argia.eus
INPRIMATU
Juan Diaz de Garaio, nekazari eta psicokiller
2021eko uztailaren 19a
Juan Diaz de Garaño Ruiz de Argandoña Egilatzen jaio zen 1821eko urriaren 16an. Arabako Lautadako hainbat herritan -Agurain, Alaiza, Izartza, Okariz eta Añua- jardun zuen laborari eta morroi lanetan. Bere «bestelako» lanak ere inguru horretan burutu zituen Sakamantekasek.

1870eko udaberrian burutu zuen lehen hilketa. Prostituta zahar bat izan zen biktima eta estrangulazioz hil ondoren, gorpua bortxatu eta labanaz sabela ireki zion. Hurrengo urteko udaberrian gauza bera egin zuen beste adineko prostituta batekin. Hurrengo bi krimenak 1872ko abuztuan izan ziren, elkarren segidan. Hirugarrena 13 urteko neskatoa izan zen eta laugarrena, berriro ere prostituta, baina aurrekoak baino gazteagoa. 1873 eta 1874an bi saiakera egin omen zituen baina, kasu hauetan, biktimek -beste prostituta bat eta eskale bat- ihes egitea lortu zuten. Urte batzuk pasako ziren Diaz de Garaiok bere helburu makurra berriro lortu arte. Ofizialki behintzat. Izan ere, badira leporatu zitzaizkion baino hilketa gehiago egin zituela pentsatzen dutenak. Lau aldiz ezkondu zen Garaio eta hiru aldiz alargundu. Emazteak erraztasun harrigarriz hil zitzaizkion, baina ez zuen inork frogatu ahal izan heriotza horietan senarrak zerikusi zuzenik izan zuenik. 1878 eta 1879an, berriro, Sakamantekasen bi saiakerak alferrikakoak izan ziren, baina urte horretako irailean bosgarrena erori zen eta handik bi egunera seigarren eta azkena. Biak inguruko nekazari gazte eta sasoikoak ziren eta hauekin Garaiok bere sadismoa muturrera eraman zuen gorpuak mutilatuz.

Ordurako Arabako Lautadan beldurra errotuta zegoen eta Sakamantekasen mitoak Arabako lurrak gainditu zituen berehala. Hiltzailea bilatzeko ahaleginak ere gero eta handiagoak ziren. Baina azkenean kasualitateak eramango zuen Diaz de Garaio justiziaren aurrera. Egilaztarra baserri berri batean sartu zen morroi eta inoiz ikusi ez zuen haur batek hatzarekin seinalatu eta «Hori aurpegia! Sakamantekas ematen du!» bota omen zuen. Garaio atxilotu zuten orduan eta, polizien harridurarako, atxilotuak bere krimen ilunak aitortu zituen. Gasteizko Polborinean garrotez hil zuten 1880an.

Garaiko kronikoek diotenez, Garaiok «Neanderthalen kaskezur eta kopeta du, masailezurra ohikoa baino handiagoa eta aurpegian asimetria ugari dauka». Lombrossok bere L'uomo delinquente liburuan deskribatu zuen kriminalaren profila zuen -gaur egun, noski, Lombrossoren teoriek ez dute baliorik, ezaugarri fisikoek ez baitute jarrera kriminalean zerikusirik-. Bere garuna 10 forensek aztertu zuten hil ondoren Gasteizen eta Madrilen. Ondorioetan bat egin zuten denek: Garaio ez zegoen eroa, bere erabakiak erabat kontzienteki hartu zituen.