Urtarrilaren eta Bide Eginez prozesuaren amaiera zen eta airean zegoen Batasunak BECen egin ahal izango zuen kongresuaren amaiera. Badakigu ezin izan zuela, eta ezin izan horrek interpretazio askorako tartea eman zuela, baina gogoan izatekoa da orduan, PP ezik gainerako indar politiko guztiak eta haien buruzagiak agertu zirela kongresua egitearen alde, baita Zapatero presidentea bera ere. Publikoan ikusten dugun eszenatokiari begira, Grande Marlaska epaileak jarri zuen egoera bere lekuan, eta harrezkero, agian kongresua egiteraino iritsi zitezkeen buruzagiak espetxean edo espetxerako bidean dira. Zer gertatu da bi hilabeteren buruan tamainako jauzia eman dadin? PSOEk bere estrategia gogortu du -Parot doktrina lekuko adierazgarriena-; ETAk atentatuak ugaritu eta zerga iraultzailearen eskaera areagotu ei du; EAJk ere -nagusiki Ertzaintzaren eskutik- bere jarrera gogortu du; eta su-etenaren zain, Batasunari negoziazio politikorako eskema batean, jardun politikorako ahalmena murriztu zaio. Tartean, bi presoren heriotzak aipatutako tenkatze horien guztien areagotzea ekarri du. Urak elkarrizketa eta negoziazioaren ubide nagusira itzultzen ari bide dira eta ez dirudi Batasuneko buruzagien espetxeratzeek hori saihestuko dutenik, baina ikusi beharko da indar agerpen hauen ondoren sukaldegintzako elkarrizketak nola berregituratzen diren. Arnaldo Otegiren espetxeratze saihestezina dirudiena izango ote da oztopo ziklo gogor honen amaiera?