Victor Hugo Marquez: «Emaitzarik gabe ez dago politikariarekin hitz egiterik»


2021eko uztailaren 28an
Hogeita bat urte zenituen moto-istripua izan zenuenean. Hanka bat galdu zenuen. Gaur egun, ziklista zara, olinpikoa, edo ‘paralinpikoa’, gizarte honek horrela izendatzea gaizki asmatu duenez.
Hogeita bat urte. 1989an gertatu zen. Istripua tragedia bat izan zen, baina poz handiak ekarri dizkio nire familiari. Handi egin naute, famatu. Neska-lagun batek esaten zidana: «Fama handiagoa daukat, dirua baino». Berdin esan dezaket nik. Kontua da orain hemen nagoela, nire historia kontatzeko moduan. Hamabost urte dira kirol-ibilbidea hasi nuenetik, eta zoragarria izan da: zailtasunak izan ditut, baina asko ikasi dut oztopoetatik ere. Hasieran dena zen frustrazioa. Dena zigorra iruditzen zitzaidan, bakarrik uzten nindutela, aterik ez zidatela zabaltzen… egun gogorrak izan ziren.

Hazi egin da istripu izan zuen Victor Hugo Marquez gazte hura.
Hanka neukanean ez nuen ezagutzen minusbalioa duen jendearen mundua. Bada esaera bat: «Inork ez daki zer daukan, galtzen duen arte». Alegia, ez dakigu zer den goseak egotea, goseak egon ez bagara. Jendeak ez daki zer den hotza, kale gorrian lo egin behar izan ez badu. Ez daki zer den giza sentimendua, senideren bat galdu ez badu. Ez daki zer den gaitz larria, seniderik izan ez badu gaixorik luzaro.

Dugun irakaslerik onena bizitza da, dio euskarazko poema batek.
Ados nago. Arbolak bezalakoak gara: jaio, hazi eta ugaldu egiten gara, fruitu ematen dugu. Baina nik esaten dudana: hain denbora gutxi ematen digu bizitzak »denbora gutxi, zoritxarrez», jabetzen garenerako berrogeita hamar urte ditugu, gauza asko egin nahi ditugu… baina astirik ez, ordea. Nik, hamar urtean egin ez nuena, eginahalean saiatuta ere, azken bostean egin dut. Eta, diot nik, ze poz nire herriarentzat, Venezuelarentzat, hasiera-hasieratik lagundu izan balidate nire bidean!

Behar besteko laguntzarik ez, diozu.
1991tik 1995era makulu gainean ibili nintzen korrika Venezuelan, maratoiak egiten eta jendeari ohar egiten: «Bagara! Gu ere bizi gara!». Eta gurpil-aulkia inguratu nahian, gainerako minusbaliatuek gurpil-aulkian korritzen zuten eta. Kanguru-lanak ere egin nituen hastapenean, itsuei lasterka laguntzen. Behin, argazki zoragarria egin ziguten, gu apenas konturatu gabe. Ni, beti, gu ere baginela aldarrika. 70 kilometroko ibilaldia egin nuen, Venezuelako errepiderik luzeenean, 4.000 metrotik gora, jendea ohartarazten, gauza asko egiteko gaitasuna genuela hots eginez. Errepide bakartuan balentriak egiteak ez zuela balio konturatu nintzenean, hiriburura joan nintzen, Caracasera.

Eta hiriburuan hobeto?
Esango dizut. Han, udalarentzat egin nuen lan, minusbaliatuentzako programa batean, baina hura ez zen atarramentua. Gogoan dut esan zidatela: «Hor ez zagok bada minusbaliatuentzako legea!». Bai, legea… ez alferrik! Tituluan bertan sailka gintuzten: «Ezgaituentzako legea». Horrelaxe zioen, bai, «ezgaituak»; ez minusbaliatuak ez ezer. Legeak berak ezgaitu gintuen. Horrela, nola bada? Legeak ez zuen bide luzea egin. Kaxan sartu zuten eta kito. Nik, hartu beste zenbait lagun eta Venezuela korritu nuen 115 egunetan. Neu nintzen taldeko lider. Ez nintzen ez psikologo eta ez psikiatra, baina denak zuzendu nituen. Hitzaldiak egin genituen eskola, lizeo, unibertsitate, kartzela, enpresa pribatu, alkatetza, gobernamendu, prentsa, irrati eta telebistetan. Denetan. Horixe izan zen gure lana 115 egun haietan. Zortzi lagun abiatu ginen, eta hiru iritsi. Beste minusbaliatu bat eta biok eta, gurekin batera, beste morroi bat, guri laguntzeko ardura zuena. Eta amaieran delako morroiari esan niona: «Egin duzu, baina gaizki. Asko geratu dira bidean. Denok egiten ditugu okerrak, ez gara perfektu, baina hobeto lan egin behar zenuen. Guk mezu bat generaman, hau ez da libertinajea edo denbora-pasa». Horrela, bateko eta besteko aldarria, ezagun egin nintzen. Eta, halako batean, Miss Unibertso hura ezagutu nuen, Irene Saez.

Miss Unibertso?
Bai. Irene Saez, Miss Unibertso 1981. Gero, Caracas alderdi bateko alkatesa izan zen, eta Venezuelako lehendakari-gai. Hura bai andrea, gaitasun handikoa, aparta. Udalarentzat egiten ari nintzen lan hura utzi eta banketxean hasi nintzen, diru kontaketan. Han, harreman estua izan nuen Irenerekin, eta asko lagundu ninduen. Maratoiak korritzen segitu nuen, eta biatloiak egiten hasi nintzen, eta triatloiak… Eta, aurrerago, protesi bila hasi nintzen, Ireneren laguntzarekin. AEBetan bilatu nuen protesia, eta harako bidaia-proiektua ere aurkeztu nion Ireneri. Hark bideratu zuen dena. Eta, egun batean, hots egin zidan: «Victor! Lortu diagu, dirua zeukaagu!». 14.000 dolar eman zizkidan Irenek. Baina AEBetara ailegatu nintzenean… protesia ez zen protesia.

Zer esan nahi duzu, «protesia ez zen protesia»?
Lehiaketa egiteko protesia behar nuen nik, ez arrunta.

Eta nola atera zinen ataka gaizto hartatik? AEBetan zinen ordurako.
Orduan ere, betiko Jainko hori izan nuen lagun. Gizon batek entrenatzen ikusi ninduen behin. Batzorde paraolinpiarreko kidea zen, eta Miamiko Unibertsitateko lan-mintegi bat aipatu zidan. «Etortzekoak dira txapeldun paraolinpikoak, 92an Bartzelonan lehiatu zirenak. Bizikletan nola ibili erakustaldia egitera datoz eta ziklistekin hitz egitera. Protesien abantailak ere aztertuko dituzte mintegian». Eta joan nintzen. Neu izan nintzen korri egin nuen bakarra! Kar, kar, kar! Eta nire historia kontatu nien. Ingelesik batere ez nekien, baina eskuez baliatu nintzen. Eta nire curriculuma erakutsi nien.

Lehenago erakutsi dizkidazun argazki eta egunkari zatiak?
Bai. Horiek inguratzen saiatu naiz beti. Eta amerikar haiek: «Nola liteke morroi hau joan deneko bost urtean makuluetan ibiltzea maratoiak egiten!». Hau ere galdetu zidaten: «Eta hire herriak ez al dik laguntzen?». «Ez, beste premia batzuk ditiztek. Ez ziek ardura!». Eta niri laguntzea erabaki zuten. Protesia egin zidaten. Berehalaxe erakutsiko dizut, motxilan ekarri dizut eta… Horrela hasi zen nire bidea. Handik egun batzuetara nazio mailako txapelketan parte hartu nuen, AEBetan. Eta hango emaitzen ondorioz, Venezuelaren izenean Sidneyra joateko sailkatzea lortu nuen, bai atletismoan eta bai ziklismoan.

AEBetan bakardadea da sentimendurik zabalduena. Zuk izan zenuen herrialde arrotzean zeinek lagundu.
Zaude! Behin, txartela hartu nuen Miamitik Filadelfiara joateko, ziklismo-jaialdi bat aitzakia. Sidneyko olinpiadetara joateko laguntza behar nuen: bizikletak eta materiala behar nituen… Emakume batek erosi zidan Filadelfiarako hegazkin-txartela. Izan zen gizon bat, ni Filadelfiara eramateko asmoa zuena; gero ezina gertatu zitzaion eta, orduan, nik, zerura begiratu eta «Jauna!, zurekin joan eta zurekin etorri!» esan eta joan nintzen Filadelfiara. Motxila hartu eta gatza! Ez nekien granorik ingelesez, baina heldu nintzen. 42 dolar neuzkan. 20, aireportutik hiri-erdialdera joaten gastatu nituen. Jaialdia zeneko lekura heldu, sartu, eta ez nuen ezer entenditzen. Ez nuen ezer lortu, lezio handi bat ikasi ez bada.

Zer ikasi zenuen, jakin baliteke?
Igande goizean goizago, plaza batean jarri nintzen, bularkiak eta saltxitxa haiek jaten. Benjamin Franklinen monumentua zegoen plaza hartan. Inguruan, Abraham Lincolnen oroitarria. Eta eskola etorri zitzaidan gogora. Nola, historia unibertsala ikasten genuenean Franklin eta Lincoln azaltzen zitzaizkigun. Eta, ni, Victor Hugo, haien omenezko plazan. Atera bularkiak eta saltxitxak, eta jaten hasi nintzen, Jaungoikoari eskerrak emanez: «Eskerrik asko, Jauna, hona ekartzeagatik, ingelesez hitz egiteko gaitasunik gabe, bakarrik… baina eskerrik asko hala ere!». Eta, momentu horretan, eskerroneko horretan, espiritua nire baitatik irten zen, eta neure burua ikusi nuen. Ez dakit jendeak sinesten duen, federik duen ala ez duen. Baina horixe bizi nuen: ez dakit izan zen eskerrona, edo neukan apurra ez mespretxatzea, nire lagunak eman zidan ogi-puskari eman nion balioak, edo Filadelfiara eraman ninduen erabakimenak, edo zer… baina arima barrutik kanpora irten zitzaidan eta neure burua ikusi nuen, bularkia eta saltxitxak jaten.

Bejondeizula.
Jendea oparo bizi da, abundantzian. Nik diot zaborrontzirako egiten duela janaria. Sukaldean egin, zer edo zer jan eta janari-hondar pila botatzen du zaborretara. Latinoamerikan ez, han jende asko bizi da behar gorrian. Gure amak erakutsi zidan sukaldean hasten dela ekonomia. Kar, kar, kar…

Zeure burua bularkia eta saltxitxa jaten ikustea, venezuelarra Filadelfian, Franklin eta Lincolnen inguruan…
Harrezkero, elizako jende askorekin hitz egin dut orduko hartaz, eta denek aitortzen didate: «Gutxik du ahalmen hori, gorputza eta arima bereiztekoa, baina zu horietako bat zara. Inork ez dizu erakutsi, zeuk ikasi duzu, zeure ustea sendoa delako». Nik badakit gehiago bizi naizela mundu espirituzkoan, materialean baino. Mundu materiala krudela da, latza. Kate galanta.

Pertsona bat giltzarri begitantzen zait zure ibilian: Vladimir Goloubev.
Entrenatzaile miresgarria. 2000n ezagutu nuen. Venezuelako txirrindulari-selekzioko entrenatzaile zen. Nik federazioko presidentearekin hitz egin nuen. Esan nion entrenatzailearen laguntza behar nuela. Ez nuela nahi bertako entrenatzailerik. Ez nuela haien lana gutxiesten, baina nazioa kanpoko tekniko bati ordaintzen ari bazen, bistan zela hark zituela ezagupenak. Eta Vladimir Goloubev-ekin jarri nintzen harremanetan. Zer nahi nuen galdetu zidan eta nik erantzun egin nion: «Txapelduna izan nahi dut. Badakit ahal dudana!». Eta lagundu zidan, bai horixe. Ordurako, hamargarren egina nengoen Sidneyn.

Sidneyra joan ahal izateko, maila eman beharko zenuen…
Bai. 98tik 2000ra, AEBetan nintzela, bertako latinoek lagundu zidaten: haiei esker joan ahal izan nintzen Sidneyra lehiatzera. Bi urte horietan, neure kasa eta bakarrik, ezingo nukeen. AEBetako latindar haiek lagunduta, bai. AEBetan lehiatu nintzen. Floridan, AEBetako txapelketa irabazi nuen, 1998an. Urte hartan bertan, Sidneyra joateko sailkatu nintzen, Colorado Spring’sen jokatu zen Munduko Txapelketan. Horiek eta beste lorpen batzuei esker joan nintzen Sidneyra.

Venezuelaren izenean, betiere.
Bai. Venezuelaren izenean, huraxe da eta nire herria. Sidneyra joan baino lehen, harrera egin zigun Chavez presidenteak. Esan zidan: «AEBetan bizi izan zara urte hauetan baina itzul zaitez Venezuelara, hauxe da zure aberria! Hemen behar zaitugu!». Eta nik: «Baina nola itzuliko naiz, presidente, hemen ez gaituzte eta aintzat hartzen. Errendimendu handiko zentroak ez digu kasurik egiten. Ez dago bekarik ez ezer. Bere burua zuritzeko daude bulego eta zerbitzuak, beste ezertarako ez. Mailarik ez dago hemen eta, aldiz, ni nagoen lekuan bai». Chavezek: «Ekarri Sidneytik dominaren bat!». «Ikusiko dugu hori. Domina, zorte kontua ere bada. Dena dela, domina irabazteko maila behar da, eta hemen ez dago». Eta Chavezek: «Eredu zarete gure aberriarentzat. Victor Hugo, zeu zaitut taldearen burua: zehaztu zeuen premiak, eta jakinarazi niri. Orain arteko okerrak zuzentzeko aginduko dut. Venezuela minusbaliatua! Minusbaliatuak gara gu denok! Ez dugu ezer egin zuen alde». Hark agindu bai, baina haren esanak beteko dituenik ez dago Venezuelan. Eta neure buruari esan niona: «Hemen, emaitzak behar ditiat. Emaitzarik gabe ez zagok politikariarekin hitz egiterik».

Han aurrera egiterik ez zenuelako etorri zinen hona, beraz.
Hamabost urte daramatzat bizikletan eta azken bost urtean jaso dut uzta, Vladimir Goloubevekin hasi nintzenetik. Zorionekoa ni! Maisu aparta izan zen. Errusiarra. Diziplinatuak dira, eta erruz entrenatzen dira. Eta, egiatan, helburuak lortzeko diziplinatua izan beharra dago. Gure lehenengo urtean, 2001ean, urrezko domina irabazi nuen Txekiako Europako Txapelketan. 2002an, Alemanian, bosgarren izan nintzen Munduko Txapelketan, baina bederatzi egun egin nituen bizikletarik gabe, iritsi zain. Eta, hala ere, bosgarren. 2003an, Txekiako Munduko Txapelketan, urrea. 2004an, hirugarren izan nintzen Atenasen. Karrera handienak dira horiek, jakina.

Bilbon zaitugu orain…
Ezin nuen Venezuelan segitu. Karrerak urri dira. Gainera, han, beti tar, tar, tar ari dira. Berriketa hutsa. Caracaseko alkatea prest da beti nire ondoan argazkia egiteko! «Laguntzen ari gara! Aurrera ari gara!». Eta, argazkian, alkatea, batetik, eta haren laguntzailea, bestetik; eta ni, laguntzailearen atzean, eskale banintz bezala. Azkenean, esan niona: «Faborez, ez. Herriaren kondekorazio handiena eman behar badidazue, emadazue behar bezala. Diruz lagundu behar badidazue, lagundu hilero diru-saria emanez. Nik ezin dut eskean ibili, ez daukat astirik. Egin behar dudana egin behar dut: bizikletan ibili, entrenatu, korritu. Txapelduna naiz, ala ez naiz?». Horixe esan nien.

Txapeldunaren curriculuma duzu, bistan da.
Baina hasiera-hasieran egin nituen urratsak egiten ari nintzela konturatu nintzen: «Nahikoa diat. Nik ez diat atzera egiteko asmorik. Karrera utzi behar baldin badiat, utzi egingo diat. Polita izan duk, baina kito. Errespetua zor zaidak eta horretan ez zioat inori barkatuko. Aurrera egingo diat nire karrerarekin behar den bezala, edo bertan behera utziko diat». Eta familiarekin hitz egin nuen, andre eta semeekin, eta esan nuen: «Banoa. Banoa. Banoa!». Eta Bilbora etorri nintzen, isilik etorri ere. Eta borrokan hasi nintzen. Hemen, bertako Saiatuz fundazioak laguntzen dit, asko! Eta Baque etxeko Maria andreak. Getxoko errendimendu handiko eskolan ere tekniko ikasten ari naiz, eta pozik nago. Venezuelan ez bezala da hemen.

Victor Hugo eta Miss Unibertso
«Miss Unibertsok berriz irribarre egiteko aukera eman zidan. Mediku bat ezagutu nuen haren bidez. Nire hortzak ikusi zituen, zeharo kaltetuta zeuden, eta esan zidan: ‘Irribarre egin dezaan lagunduko diat nik. Hori baino gehiago ere merezi duk hik!’. Eta harrezkero, zera esaten diot jendeari: ‘Hau ez da nire irribarrea, hau odontologo batek eman zidan irribarrea da’. Horrela izan da. Batak autoa eman dit, entrenatzera joan nendin. Besteak etxea utzi dit. Hori hunkigarria zait, ze laguntza horiek denak jarri bata bestearen ondoan katean, eta nire bihotzak krak! egiten du. Irudi luke altzairuzko gerlari garela, baina gizaki huts gara. Mendiaren bestaldera joan zer ote dugun ikustera… eta ez dugu ezer».

Bilbo-Andeak
«Saiatuz fundazioaren gonbita jasota etorri nintzen Bilbora. 2001ean bertako Biran parte hartu nuen eta orduantxe izan nintzen lehenbiziko aldiz hemen. Bilbo gustatu zitzaidan. Burgos, Iruñea, Galizia eta Madril ere ezagutzen nituen, baina denetan Bilbo gustatu zitzaidan gehien. Hiri industriala izana, biziberritzen ari zen erabat, ibaia garbitzeko proiektuak-eta. 'Ahal dudan neurrian, parte hartu nahi diat hiri honen biziberritze lanetan', esan nion neure buruari. Itxia omen zen hemengo jendea. Niri ez zait iruditzen. Gustatzen zait Bilbo. Hegazkinetik ikusten den ibarra. Dena mendi artean, nire jaioterrian bezala, Tovarren, Meridako estatuan, Andeetan».

Nortasun agiria
Victor Hugo Marquez (Tovar, Venezuela, 1966). Hogeita bat urte zituen moto-istripua gertatu zenean. Makuluen gainean hasi zen korrika. Atleta. Maratoiak egina da Kuban eta Puerto Ricon, baina New Yorkekoa du maiteen: «5 ordu, 20 minutu eta 22 segundo. Marka ezarri nuen». Ziklista txapelduna. Urrezko domina Txekiako Munduko Txapelketan (2003). Bosgarren, Munduko Txapelketan, Alemanian (2002). Olinpiadak ditu Sidney eta Atenas. Bosgarrena da munduko rankingean. Venezuelako presidentearen errekonozimendua jasoa du, eta Fair Play sariaren jabe da. Euskal Herrian da orain dela bi urtetik hona. Bilbon bizi da eta laguntzaileak ditu Saiatuz fundazioa, Baque etxea, eta Venezuelan duen familia: andrea eta bi semeak. Getxoko Errendimendu Handiko eta Kirol Teknifikazio Zentroan ari da ikasten. Pekingo Olinpiadetara begira ari da entrenatzen ziklista olinpiko eta txapelduna.

Gurpil-aulkian itzulipurdika
«1995ean, makuluak bazterrera utzi eta bizikletan hasi nintzen, Venezuela korritzen. Banituen lagunak. Baina ez ziren oso trebe bizikletan. Hirian sartzerakoan eta irteerakoan, jaitsarazi eta igoarazi egiten nituen, ibilgailuek errepidean hankaz gora botako ote zituzten beldur nintzen eta. Behin, itzulipurdika bota zuten nire lagunetako bat. Ehunka puntu eman zizkioten. Gurpil-aulkian zihoan, baina ez zekien behar bezala maneiatzen eta, behin, aldapa behera batean, kontrola galdu, errepidetik irten eta karro batek gainetik pasa zuen. Ez zuen hil, hala ere, eta gaitz erdi!».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Hanka bat galdu eta
hartaz beldurtzea,
izan daiteke justu
zena makurtzea.
Zuk gainditu zenuen
bidegurutzea
erakutsiz posible
dela itzultzea,
ate itxia zena
giltza bihurtzea


Azkenak
2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-10-17 | Hiruka .eus
Lan-esplotazioa eta sexu-erasoak egotzita atxilotutako pertsonen taberna margotu dute, Getxon

Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


Lanaldi murrizketaren aurka agertu da Carrefour, Ikea eta Eroski parte dituen banaketa-enpresen elkartea

Espainiako Lan ministro Yolanda Diazen proiektuaren aurka agertu da Banaketa Enpresa Handien Elkartea (Anged): "Joko-arauen aldaketa" ez du onartzen.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dute magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-16 | Leire Ibar
TikTokek bazekien neska nerabeak gizonezkoen aurrean diru truke biluzten zirela

TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker... [+]


2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


2024-10-16 | Iñaki Murua
On Ángel!

Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen,... [+]


Tlatelolcoko sarraskiaren aitortza

Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2a. Hilabete batzuk lehenago, ekainaren 22an abiatutako ikasle mugimenduak mitin bat antolatu zuen Hiru Kulturen Plazan, hiriko Nonoalco-Tlatelolco unitatean. Mexikoko ejertzitoak eta Batallón Olimpia talde paramilitarrak bildutako ikasleei... [+]


Merkatu librearen mitoa

Erdi Aroan Jaungoikoa jaun eta jabe zen bezala, garai modernotan merkatuaren eta bere lege zurrunen menpe bizi gara. Goi mailako soldata erraldoiak merkatuak zehazten omen ditu; izan ere, Iberdrola edo BBVAko CEO-en sariak beraien arloko merkatuek finkatzen omen dituzte, nahiz... [+]


Hezitopia dinagu zain

Tomas Mororen Utopia liburuko utopiarrek leitzea maite omen zuten. Hizkien bueltako hezkuntza onaren ondorioz, haurtzaroan hasi eta helduaroan ere aritzen ei ziren, inork manatu beharrik gabe, leitzen eta ikasten eta gehiago leitzen. Pentsa, aisialdia horretara emanak bizi zuten... [+]


2024-10-16 | Edu Zelaieta Anta
Bira osoa

Sandra Cisnerosek idatzitako The House on Mango Street mugaldeko liburuan pertsonaia baten txakurrak bi izen ditu: bat, espainolez; bat, ingelesez. Beharbada kontu harrigarria gerta liteke lehen begiratuan, baita liburu baterako ere, baina lasaiago pentsatuz gero ohartuko gara... [+]


Popuerzakoa

Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]


Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea... [+]


Eguneraketa berriak daude