Nola ez aprobetxatu hegaldi merke hauek? Aste Santu-Bazko garaiko oporrok erakutsiko dute hegan egiteko moda nola demokratizatu den gure artean. "Ezin da etxean geratu prezio hauek ikusita" entzuten da bazterretan. Baina badira nonbait hegazkinek ingurumenari egiten dioten sarraskiaz jabetu eta abioia erabiltzeari uko egin diotenak.
"What is the real price of cheap air travel?" (Zein da hegaldi merkeen benetako prezioa?) galdera ipini zion duela hiru hilabete izenburuan Tom Robbins-ek bere artikuluari, The Observer egunkari ingelesean. Berrikitan The New Statesman astekarian Mark Lynas-ek gai berari buruz idatzi du "Fly and be damned" (Egizu hegan, eta madarikatua izan zaitez).
Abioia erabiltzeari uko egin dion Manchester-eko gizon batek hau esplikatu dio kazetariari: "Ohartu naiz berde bizitzeko nire ahalegin guztiekin »birziklatu, etxea isolatu, ez erosi 4x4 erraldoi horietako bat» lortutakoa airez egindako bidaia bakar batek alferrikako bihurtzen zuela".
Erabaki bera hartu duen Bristoleko emakume batek esan dio kazetariari ezin zuela soportatu hegazkinek zenbat energia xurgatzen duten jakin eta berdin segitzea. "Denbora luzez esaten nion nire buruari 'seguru zerbait egingo dutela' baina halako batean ohartu nintzen ezin dudala besteak aldatzerik espero ez banaiz neroni aldatzen".
Airez bidaiatzea energiaren erabilera burutsu baten alde egonik zein astakeria handia den argitzen duten datuak asko dira. Europatik Australiara joan-etorria hegazkinez egiten duen pertsona batek horretan erretzen du urte osoan hiru autok gastatzen duten adina gasolina. Europa barruko hegaldietan dabiltzan bidaiariek trenez doazenen zortzi halako gastatzen dute. Eta okerrago dena: kutsadura hori guztia atmosferan oso goian geratzen da eta askoz kaltegarriagoa da lur azalean sortzen dena baino.
Kazeta horiek Britainia Handiko zenbakiak jakinarazi dituzte, baina gure artekoak ez dira urruti ibiliko. Erresuma Batuko aireportuetatik 1970ean 32 milioi jende pasa ziren, 2004an 216 milioi, eta 2030erako 500 milioi inguru ibiliko dira. Horietako asko Europa barruko asteburuko bidaia laburrak eginez mugituko dira aireplanoz.
Abiazioa da negutegi eragina duten gas iturrietan gehien handitzen ari dena. Britainia Handian kutsadura horren %10 hegazkinek eragiten dute. Eta hau urtean %12 ari da handitzen, Txinak dauzkan hazkunde tasen gainetik. Adituak hasi dira horretaz alarma deiak egiten, baina herritarrok bezala agintariek erabakita daukagu negozio horri ematea lehentasuna.
Hemen erre daiteke
The New Statesmanek kalkulu xinple hau egin du: Londresko gobernuak 2010erako -Kyotoko hitzarmenaren barruan- atmosferara karbono gutxiago botatzea lortuko balu ere, hamarkada batean gutxitutako kopuru horiek baino gehiago botako ditu abiazioak, askoz. Negutegi eragina duten gainerako gasen isuria etengo balitz ere (argiteria publikoa, berogailuak, autoak, fabrikak eta beste guztiak) hegazkinek mende erdi honetan sortu behar duten kutsadura bera nahikoa litzateke ipini diren helburu eta mugak kiskaltzeko.
Hobeto uler dadin: Britainia Handiko etxe-jabeei esan zaie beren teilatupeetako isolamenduak hobetuz gero, urtean 35.000 tona C02 aurreztuko direla. Asko ala gutxi ote da? Gas kopuru hori guztia jumbo bakar batek isuriko du urtean Londres-Miami joan-jina 25 aldiz egiten badu. Ez dakigu kopuru horiek Euskal Herrian nola geratuko liratekeen. Hemen -EAEn, zehazki- etxeen isolamendu eta energia berriztagarrietan inbertitzeko egin diren planekin 2012rako etxeen energi beharra %25ean jaitsiko dela iragarri digute. Loiuko aireportuak bizi duen loraldiak -eta Forondakoak izango omen duenak berdintsu- jadanik sortzen duen kutsadura handitzeak zertan utziko ote ditu aurrezte horiek? The News Statesmaneko idazleak ondo definitu du: gainerako industria guztia itzalarazita ere, Kyotoko hitzarmenaren ondoren sortu diren karbono kreditu guztiak eta gehiago beharko ditu abiazioak berak bakarrik.
Gainera, oraingoz ez dago erabiltzerik hegaldietan gasolina -kerosenoa- ez den beste ezer, eta luzaz ez da izanen. Hidrogenoa -merke eskuratzea lortuko balute ere- ez da erabiltzeko erosoa, eta uretik ateraz gero adituek diote hidrogeno horren eragina estratosferan are kaltegarriagoa izango litzatekeela. Biofuelak ez dauka hegazkinentzako erregai izateko adina dentsitate; eta hala balitz, are okerrago: munduko baso guztiak erre beharko genituzke gure plazer bidaiekin segitzeko.
Herritarrok horren jakinaren gainean ez egoteak ez du esan nahi arazoa gainean ez daukagunik. Herritar kontzientziadunen lehenengo erreakzioak hasiak dira jadanik, nahiz eta kontraesankorrak izan.
Britainia Handiko bidaia agentzia famatu batek, Rough Guides (Gidaliburu Gordinak, itzuli genezake) liburuen inguruan sortu denak, bere web gunean Climate Care erakundearen kalkulagailua eskaintzen du: jakin ezazu abioiz egin nahi duzun txango horretan zenbat karbono erreko duzun, eta Climate Carek esaten dizu ordainetan zenbat diru eta nola gastatu beharko zenukeen -zuhaitzak landatzeko, funtsean- eragindako kalteak berdintzekotan.
Rough Guidesi estimatu behar zaio ematen duen zerbitzua, baina irudi ona emateko ahalegina izatea egotzi dakioke. Baina aitortu dezagun bidaia agentzia ausarta dela, inork ez baitu maite ametsetako bidaia antolatzen hasi eta munduari alukeria bat egitera doala aurpegiratu diezaioten.
Beste herritar batzuek, ordea, nahiago dute argi eta garbi uko egitea hegazkina usatzeari. Flight Pledge Union (bi eratara behintzat itzul daiteke: Hegan egiteaz Konpromisoaren edo Ihes egiteaz Konpromisoaren Batasuna) elkartean biltzen dira horietako batzuk. Anglosaxoiek maite duten -eta gurera inportatu diren "konpromiso" famatuen- estiloan, bi mailatako atxikimenduak onartzen dira: "urrezkoa" sinatzen dutenek uko egiten diote hurrengo urtean hegazkina erabiltzeari, eta "zilarrezkoa" aukeratzen dutenek mugatzen dituzte urteko hegaldiak bi joan-etorri laburretara edo luze bakar batera. Laburrak Europa barrukoak dira. Salbuetsita daude larrialdi familiarren ondorio direnak, noski. Sinadura asko bildu nahi dituzte Europar Batasunak hegazkinentzako erregaiei zerga bereziak ezartzea eta hegaldien tarifak handitzea eskatzeko.
Abioiei uko egiten dieten herritar hauen ustez, hegaldietan sortzen den kutsaduraren ordainetan zerga bat ordaintzeak ez du lortuko bidaiarien kontzientzia pittin bat zuritzea baino. "Erdi mailako jendeak beren bekatua leuntzeko bidea da -esan dio kazetariari Manchester-eko Liz Postlethwaitek-. Ordaindu ala ez, karbonoa ipintzen dugu atmosferan. Hori eragozteko bide bakarra dago: hegaldiak murriztea".
Erdi mailako jendeari, ordea, ez zaio asko gustatuko «aberatsak bezala bizitzeari uko» egite hori.