Balizko errotak ez du alea ehotzen ezta balizko sukaldeak mahaia eratzen ere. Gurea bezalako prozesu politiko baten hasiera luzea izateaz gain ezkutukoa ere izatea normala da, neurri handi batean behinik behin. Eta, beraz, herritar xumeak unean uneko argibide iturri zuzenik ez izatea ere normala izan daiteke, neurri batean. Kontua da, honelakoetan politikarien esanak baino ez ditugula erreferente, haienganako dugun konfiantzaren edo mesfidantzaren araberako erreferente beti ere, baina horrek ez du inolaz ere prozesuan interes handia duten herritarren jakinmina asetzen. Beraz, batzuetan inpresioak baino ez zaizkigu geratzen, ikusiak, entzunak eta irakurriak, nahasian, emandako inpresioak. Eta hauen gainean sustatzen dugu geure gogoeta politikoa, oker ari ote garen jakitera ere iritsi gabe.
Azken asteotan sukaldeko sutegi ondoan omen diren batzuen esanak irakurri ditut. Batasunako bozeramaileak honelaxe zioen: "prozesua perspektibarekin neurtu behar da", zuhaitzek ez diezagutela basoa ezkutatu, esatea legez. Eta ni horren alde nago. GBBko lehendakari jelkideak honelaxe: "Euskal Herriaren ezagutza eta erabakitzeko gaitasuna. Hortik behera egiten den guztia iruzurra izango da". Eta ni, baietz, horretan naizela ere, jakina. Eta politikari askoren ahoan da gaurkoa une oso egokia dela, 2006 oso inportantea dela prozesurako, datozen urteetako hauteskundeen atarikoa delako. Hango eta hemengo sozialisten ahoan ere. Esaera zaharrak dioen modura «Hala bada hala biz, eta hala ez bada ora pro nobis». Baina zelan ulertu perspektibatik azken boladan izandako gertaera adierazgarriak, horietariko batzuetan erantzule nagusia EAJ bera izanda? Zelan ulertu sozialista omen direnen baikortasuna horra ez daramaten gertaeren abiapuntu eurek izanda? Basoa ez dezatela zuhaitzek ezkutatu, bai, konforme, baina zuhaitzek egiten dute basoa, ez beste ezerk.
Alde batetik, gobernu zentralaren bultzada politikoaz hartutako erabaki judizialak daude: BECeko ekitaldiaren debekua, 18/98 eta honen moduko makro-epaiketak, ezker abertzalearen buruen aurkako espetxerainoko jazarpena, eta, batez ere, espetxe-politika bera eta politika honen era askotako ondorio latzak. Beste batetik, eskubide zibil eta politikoen kontuan indarra etengabe ahotik doakion Eusko Jaurlaritzaren bultzada politikoaz hartutako erabaki polizialak daude, Ertzaintzaren sarri askotako oldartzea dakartenak, aginduak agindu, besteen hilkutxek aztoratu egingo balituzte bezala. Eta bestetik, gertaeren munduan ere, erakunde armatuaren aho biko, edo hiruko jarduna, propio dituzten irizpideen araberakoa. Perspektibaz ikusten saiatuta ere, zeintzuk dira zuhaitzak eta non da basoa? Balizko sukaldean konfidantzazkoak ditudanek jakingo balute gaitz erdi, baina kanpotik behintzat nahikoa lan badut basoa eta zuhaitzak desberdintzen!
Itxaropen seinale eta baso egile izan daitezkeenak izan badira. Esaterako, BECeko debekuaren aurrean edota 18/98ren inguruan izandako erantzun askotarikoak, filtrazioz filtrazio ezagutu den alderdi batzuetako emakumeen elkarlan politikoa, Europako Legebiltzarkide batzuek hemengo gatazka gertutik segitzeko osatu duten taldea, Oinarrizko Akordio Demokratikorako etengabeko jarduna, Udalbiltzaren inguruan izan daitezkeenak... Horietan guztietan biodibertsitate politikoa da oinarria, eta gure panorama politiko zatikatuan funtsezko elementua da hori, baso komuna gauzatze bidean. Zelan uztartu seinale positibo hauek lehengo negatiboekin? Zeinek pisu gehiago prozesuaren norabidean? Ba hori, perspektibaz ulertu beharko!
Dena dela, gaurko panorama politikoan mingarrien gertatzen zaidana, are gehiago azken gertaerak bero egonda, espetxe-politikaren aurkako erantzun plural eza da. Dispertsio inguruko jarrera da, nire ustez, prozesu politikoak duen egoeraren termometro egokia, indar abertzaleek prozesuan egindako apustuaren adierazlea, behinik behin. Erantzun horretan etengabeko ekimen eraginkor pluralik ez izatea lotsagarria iruditzen zait, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta sindikatu nagusi batzuetara lotsagarri. Inpresioak inpresio diot, beti ere.
Mahai politikoarena ere askoren ahoan da, autodeterminazio eskubideari ez eta beto eskubideari bai dioten sozialisten ahoan ere. Zuhaitz larregi basora sartu aurretik. Baina sozialistak ez dira bakarrak ezker abertzalea mahaira indarge heltzeko ahaleginetan. Jelkide buru batzuk ere jo eta ke ari dira horretan, joko zikina eta guzti, ustelkeriaren salaketa barne, prozesu luze honetatik atera litekeen baso berria Gernikako arbola ihartua klonatuz gauzatu nahian. Gauzak horrela, martxoaren bigarren asteko garta-denborek datozen hiru hilabeteko eguraldi politikoaren adierazle izan badira perspektiba asko beharko da aurrerantzean basoa ikusteko. Bitartean, biodibertsitatean oinarri duten ekimenak eta erantzunak dira niretzat baso bakarra, zuhaitzetatik harantzago.