argia.eus
INPRIMATU
Arzalluz, Pujana, Elkoro eta Jauregi
2021eko uztailaren 19a
Iragarria zegoen, eta bai. Iritsi da udaberria. Eta martxoaren azken aurreko astearen zain geundela, negu akabera mamitsua eduki dugu Durangoko Plateruenean. Nondik Gatoz, Non Egongo Gara izenburupean, ziklo interesgarria gertatu da Xabier Amurizak gidatu duena, Xabier Arzalluz, Juan Jose Pujana, Jose Luis Elkoro eta Ramon Jauregi elkarrizketatuz, hurrenez hurren.

Hasteko, jubilatuaren patxadaz agertu zitzaigun Arzalluz, jertse beigea jantzita eta berbarako gogoz. Trantsizio garaian EAJ-PNVk egin zezakeen bakarra egin zuela defendatu zuen, jeltzaleen jomuga harantzago ipiniz betiere. Gaurko egoeraz eta otsaileko zurrumurru-giroan, informazio iturri moduan lagunak aipatuz, zerbait badatorrela ziurtatu zuen, eta zerbait hori zetorrenerako, abertzaleen batasuna aldarrikatu zuen, Kataluniako Estatutuaren afera adibide, Madrilen aurrean indartsu jokatzeko. Bere alderdiaren egungo buruzagitza bide horretan ikusten duen galdetzean, nahiago izan zuen Ibarretxe planaz hitz egin. Egungo Europan armak gailentzerik ezinezkotzat jo zuen gero; ez ETAk Estatua makurtzerik, ez Estatuak tankeekin euskaldunen borondatea galarazterik. Euskal gatazkaren erro historikoak azpimarratzea ere nahi izan zuen, eta etorkizunari buruz, berriz, alderdi abertzaleak bi izango direla eta abertzaletasunak oro har gora egingo duela iragartzera ausartu zen.

Gorbataz jantzirik egin zigun bisita Pujanak, betaurrekoak lepotik zintzilik zituela, eta paper eta liburu batzuk eskuetan. Espainiako Erregea Gernikako Juntetxera etorri zenean berak Eusko Legebiltzarreko lehendakari lez ekitaldi hura instituzionalki defendatu zuela argudiatu zuen, parean Amuriza zuela: «Zuek Eusko Gudariak kantatu zenduen, eta bale, ondo!» esanez. EAJ eta EAren arteko banaketa, funtsean, erregionalismoa eta independentismoaren artekoa izan zela esan zigun, eta gaurko egunera etorriz, berak informazio zuzenik ez izanik ere, baietz erantzun zuen. Begi-bistakoa zela zerbait laster gertatuko zela. Bazebiltzala zerbaitetan. Baina artean otsaila zen, eta su etenik barik, ez zela beste aurrerapausorik izango iritzi zion. Ez euskaldunen artean eta gutxiago Madrilen. Etorkizun horri begira, birkokatze orokorra eta indar korrelazio berriak iragarri zituen; ez bakarrik abertzaleen artean, baita alderdi espainiarzale eta alderdi abertzaleen arteko bozka trasbaseak ere.

Asteko hiru egun Entzutegi Nazionalean eman eta gero etorri zitzaigun Elkoro, alkandoraren gainetik 18/98+ kamiseta erantzi berri zuela. 1976an, artean alderdirik ez zegoela, Bergarako alkate bezala, foruen berreskuratzea aldarrikatzeko gidatu zuen udaletxeen mugimenduaren berri eman zigun, Martin Villarekin, Adolfo Suarezekin eta Tejero berarekin izandako elkarrizketak barne. Xibertan eta Telesforo Monzonen babesean frankismo osteko lehendabiziko hauteskundeen aurrean indar abertzale guztiak bat eginik agertzeko saioak zelan porrot egin zuen azaldu zigun, minez. Egungo egoeraz esperantza handiz hitz egin zuen, alderdien mahaia oso aurreratua dagoela, eta, izenik ez zuela emango garbi utzi arren, nazioarteko fede-emaileak ere lotuta daudela ziurtatuz. Baina su etena eman arte, esan zigun, jeltzaleak eta sozialistak ez ziren mahaian eseriko. Etorkizunari begira, indar abertzaleen gorakada aurreikusi zuen honek ere, arlo sindikala jarriz adibide, eta ezker abertzalea lehen indar izaterainoko itxaropena agertuz. Letorkizun horretan, ez zuen baztertu ezelako gobernu osaketarik.

Jertse granatez jantzirik eta oso politikari azaldu zitzaigun Jauregi. Euskeraz egin zuen hasieran, etorkizunean, horretan ere akordiorako gaitasuna izango dugun esperantzaz. Gaurko egoeraren aurrean baikor agertu zen: «Esta vez todo parece diferente», baina eszeptikotasuna ere defendatu zuen... «porque yo lo he visto todo y nos han engañado muchas veces». Sistema judizialari buruz galdetuta, epaileek garaian garaiko testuinguruaren arabera jokatu behar luketela iradoki zuen, Aznarren agintealdian nagusitutako jokabideak oraindik indarrean dirauela aditzera emanez. Espainiako Gobernua noticiaren zain zegoela esan zigun gero, notizia hori zelan eta zeri baldintzatuta ematen zen zelako benetako gakoa. ETA gelditzean zertaz hitz egingo den galdetuta, bizikidetza eta abar aipatu zituen, eta apur bat sakatuta, proiektu guztien gauzatzeko posibilitatea eta EAE erabaki subjektutzat onartzera iritsi zen. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria tartean sartzeari eta autodeterminazioari uko egin zien, halere, eta prozesu dinamiko zeritzon bat defendatu zuen. Etorkizunean, hautesleek bakearen alde egiten dutenak sarituko dituela iragarri zuen, alderdi abertzaleen eta espainolisten arteko trasbaserik gertagarritzat jo gabe, eta EAJren ordezko izan litekeen bestelako gobernu akordioren bat, gaur gaurkoz, zientzia fikzioa dela esanez.

Iritsi da, bai, udaberria. Eta iritsiko da uda, udazkena, negua, eta, udaberria berriz. Badirudi gauza batean behintzat ados gaudela ia denok. Konponbidea luzea eta zaila izango da, ze, ailegatu da noticia, baina benetako berria iritsiko bada, zerbait baino gehiago beharko dugu.