KGNZ 2011rako
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa 2011n inauguratuko dute. Bertako Administrazio Kontseiluak datozen sei urteetarako egutegia onartu du, egitasmoa mamitzeko. KGZNk Ordóñez Falcón argazki fundazioarekin duen hitzarmena urtebetez luzatu du. Aurten KGNZ zer izango den zehaztuko dute, alegia, zeregina, edukiak, antolamendu eta proiektu arkitektonikoa. Hurrengo urtean zentroaren osagaiak zein izango diren eta proiektu arkitektonikoa gauzatzeari ekingo zaio eta eraberritze lanak 2010ean bukatuko dituzte. Dena den, eraikina bukatu aurretik, hainbat areto irekitzeko asmoa agertu dute. Bestalde, zuzendaritzan aldaketa bat izan da. Santi Eraso ez da edukien zuzendari izango, edukietako aholkulari izango da zuzendaritzatik kanpo.
Arabako Bertso Txapelketa abian
Laudion jokatu zen pasa den larunbatean Arabako Bertso Txapelketako lehen kanporaketa. Bigarren kanporaketa apirilaren 8an jokatuko da Aramaion. Guztira, bietan, hamasei bertsolarik hartuko dute parte: Ruben Sanchez, Alberto Martinez Betto, Ainara Balantzategi... Kanporaketa bakoitzean puntu gehien eskuratzen duten bertsolariek eta puntuen arabera sailkatutako hurrengo lauak iazko finalean sartu ziren sei bertsolariekin (Manex Agirre, Oihane Perea, Zigor Enbeita...) lehiatuko dira Agurainen eta Dulantzin, maiatzaren 7an eta 13an. Horietatik sei izango dira Gasteizen maiatzaren 27ko finalean.
Getxon Kantuketan
Euskal musika talde eta bakarlari puntakoak biltzea du xede Getxoko euskara zerbitzuak antolatzen duen Kantuketan jaialdiak. Puntakoak eta estilo anitzekoak. Apirilaren 6tik 9ra izango dira kontzertuak, guztiak Getxoko antzokian apirilaren 8koa izan ezik. Ostegunean oraintsu Amorrua plazaratu duen Iker Goenagak eskainiko du kontzertua. Ostiralean Javi P3z Orquestaren txanda izango da. The Uski's eta Ken Zazpi Portu Zaharreko karpan arituko dira zuzenean. Bukatzeko, igandean Juan Carlos Perezen kontzertua izango da, Bernardo Atxaga lagun duela.
Xiru jaialdia Zuberoan
Kultura arteko trukea egitea eta elkar aberastea du xede Xiru jaialdiak. Izan ere, Nafarroatik, Aragoitik, Portugaldik eta beste hainbat herritatik etorri izan da jendea Zuberoara lan egitera eta bizitzera. Hamazazpigarren aldiz, apirilaren 7tik 9ra ekitaldi andana izango da Gotaine, Iribarne eta Bildoze herrietan. Kültüren plaza 64130 ikusgarria eskainiko dute AEBetako Ronnie Lynn Patterson piano jotzaileak, Tokia antzerki taldeak, Amaren Alabak eta Beñat Axiari musikariek. Farid Berki eta Christophe Jean hip-hop dantzariek hiriko kultura eta mendikoa nahasiko dituzte. Bi kultura: Nola? Zergatik? Zergatik ez? mahai ingurua izango da. Eta gehiago.
Helduentzako ipuin kontaketa saioak
Ipuin kontaketak haurrentzako direla, horixe izaten da aurreiritzia, baina ipuin kontalari askok egiten dituzte helduentzako kontaketak. Dena den, aukera gutxi izaten da halako saioez gozatzeko. Apirilaren 6tik 9ra bitarte, zortzi ipuin kontalarik eskainiko dituzte saioak Munduko kontu kontalariak jaialdiaren baitan. Seigarren urtea da eta geroz eta herri gehiagotan egiten da. Aurtengoan Elorrio, Zornotza, Agurain, Bermeo, Durango, Elgeta, Markina eta Mungian izango dira kontaketak. Kontalariak, aldiz, Koldo Amestoi, Noemi Caballer (Katalunia) eta Espainiako Charo Pita, Felix Albo, Jaime de la Chana, Juan Arjona, Maricuela eta Matias Tarraga.
Gor diskoetxeak 15 urte
Iruñeko Gor diskoetxeak hamabost urte bete ditu. Ez da gutxi musika bizitzen ari den garai gogor hauetan. Webgunea (www.gordiscos.com) berritu dute eta bertatik zuzenean eros daitezke diskoak orain. Urteurrena ospatzeko, kontzertua antolatu dute apirilaren 8rako. Sök, Ezinean, Stupenda Jones, Leihotikan, Brigada Criminal, Kerobia, Chicarela, Lendakaris Muertos eta Skunk taldeek joko dute Iruñeko Artsaia aretoan.
Ostiela! aldizkariak agur esan digu
Berrogei zenbaki plazaratu ditu hamar urtetan Ostiela! aldizkariak. Eta agur esan du Ostiela! ateratzen duen lagun taldeak, aldizkaria ateratzeko zailtasunak bultzatuta. Dena den, ez dute betiko agur esan, agian nonbaitetik berriz azalduko direla adierazi dute.
Musika Eskolen II. Biltzarra
Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak Nazioarteko II. Biltzarra egingo du Bilboko Euskalduna jauregian, eskolen funtzio sozialaz eta pedagogikoaz, kudeaketaz eta musikak osasunarekin duen harremanaz hitz egiteko. Tailerrak eta hitzaldiak izango dira adituen eskutik, apirilaren 6tik 8ra.