argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 27a

Jesus Altuna arkeologoak Aranzadi zientzia elkartearen Urrezko Domina jaso du, historiaurreari buruz egindako ikerketa oparoengatik eta Munibe arkeologia eta antropologia aldizkarian egindako lanagatik.

Hamaika Bide elkarteak Eduardo Ugarte. Por las rutas del teatro (Eduardo Ugarte. Antzerkiaren bideetatik) liburua plazaratu du, Saturraran argitaletxearen eskutik. Ugarte (Hondarribia, 1900 - Mexiko, 1955) La Barraca antzerki talde ibiltariko kide izan zen eta Federico García Lorca eta Luis Buñuelekin egin zuen lan. Iñaki Azkaratek eta Mari Karmen Gil Fombellidak idatzi dute liburua.

Salvatore Tutti ezizena duen Xuban Intxausti artista lasartearra Etatregua egitasmoa prestatzen ari da. Bartzelonan bizi den artista hainbat euskal hiritan etatregua lelodun kamisetak saltzen jarri da bideokamera eskuan duela. Jendearen erreakzioa grabatzen ari da (erosteko eta janzteko prest dauden, zein jarrera duten...) eta irudiokin dokumentala osatuko du.

Enrike Zelaia soinujolearen gaineko liburua idatzi du Javier Ramosek euskaraz eta gaztelaniaz: Enrike Zelaia. Infernuko Hauspoa. (Símbolo de la transición política en Euskal Herria). Zelaiaren musika ibilibideaz gain, haren biografia eta hainbat partitura bildu ditu liburuan.

Rafa Ruedak bigarren bakarkako diskoa plazaratuko du martxoaren amaieran: Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak). Broken Bihotz eta PiLT taldeetan ibilitako musikariak pop kutsuko hamar abesti grabatu ditu.