argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 20a


EAEko Liburutegia lege proiektuan

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak EAEko Liburutegien lege proiektua onartu du. Adierazi dutenez, Kulturaren Euskal Planaren hausnarketak ditu oinarri. Hala, EAEko Liburutegi Sistema lankidetzan liburutegi zerbitzuak emateko prest diren erakundeekin osatu nahi dute. Lege proiektuak EAEko liburutegi nazionala sortzea arautzen du, euskal bibiliografiaren bilgune izateko xedez. Toki administrazioen menpe dauden liburutegi sareak batzeko Irakurketa Sare Publikoa sortuko dute. Halaber, Liburutegien Aholku Batzordea eratuko dute, besteak beste, Irakurketa Publikoko Mapa egin dezan. Proiektua Legebiltzarrera eramango dute orain.


Gipuzkoako Ondarearen Zentroa

Irunen zabalduko dute 2009an Gipuzkoako Ondarearen Zentroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.900.000 euroko inbertsioa egingo du, Lapitze auzoko pabiloi bat egokitzeko eta kultur ondarea gorde, zaharberritu eta zabaltzeko gune bilakatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkeologia, arte eta etnografia bildumak, San Telmo museoko bildumaren zati bat eta beste bilduma publiko eta pribatuetako obrak jasoko ditu. Besteak beste, arkeologia piezak, erlijio objektuak eta Greco, Rubens edota Nagelen artelanak. 7.385 metro koadroko eremua izango du, hiru solairutan banatuta. 2007ko hasiera aldera hasiko dituzte eraikuntza lanak, Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoen diseinua jarraituta. Ondarea gorde eta zaharberritzeaz gain, hura zabaldu nahi dutenez, bisitak egin ahal izango ditu jendeak.


Araban kultur politikarik ez dagoela dio Amarica plataformak

«Ekintzak antolatzen dira, baina ez da epe luzerako lerrorik». Amarica Plataformako Iñaki Larrinbe artistaren hitzak dira. Iaz arte eta kultur politika publikoak aztertzeko lan mahai batzuk antolatu zituzten eta haien ondorioak jakinarazi dituzte berriki. Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, EHU eta Vital Kutxa izan dituzte aztergai eta erakundeok artistengandik eta herritarrengandik geroz eta urrutiago daudela ondorioztatu dute, komunikaziorik ez dagoelako eta epe luzerako egitasmorik ez dagoelako. Amarica aretoaren itxiera zela-eta sortutako Amarica plataformak desegitea erabaki du, haiekiko sentiberatasun faltagaik hein batean.



X. Koreografia Erakusketa.

Hamar urte bete ditu dantza garaikidea sustatzeko eta zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak abiatutako Koreografia Erakusketak. Iaz sorkuntza diru laguntza jasotako hamar dantzarik hartuko dute parte apirilaren 8an Donostiako Gazteszenan egingo den hautaketa ekitaldian: Igor Calonge, Estitxu Campos, Olatz de Andres, Cecilia de Madrazo, Marian Gerrikabeitia, Helena Golab, Leire Ituarte, Myriam Perez, Eider Rodriguez eta Nerea Urbieta. Aukeratutako dantzariek maiatzean emanaldiak eskainiko dituzte Barakaldon, Gasteizen eta Donostian.


EKEren bloga, kultur ereduez gogoeta egiteko

Euskal Kultur Erakundeak hartu beharreko kultur ereduaren gaineko gogoeta abiatu du eta horretarako www.gogoeta.com bloga zabaldu du. Izan ere, euskal kulturaren erronkez hausnar dezan eta epe ertainera ekintza batzuk propasatzea eskatu diote Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak, Euskal Herria 2020 egitasmorako. Blogak apirilaren 20a bitarte jasoko ditu ekarpenak.


Pirinioetako trikitientzako kantak bilduta

Aragoiko, Okzitaniako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko kantu eta dantzarik adierazgarrienak, herri bakoitzetik 15 partitura, jaso ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Pirinés. Pirinèus. Pirineus. Pirinioak liburuan. Trikitiarekin jotzeko kantak dira guztiak eta haien letrak aragoarrez, okzitanoz, katalanez, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakur daitezke.