argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Andres Nagelek Zazpika astekariari: «Museoak gaur egun parke tematikoak bezalakoak dira. Erakusketa erraldoiak egiten dira, izugarrizko kostua dutenak, ez dute edukirik eta eskatzen zaien gauza bakarra ikusgarriak izatea da, jendearen interesa erakartzeko. Telebistek bezala funtzionatzen dute: audientziaren diktaduraren menpe».

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak adierazpenok egin zizkion Ukri: «Iruditzen zait gero eta garrantzia txikiagoa duela militantziak kontsumitzaileen erosketa bulkadan. Besterik da, oraindik ere, sarri askotan, euskarazko produktuen errentagarritasun maila minimoetara iristeko, kontsumo euskaltzale-militante bat behar dela».

Maite Agirre aktore eta zuzendariak adierazpenok egin zizkion El Correori: «Instituzioek, profesionaltasunaren bila lan egiteko eskatu izan digute beti, eta guk ahal izan dugun guztia egin dugu. Egoera fiskala ere aldatu dugu profesionaltasun hori lortzeko asmoarekin. Baina, hainbeste lan egin eta gero, bapatean konturatzen zara instituzioek ez dutela ezertxo ere egin. Haien aldetik ez da pausu hori aurrera eraman, eta horrela oso zaila suertatzen da antzerki mundua behingoz profesionala izatea».

Iban Zaldua idazlea Beterriko Liburuan: «Poesiaren kontra baino gehiago poeten kontra nago. Alde batetik, poetek beren buruaren kontsiderazioa beharko luketenaren gainetik daukatelako eta gainera, etengabe transmititzen dutelako sentsazio hori. Garai batean poesia generorik gorena bazen ere, irudipena daukat gaur egun jadanik ez dela horrela, inolaz ere. Beste genero batzuk egokiagoak suertatzen direlako literatura egiteko orduan. Egokituagoak, ez dut esan nahi hobeak direnik».