argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Hego Poloan txorien ugalketa atzeratu da

Christophe Barbraud eta Henri Weimerskirch ikerlariek aztertu dutenez, itsas txoriak orain berrogeita hamar urte baino beranduago heltzen dira Hego Polora eta beranduago jartzen dituzte arrautzak.
Bi ikerlari hauen arabera portaera ez da berdina Ipar zein Hego Poloan zeren eta oraingoz aldaketak Hego Poloan sumatu dituzte. Horretarako Antarktikoaren ekialdeko bederatzi txori-espezieren ailegatze data eta arrautzen jartze data aztertu dituzte. Datu hauek 1950. urteaz geroztik jasota daudenez, ikusi ahal izan dute azken bost hamarkadetan txoriek batez beste 9,1 egun gehiago behar dutela euren bizitokietara ailegatzeko eta 2,1 egun gehiago arrautzak jartzeko.
Gertaera horren arrazoia izotz-geruza txikiagotzea da, honek, aipatutako epean, %20 inguru egin baitu behera eta ondorioz txorien elikagaiak ere behera egin du. Beraz, elikagai gutxiagorekin txoriei gehiago kostatzen zaie euren heldulekuetara ailegatzea eta arrautzak jartzea.
Hauxe izan daiteke berotegi-efektuaren beste adibide bat.


Mikrobioak zehazteko metodo berria

Brookhaven laborategi Nazionaleko Daniel van der Lelie ikerlariak zuzendutako ikerketak sistema bat garatu du mikrobioak ahalik eta zehatzenen eta azkarrenen identifikatzeko.
Asmatu metodoak aplikazio ugari ditu, hala nola ingurumenean zein mikrobio diren erabilgarri eta zein kaltegarri detektatzea, gaixotasunak sortu ditzaketen mikrobioak detektatzea eta atake bioterrorista batean erabilitako mikrobioak azkar ezagutzea aurkako erremedioak jarri ahal izateko.
Orain arte mikrobioak detektatzeko teknikak bi izaten ziren; bat mikrobioak ereitea beren ezaugarriak behatuz eta beste mikrobioen sekuentzia genetiko osoa identifikatzea. Bi metodo hauek onak bai, baina oso motelak dira eta gaur egun azkartasuna ezinbestekoa da egoera gehienetan.
Arestian aipatu ikerlariak zuzendutako taldeak kode genetikoaren sekuentzia espezifikoak ezagutzen ditu, horrela kode-sekuentzia txiki batzuk berehala identifika daitezke eta dudamudak dauden kasuetan sekuentzia luzeagoetara jotzen da, baina soilik beharrezkoa denean.
Kode genetikoak identifikatzeko entzimak erabiltzen dira eta minutu batzuetan atmosfera batean dauden mikrobioak identifikaturik geratzen dira.