nola egon, baina barruko prozesu basatiak ez ditu lantzen. Golemanen eredua jarraituz, «Amerikako Estatu Batuetako ikastetxe askotan, esaterako, gauzak ozenkiago eta seguruago esaten irakasten diete haurrei, baina itxurakeria da, ez dituzte benetako sentimenduak aztertzen».

Azken finean, aditu bakoitzak bere metodoak eta teknikak ditu gaia jorratzeko orduan eta De la Cruzek adimen emozionala garatzeko senak landuz abiatu behar dela uste du, funtsean daudena direlako. Zehazki, oldarra, elkartze sena eta eragite sena kontzeptuetan oinarritzen ditu bere ikastaroak. Azaldu digunez, oldarra gauzak egiteko dugun kemena da; barruan, animalia garen aldetik dugun energia, libidoa. Elkartze senak, berriz, besteekin egoteko dugun beharra adierazten du eta baita larru-gosea ere, «larrua ukitzeko beharra, sexu praktikarekin lotuta nahiz sexutik at». Azkenik, eragite sena edo boterea lantzeari garrantzia handia ematen dio psikologoak, berau aztertu gabe giza harremanak ulertzea ezinezkoa dela baitio. «Gure gizartean botere kontzeptua lantzea debekatua dago, tabua da eta ez da horretaz hitz egiten, mundu guztiak dioelako ez duela botererik izan nahi, baina gezurra da, sen hori denen baitan dago eta gizartea hobetzeko erabili dezakegu». Azken finean, senak ez dira onak edo txarrak, bizitzan mugiarazten gaituzten «gasolina» dira. Barruan dugun indar horri ematen diogun erabilera da gakoa. «Adibidez, norbaitek eragite sen handia baldin badu, gizartean gauza garrantzitsuak egitera bidera dezake, modu egokian, edo jauntxo izateko erabil dezake».

Senetatik abiatuta, asko dira ikastaroan lantzen diren trebeziak: hala nola, emozioak -gureak eta besteenak- hobeto ezagutzea eta identifikatzea; emozio negatiboen eragin kaltegarriei aurre hartzea eta positiboak sortzen jakitea; automotibazioa garatzea; harremanak izaten ikastea eta bizitzaren aurrean jarrera baikorra agertzea. De la Cruzek aitortu digu ez dela erraza barruko emozio eta sentimenduak lantzea eta horretarako bere eskoletan umorea asko erabiltzen duela. Jokoen, galderen eta eztabaiden bidez, «jendea konturatzen da nolakoa den, zein emozio dituen eta horiek kanporatzen eta bere bizitzan erabiltzen ikasten du». Prozesuaren lehenengo urratsa gure barnean dauden emozioez jabetzea da eta azkena, horiek egoki erabiltzen jakitea. De la Cruzen hitzetan, inork ez digu esango nolakoak garen, nork bere burua ezagutu behar du.

Hori guztia lortzeko, taldeka lan egitea atsegin du psikologoak. Irakasleei zuzendutako ikastaroek, zehazki, 20 bat partaideko taldeak bildu dituzte. Joxe Martin Aizpuru Tolosako Laskorain ikastolako zuzendari eta batxilergoko irakasleak, esaterako, duela urte batzuetatik gaian interesa duelako eman zuen izena eta oso esperientzia baikorra izan dela dio. «Hasieran lotsa nabari zen, baina pixkanaka gustura sentitzen joan ginen eta bakoitza nahi zuen heinean inplikatu zen. Gehiago nahi ez zuenari, ez zitzaion eskatu», kontatu du. Izan ere, pertsona bakoitzaren prozesua eta erritmoa errespetatu behar dela argitu du De la Cruzek: berak informazioa ematen du, bakoitzak prest dagoenean aurrera egiteko. Ikastaroa pertsonalki eta profesionalki baliagarria izan zaiola azaldu digu Aizpuruk. «Adibidez, egoera batek gainditzen gaituenean normalean ez gara konturatzen, eta zertan gainditzen gaituen jabetzerakoan, frenoa jartzeko gai garela jakiteko balio izan dit ikastaroak». Are gehiago, ikastaroak bizitzan aldaketa handiak eragiten dituela ziurtatu du psikologoak. «Prozesuaren hasiera baino ez da eta bakoitzak bere bizitza zuzentzeko behar duena hartzen du ikastarotik. Jende askori energia eta indarra falta zaizkio hona etorri aurretik eta sentimendu horiek landu ostean behar duten guztia eskuratzeko adina indarrarekin ateratzen dira edo komunikatzeko gabeziak dituztenek adierazteko erraztasuna lortzen dute». Pena bakarra du De la Cruzek: irakasleak adimen emozionala ikastetxeetan garatzeko gogoz joaten direla eta ahaztu egiten zaiela beraientzat ere balio duela; irakasle gisa joaten direla, alegia, ez pertsona bezala. Baina azken finean, ikastaroa eskoletan gaia lantzeko tresnak eta materiala eskaintzera bideratua dago. Nola landu daiteke hori guztia ikastetxeetan?


Matematika, Historia eta Adimen Emozionala

Hasteko, Gipuzkoako Aldundiak aurten ikastetxeetan adimen emozionalari lotutako banakako planak egin nahi ditu eta ikastetxe bakoitzean aditu bat prestatzeko, laguntza pertsonalizatua eskaintzeko, truke sareak eratzeko eta ikasgeletarako materialak sortzeko asmoa du. Dena den, ikastarotik bi ondorio garbi atera ditu Laskorain ikastolako zuzendariak: «Ikasleekin gaia garatu behar dugu, bai, baina aldi berean gure jokaerarekin aldi oro lantzen ari gara, gazteentzako adibidea garelako». De la Cruzek ere nerabeak beti erreferente bila daudela dio, nahiz eta beraiek ez onartu. Beraz, adimen emozionalak ez du soilik ikasgaia izan behar, gainontzeko ikasgaietan eta irakasleen portaeran ere islatu behar den ezaugarri multzoa baizik. Laskorain ikastolan hori aztertzen ari dira orain, ikastaroan ikasitakoa tutoretza orduetan jorratzen eta datorren ikasturterako plangintza zehazten. Tolosako ikastolako ia klaustro osoak hartu du parte ikastaroetan eta gai garrantzitsua iruditu zaie. «Otsailetik hona egin ditugun esperientziak baikorrak izan dira -ziurtatu du zuzendariak-. Gurasoak ere inplikatu nahi ditugu eta hoberena txikitatik hastea dela uste dugu. Gainera, txikiekin dena errazagoa da».

Hain zuzen ere, adin bakoitzaren neurrira egindako ikastaroak prestatzea garrantzitsua dela azpimarratu du psikologoak. Haurrekin, adibidez, mugak jartzea ondo dago eta beharrezkoa bada, baita serio jartzea ere, baina erruduntasun sentimendua erabili gabe. «Askotan, zerbait txarra egin badu, ‘ergela zara’ esaten diogu haurrari, baina hobe da ‘ergelkeria egin duzu’ esatea. Errieta berdin egingo diogu, baina ez da gauza bera». Nerabeekin egin beharreko lana desberdina da, lotsatiagoak dira, segurtasuna falta zaie eta irakasleei arreta jartzea ez da beraien lehentasuna. Unibertsitatean ere landu beharko litzatekeela dio De la Cruzek, eta karrera askotan derrigorrezko irakasgaia izan beharko lukeela, «batik bat jendea pozik eta gusturago bizitzeko. Horretarako bizitzen garela uste dut». Adinaz gain, eskolak neurrira prestatzeko faktore guztiak kontuan hartu behar direla dio psikologoak. Etorkinak badira egokitutako programa prestatuko zaie eta gelako arazoa borroka, drogak, komunikazioa edo bestelakoa bada, horren arabera antolatuko da ikasgaia, praktikoa izan dadin.

Sexuak ere zerikusia du. Kulturak eraginda, normalean beste sexuaren aurrean antzerkia egiten dugula dio psikologoak, ez ditugula gure ahultasunak erakutsi nahi eta emakumezkoak eta gizonezkoak nahastuz gero, harremanei buruz galdetuta, adibidez, ez dugula dena kontatzen. Horregatik, sexu berekoen arteko konfiantza lortzearren, neskak eta mutilak bananduta lantzea atsegin duela aitortu du De la Cruzek. Bestalde, 2005eko ikastaroetan parte hartu zuten irakasleen %70 emakumezkoak izatea datu adierazgarria da. Emozioak kanporatzea emakumezkoekin lotzen duen topiko matxista egon daiteke horren atzean. Edo, De la Cruzek dioenez, inkontzienteki askotan onartzen dugula gizonak badakiela, ez duela ikasi beharrik. Emakumeak, aldiz, ez du inongo arazorik ez dakiela onartzeko eta ikasteko.


Gasolina eta bolantea

Hezkuntzan, eta bizitzan oro har, adimen intelektualari ematen zaio garrantzia gehien. Baina emozioak dira zerbait egitera bultzatzen gaituztenak, De la Cruzen esanetan. Lana dirua lortzeko egin dezake kazetariak, eta beharbada lanbide hori aukeratu du idaztea gustuko duelako. Emozioek eragindako erabakiak dira: «Animalia arrazionalak garela pentsatzen dugu, baina oinarri-oinarrian emozioak daude eta buruak baino pisu handiagoa dute». Emozioek logikarik ez dutela ere uste dugu askotan. Badute ordea, baina beraien logika berezia, ez da buruko logikaren berdina. Hala ere, adimen intelektuala funtsezkoa dela aitortu du psikologoak: «Emozioak gasolina eta motorra badira, adimen intelektuala bolantea da, emozioak ezagutzen eta erregulatzen lagunduko diguna, norabidea erakutsiko diguna». Gainera, beti errealitatearekin negoziatu beharrean gaudela gogoratu du De la Cruzek, ezin baitugu nahi dugun guztietan emozioen agindua jarraitu. Hortaz, bi adimenen arteko oreka bilatu behar da bizitzan uneoro erabaki egokienak hartu ahal izateko.

Hori dena jendeari txikitatik helaraztea ezinbestekoa dela gero eta argiago dute adituek. Eta horretarako metodo egokiena gaia hezkuntzan integratzea dela dirudi. Hain zuzen ere, mundu guztian probatzen ari dira jada, baina oraindik hastapenetan daude eta adimen emozionala ikasleekin lantzeko sistema ondo garatzea falta da. Etorkizunean, ikastetxeetan beharbada fisika eta ingelesa bezain garrantzitsua izango da barruan nahasten zaizkigun emozio eta sentimendu konplexuak ulertzen ikastea.

Trebeziak
Asko dira ikastaroan lantzen diren trebeziak: hala nola, emozioak -gureak eta besteenak- hobeto ezagutzea eta identifikatzea; emozio negatiboen eragin kaltegarriei aurre hartzea eta positiboak sortzen jakitea; automotibazioa garatzea; harremanak izaten ikastea eta bizitzaren aurrean jarrera baikorra agertzea.

Joko bereziak barrua azaleratzeko

Ikastaroetan praktika ahalik eta gehien erabiltzen du Ibon De la Cruzek. Hala, partaideek joko pila egiten dituzte, taldeka nahiz banaka. Pertsonak eta gauzak ezagutzeko bidea ukimena dela ikasteko, adibidez, Itsua eta laguntzailea izeneko jokoa erabili ohi du psikologoak. Laguntzaileak zapiaz begiak estaltzen dizkio «itsuari» eta ikasgelan zehar gidatzen du. Besarkada lasterketa ere jolas arrakastatsua da. Oldarra edo kemena lantzeko berriz, taldeko norbaitek iritzia eman eta gainontzekoek iseka egiten diote, baina berak bere jarrera mantendu beharko du. Amerikako Estatu Batuetan, ikasleen komunikazio gaitasuna sustatzeko, taldeetan banatzen dituzte eta talde bakoitzeko pertsona bati gai desberdin bat ematen diote besteei azaltzeko. Nota gehiago lortzeko, gaia ahalik eta hoberen komunikatzen saiatuko dira ikasleak.
Jokoez gain, horiei buruzko eta gai askoren inguruko eztabaidak antolatu ohi ditu De la Cruzek ikastaroetan. Gainera, nork bere burua ezagutzera bideraturiko galderak eta ariketak ere egiten ditu. Hala nola, gure izaerarekin identifikatzen ditugun adjektiboen aukeraketa, gure buruaren ebaluazioa hainbat galderari erantzunez edo irudi jakin batek iradokitzen digunaren azterketa »Venus jainkosarenak, esaterako».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean,... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


Lan kontuekiko (des)konexio digitala nola kudeatu irakasleek?

Irakaslea zara eta lanordutan nahiz lanorduz kanpo, berehala erantzun beharreko mezuz josten zaituzte ikasleek, haien gurasoek, ikastetxeko zuzendaritzak, lankideek? Deskonexio digitalaren beharraz gogoetatu dugu, Aitor Idigoras irakaslearekin: "Ateak ixten eta mugak... [+]


Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko

Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango... [+]


Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergotik kanpo gelditu dira, D ereduko gela bat murriztu dutelako

Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.


PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu dute Iruñean, D ereduari trabak jartzen dizkiola salatzeko

Euskararen Defentsarako Sareak Nafarroako Gobernuak D ereduari jartzen dizkion trabak salatu nahi ditu. Argi dute Nafarroako Gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute uztailaren 2an,... [+]


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Beskoitzeko auzapez berriak ikastolaren aldeko konpromisoa berretsi du

Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak. Berriako Ekhi Erremundegik eginiko elkarrizketan, ikastolaren aldeko konpromisoa... [+]


Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek

“Nafarroako Gobernuak duela lau urte eginiko promesari huts egingo dio beste behin ere”, salatu du Lizarraldeako Lokiz eskolako guraso elkarteak. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki... [+]


Eguneraketa berriak daude