argia.eus
INPRIMATU
«Mapa politikoa sinplifikatzeko garaia dator»
2021eko uztailaren 19a

EAJ ez da «Konponbide garaia da» lelo peko Bilboko manifestazioan izan.
ETAren su-etena ezagutu baino lehen azaldu genituen EAJ han ez izateko arrazoiak, hauexek alegia: Nazio Eztabaidaguneak egindako deialdia izanik, eta beste eragile politikoak ere izan arren, Batasunak egindako deialdia izan da. Beraz, EAJ han izatekotan aldez aurretik «sukalde lana» egin beharko zukeen Batasunarekin. Guk manifestazioaren leloarekin bat egiten dugu, baina ezker abertzalearen beste eragile batzuen bitartez jakin dugunez, horren guztiaren atzetik estrategia bat badago, eta da: indar abertzale batzuen indar metaketa egitea eta EAJren alternatiba bihurtzea. Hau da, EAJk defendatzen duen eredu politikoaren eta giza ereduaren ordezko edo alternatiba izatea. Leloaren muina ontzat eman arren, guk estrategia eta leloa bereizten badakigu eta ez dugu parte hartuko gure buruaren aurka doan manifestazio batean.

Ezker abertzalearen indar metaketa, EA tarteko dela.
Eta hor ere badaude tentsioak ezta? Gizartea ordezkatzen dugun alderdiok osatzen dugun mapa politikoa sinplifikatzeko edo laburtzeko garaira hurbiltzen ari gara. Gu EArekin errespetu guztiz ari gara 1997tik, hainbat akordio hitzartuak ditugu eta horien oinarrian planteamendu bat dago aldez aurretik, eta da: alderdi politikoen artean apustu estrategiko zehatzak eta argiak egin beharra dagoela.

Zertan oinarrituta?
Gizarte eta erakundetze ereduetan oinarrituta. EAk eta EAJk ordezkatzen dugun abertzaletasunak gaur arte burututako erakundetzean sinesten du, bi alderdien ereduak gizarte eredu bertsuan bateragarriak ikusten ditu.

Bake prozesuan gaude eta hau PSE eta Batasunaren unea da. Normalizazio politikoarena gero etorriko da eta EAJren ordua izango da bereziki. Egoera interpretatu al daiteke modu horretara?
Bai. Eta ez dugu hori onartzeko batere arazorik, ez gaude horren jeloskor. Alderdi sozialista eta Batasunaren artean konfiantza giro bat sortzea beharrezkoa zela ohartu ginen aspaldi, baita horretan lagundu beharraz ere. Ezagunak dira alderdi horietako kide batzuren artean izan diren harremanak, baina bi alderdien artean mesfidantza izan da eta dago oraindik ere. Denok ezagutzen dugu alderdi sozialistaren historia berria, 1998ra artekoa eta gerokoa ere bai. Azken zortzi urteetan PPren azpian bizi izan duen garaia hurbil-hurbila dugu oraindik ere. Konfiantza giroa sortzeaz gain, bitartekari lana egin dugu bi bitako elkarrizketen bitartez, Batasunarekin nahiz alderdi sozialistarekin. Ez dugu Batasunak eta alderdi sozialistak EAJ bide bazterrean utzi nahi izango duten inolako errezelorik. Guk badakigu zein den gure rola. Arazo politikoari irtenbidea eman ahal izateko aldia iritsiko da eta aitzindariak izango gara.