argia.eus
INPRIMATU
Terrenta
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21a
Mutilek negarrik egin behar ez zutela eta, neskek ere negar egiteari utzi zioten. Baina arkeriaren pozoiak arrakal guztietan sartuta jarraitzen zuen. Emakumeak futbolera jokatzen hasi ziren, eta zelaia laga zieten lantzean behin erabiltzeko. Finean bakar-bakarrik utzi zituztela ohartu ziren, "hemen dituzue dutxetako giltzak" esanez.
Aitzindariek zikinago aurkitzen dituzte egin bako bideak, hori egia da. Hala ere batzutan komeni da atzera begiratu eta norbere buruari galdetzea bide arteza hori ote den. Konkisten garaia da feminismoan, eta edozein lekutara iritsi daitezkeela frogatu gura dute emakumeek. Baita euretaz itsu-itsuan fidatzen garenok ere! Baina inoiz sufritu ere egiten dugu, normala denez: lehenago usaindu dugu guk "gizonen" zenbait jardueren kakusaina.
Uneoro hartzen ditugu erabakiak, batzuk handiak eta beste batzuk oharkabean pasatzen zaizkigunak. Emakume askok gero eta goragotik hartu behar dituzte erabakiok, eta ingurukoentzat gero eta garrantzitsuagoak dira. Bada, funtsezkoa iruditzen zait emakume publiko horiek gauzei beste aire bat ematea. Izan ere, erabaki berberak hartzeko lehendik ere badugu nahikoa alu.