argia.eus
INPRIMATU
Egunkaria kasua, hiru urte geroago
2021eko uztailaren 16a
Hemengo komunikabide bateko kazetariak joan ziren, orain dela denbora bat, Rodriguez Zapatero presidenteari elkarrizketa egitera. Galderen artean Euskaldunon Egunkaria kasuari buruz itaundu zioten. Presidentea, harrituta. Elkarrizketaren ondorengo solasaldi lasaian kazetariei galdetu zien ea zertara zetozen Egunkariari buruzkoak, bere aholkulariek ez ziotela balizko aztergaien artean aipatu ere egin.

Hemengo kazetariek kasuaren berezitasunak azaldu zizkioten eta presidenteak guztiari buruz ezjakinaren jarrera ageri zuen. Alegia, ez bakarrik Egunkaria kasua ez dagoela presidentearen agendan, baizik eta Egunkaria kasurik, kasu berezi bezala, ez dagoela Espainiako presidentearentzat.

Euskal Herritik Madrilera distantzia handia dago. Batzuentzat historiaren kontrakoa emango balu ere, gero eta handiagoa.

Donostian izan ziren aurrekaririk gabeko manifestazio erraldoiek, Egunkariaren aurkako operazioak hemen ekarri zuen aztoramendu kultural, sozial, politiko eta instituzionala, Franco hil ondorengo garaietatik parerik gabea, ez dago Euskal Herritik kanpoko memorian, beraz agendetan.

Hemen bertan ere, duela asko gertatuta bezala hartzen da, edonola ere gainditutakoa. Agian horregatik ekarri nahi izan dute ARGIAkoek gaia harira, operazio haren hirugarren urteurrena bete berria den honetan, otsailaren 20an hain zuzen ere.

Zuzen ginen Egunkaria kasuko prozesatuok aurreikusten genuenean metropolikoentzat kolonietako arazo bat gehiago, besterik ez ginela. Gizakioi txingurriekin gertatzen zaigun bezala, arazo horien multzoan bereizi ezineko bat gehiago besterik ez ginela. Euskal Herrian lortzen genituen elkartasun adierazpen aparten berri Madrilera, hango epaitegi eta erabakiguneetara, ez zirela iristen ustean zuzen ginen.

Zuzen ginen, eta gure ahaleginak Madrilen kokatzen saiatu gara. Baina ez dirudi, oraingoz bederen, nahikoa izan denik. Madrilera joan ginen, Estatuko Diputatuen Kongresura bertara. Bi aldiz joan ginen. Bigarrenean, 2005eko urriaren 19an, hirurogeita bi diputatu eta senadorek Egunkaria kasua sobreseitu eta ixteko eskari publikoa egin zuten. Horien artean ETAk jardun armatuari utziko balio elkarrizketa prozesu bat irekitzeko Rodriguez Zapateroren proposamenari Parlamentuan "bai" esan zioten alderdi politiko guzti-guztiak zeuden ordezkatuta. Ekimen horiek ez dute, ordea, oraingoz oihartzun eragingarririk lortu.

Artean, hemen gaude, 18/98 sumarioaren ibilbide surrealistari beha.

Ez dakit inork etekinik atera diezaiokeen Madrilgo Casa del Campon burutzen ari den espektakulu politikoari. Ez behintzat demokrazian homologatua gurako lukeen sistemak. Ezta, batez ere, kasuan kateatu dituzten euskal herritarrek. Moncloatik begiratuta ere, deserosoa izan behar du, gutxienez, han gertatzen ari dena.

Baina hor dirau. Eta 18/98 bezala gero etorriko dira espektakulu guztiak, errenkadan, bata bestearen ondoren, Egunkaria kasua bera ere bai, garaia iristen zaionean. Artean, hori bai, rutina politiko eta judizialaren gurpil gero eta astunagoari, gero eta gera ezinagoari, norbaitek bidean ezpala jartzen ez badio. Eta rutina ezin da hautsi rutinatik kanpoko ekimenik gabe.

Gure kasua epaia burutzera iritsi gabe bertan behera geratuko dela entzuten dugu maiz, beti ere ETAren balizko jardun armatuaren amaieraren ondoren. Espekulazioek, fundamentu gutxiago edo gehiagoz eginda ere, denentzako balio dezakete, zuzenean nahastuta gaudenontzat izan ezik. Guk ezin ditugu itxaropenak espekulazioetan oinarritu.

Bestalde, beste epaitegi batzuetan ere badu lekua Egunkaria kasuak, ez da mugatzen Entzutegi Nazionalera. Tortura salaketak epaitegi arruntetan jarraitzen dituzte. Horietako bat, Martxelo Otamendirena, Auzitegi Konstituzionalean dago, gainerako ibilbide guztia fundamentuzko jaramonik jaso gabe itxi eta Martxelok aurkeztutako helegitea ikusi zain. Beste guztien kasuak, Xabier Alegria, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta neurea epaitegi desberdinetan daude, Madrilen eta Donostian, une prozesal desberdinetan. Ezaugarri komuna dute denek: Epaileek oinarrizko tramiteak bete nahi dituzte, NBEk ezarritako baldintzak betetzen dituztela itxura emateko, erakunde honek urtero ateratzen duen txostenean Espainiako Erreinua berriro salatu ez dezaten, baina inolako ikerpen taxuzkorik egin gabe.

Hiru urte geroago, horixe da kasuaren egoera.